Ezbeharra

Argentinako Gobernuak hiltzat eman ditu Iker Bilbao eta Amaia Agirre alpinistak

Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez, bi alpinisten heriotzak «medikoki ziurtatu» dituzte, eta «heriotza agiria» sinatu dute.

Cerro Torre eta Fitz Roy mendiak, Patagonian. JOSE RAMON AGIRRE 'MARRON'
Julen Aperribai.
2023ko urtarrilaren 23a
12:20
Entzun

Argentinako Gobernuak «medikoki ziurtatu» ditu Iker Bilbao eta Amaia Agirre euskal mendizaleen heriotzak, Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi duenez. Bilboko Euskalduna jauregian Deia egunkariak antolatutako jardunaldi batean eman du berria Urkulluk. Azaldu duenez, Jaurlaritzak Argentinan duen ordezkaritzaren eta Espainiako Gobernuak Argentinan duen enbaxadaren bidez jakin du hiltzat eman dituztela bi mendizaleak.

Heriotza agiria sinatu dutela zehaztu du, eta orain Argentinako enbaxadari dagokiola «dagozkion izapideak» egitea. Halaber, doluminak eman dizkie Bilbaoren eta Agirreren sendiei, baita euskal mendizaleei eta Euskal Mendizale Federazioari ere.

Herenegun, El Chaltengo Sorospen Batzordeak jakinarazi zuen bi mendizaleak erreskatatzeko lanak bertan behera utzi zituztela. Batzordearen arabera, bi mendizaleak ez zeuden «desagertuta»: 48 ordu zeramatzaten arrail batean «lurperatuta». Azaldu zuenez, haien gorpuak bilatzeak «arrisku oso handian» jarriko luke erreskate taldea, eta horregatik eman zute amaitutzat operazioa.

Ostegunetik zeuden desagertuta Bilbao eta Agirre, Argentina eta Txile arteko mugan. Fitz Roy mendia eskalatu ostean izan zuten ezbeharra, mendiko glaziarrean: elur jausi batek harrapatu zituen mendizaleak. Berez hiru zihoazen soka batean —denak ere halako igoeretan arituak—; Linaza onik irten zen ezbeharretik. Hori dela eta, El Chaltenera (Santa Cruz, Argentina) jaitsi ahal izan zen abisua ematera.

El Chaltengo Sorospen Batzordeak zehaztu zuenez, arraila 100 metro luze da, zortzi metro zabal, eta hamabost metro sakon, baina, hala ere, ez dakite zenbateko hondoa duen arrailaren azpialdeko elurrezko «tapoiak». Azaldu zuenez, mendizaleak erreskatatzeko, arrailaren barruan arakatu beharko litzateke hainbat orduz, eta horrek arrisku handia du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.