Elkarrekin Podemosen lehendakarigaia

Miren Gorrotxategi: «Argi daukagu EAJ ezin dela gobernuan izan»

Gorrotxategi ezkerreko alternatiba gisa aurkeztu da bozetara, ez baita fio EH Bilduk eta PSE-EEk EAJrekiko duten jarreraz.

Iosu Alberdi.
Durango
2024ko apirilaren 12a
05:00
Entzun

ETB1eko hautagaien arteko eztabaidaren biharamunean jaso du Miren Gorrotxategi (Abadiño, Bizkaia, 1967) Elkarrekin Podemosen lehendakarigaiak BERRIA. Debatean egindako lanarekin gustura azaldu da, eta azken asteari heltzeko prest.

Astebete falta da kanpaina bukatzeko, eta, inkesten arabera, zuen borroka legebiltzarrean sartu edo ez izango da.

EITB Focusi begiratu izan diot, gurekin gehien asmatzen duena delako, eta bertan emaitza onargarri bat ikusten zen; talde parlamentarioa osatzeko modukoa. CISen ere antzeman dute gure joera goranzkoa dela. Gainera, inkestek gero lortzen duguna baino gutxiago eman ohi digute. Uste dut emaitzak onak izango direla, talde parlamentarioa izango dugula.

Damutzen zarete Sumarrekin gertatu denaz?

Ez naiz damutzen. Zergatik? Egin daitekeen guztia egin dugulako batera joateko. Sumarren akats larria da batera ez joatea. Badakigu batuta ez joateak zigortuko gaituela, eta oso penatuta gaude, baina egin genuen ahal genuen guztia. Alde horretatik, lasai nago. 

Etxebizitza. Zer hartu politika publikoen oinarri gisa: jabetza edo alokairua?

Biak dira zilegi, baina diru publikoa sartzen denean jendeari etxebizitza eskuratzen laguntzeko, logikoa da politika publikoak, ez bakarrik baina bai batez ere, zentzuzko alokairuak lortzera bideratzea. Bizitzak aurrera egitean, bakoitzak nahi badu eta aukera badu etxebizitza bat erosteko, eros dezala. Baina badaukagu arazo bat: ez dagoela nahikoa etxerik zentzuzko prezio batean alokatu edo erosteko; garestiegiak dira. Beharrezkoa da etxebizitza parke publikoa zabaltzea eta merkatuan eskua sartzea.

«Osakidetzaren gainbeheraren zergatia ez da herri akordiorik ez egotea. Arazoa zera da, egin den politika publikoa negargarria dela».

EAJk kritikatu du etxebizitzak erosteagatik dauden kenkariak indargabetu nahi izatea. Zuek ere halakorik adierazi duzue programan. 

Gaur daukagun eskeman kenkari horiek badute zentzurik, baina horizontetzat hartu behar dugun etxebizitza ereduan ez lukete lekurik izan beharko. 

Beste gai bat Osakidetza da. Eztabaidan, Pradalesek «herri akordio bat» egiteko deia egin zizuen. Posible da halakorik?

Herri akordio entzuten dudanean pozten naiz, nahitaezkoak baitira. Baina, Osakidetzaren gainbeheraren zergatia ez da herri akordiorik ez egotea. Arazoa zera da, egin den politika publikoa negargarria dela; planifikaziorik eta aurreikuspenik gabekoa, pribatizatzearen aldekoa... Hori ez da herri akordio falta, baizik eta oso kontziente egindako politika bat. Orain, damututa dago EAJ? Beharko luke, baina orain arte egindako politika orokorreko eztabaidetan autokritika gutxi egin izan du. Eta politika publikoak gobernutik egiten dira, ez hauteskunde kanpainan.

Urdaibaiko Guggenheimen inguruan galdetu zenien gainerakoei debatean. Ez zenuen erantzunik jaso.

Harrigarria da. Ez dut ulertzen. Bakarrik utzi gintuzten eskola publikoaren aldeko eta segregazioaren aurkako borrokan, eta bakarrik utzi gaituzte oraingoan ere. Nola liteke kalera ez ateratzea astakeria hau geldiarazteko. Daukagun biosfera erreserba bakarra da, eta zaindu egin behar dugu. Eta ez dago behar kultural edo ekonomikorik. 

«Otxandiano jaunak esan zuen elkarguneak aurkitu behar direla, baina hori gauza bat da eta beste bat gobernua osatzea».

Zuen kanpainako ardatzetako bat da ezkerreko hautuarena. Debatean, talka gehien PSE-EEko Eneko Anduezarekin izan zenituen. Ezkerreko aukera gisa ikusten duzue?

Bai, nik ez dut hori zalantzan jartzen. Alderdi Sozialista ezkerreko alderdi bat da. Beste kontu bat da ezkerrari botoak eskatzea eskuineko gobernuak babesteko izan dela. Baina ez bakarrik Alderdi Sozialista. EH Bildu ere ezkerreko alderdi bat da, baina ezkerreko botoak nahi ditu eskuineko gobernu bat mantentzeko. Otxandiano jaunak esan zuen elkarguneak aurkitu behar direla, baina hori gauza bat da eta beste bat gobernua osatzea. 

Gehiengo ezkertiarra izan, bada, baina gehiengo abertzalea ere bai. Nola heldu autogobernuaren auziari?

Nik neure burua abertzale nahi dut aldarrikatu. Hain naiz abertzale, ezin bainaiz nazionalista sentitu. Hori azpimarratuta, autogobernuaren kutxa horretan sartzen da alde identitario horri ere erantzun bat ematea. Eta, horretarako, ezberdinen artean elkarguneak lortu behar ditugu. Nazio estatuen garaia atzean geratu zen; globalizazioaren garaian horrelakorik ez da existitzen. 

Lantaldea nondik abiatu? EH Bilduk abiapuntu bat proposatu du; PSE-EEk, beste bat. 

Zubi lana egin beharko da. Iraganak eta motxilek oraindik gehiegizko pisua dute gure herrian. Ulergarria da, bizi izan dugun egoera oso latza izan baita eta zauriak utzi baititu. Gizartea, baina, beste leku batean dago, eta poliki-poliki alderdi politikoak ere horretara joan behar dute. 

Eta apirilaren 22an, zer?

Gure esperantza da gizarteak merezi duen ezkerreko gobernu bat edukitzea. Horretarako, guk oso argi daukagu EAJ ezin dela gobernuan izan. Eskumako alderdi bat baita, balio neoliberalak bere gobernu ekintzara eramaten dituena. Gainontzekoekin, ikusi beharko da zein diren emaitzak eta gehiengoak. Gure botoak beti izango dira ezkerreko gobernu bat eratzearen aldekoak. 

 

Motzean

Badakizu nola duen izena zure familia medikuak? Ez, aldatu egiten delako asko.
Zein duzu etxeko hizkuntza? Eta lanekoa? Euskara. Euskara eta erdara.
Inoiz lapurretarik egin dizute? Bai, behin, sakelakoa.
Beldurrik izan duzu inoiz gauez etxerako bidean? Askotan, gehiegitan.
Zaintza lanik egitea egokitu zaizu? Bai, bi seme dauzkat.
Etxea zurea duzu edo alokatua? Jabetzan.
Zer auto duzu? Diesel txiki bat.
Terrazetan erretzea debekatu behar da? Debekatzen badute, niri minik ez didate egingo.
Gutxieneko soldata gehigarria jarri behar du Jaurlaritzak? Bai, gaurkotu eta eguneratu egin beharko litzateke.
Internetez erosten duzu? Zer erosi duzu azkena? Gutxitan. Edalontzi batzuk.
Sakelakoak debekatu behar dira eskoletan? Debekatu baino gehiago, arautu egin behar da erabilera.
Zinema ala plataformak? Zinema, baina plataformak erabilgarriak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.