Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Soziolinguistika Klusterrak egindako kaleko erabileraren neurketak argazki orokor bat utzi du: oro har, herri euskaldunenetako kaleetan euskararen erabilera 2017an zegoenaren oso antzekoa da. Xehetasunei erreparatzen hasita, baina, ikus daiteke arnasguneetan ere egoera ez dela homogeneoa, aldeak daudela herri batetik bestera, eta herrietako bilakaera ere ez dela berdina kasu guztietan.
93 udalerritan egin da euskararen kaleko erabileraren neurketa: Uemako kide diren 87 udalerritan, eta Tolosaldeko beste seitan. Uemako kide diren arren, Bizkaiko Areatzan, Izurtzan eta Mañarian, Gipuzkoako Altzagan, Beizaman eta Orion, eta Nafarroa Garaiko Areson eta Basaburuan ezin izan da neurketarik egin arazo teknikoak tarteko.
Beste zenbait udalerritan, berriz, harago joan dira eta, tokian tokiko udalak eskatuta, azterketa berezia egin dute, egoera soziolinguistikoa hobeto ezagutzeko. Hala egin dute, esaterako, Bizkaiko Bermeon eta Larrabetzun; Gipuzkoako Anoetan, Antzuolan, Azpeitian, Deban, Oiartzunen, Oñatin, Usurbilen, Villabona-Amasan, Zarautzen eta Zumaian; eta Nafarroa Garaiko Arbizun eta Etxarri Aranatzen. Herri horietan, emaitzak xeheago aztertzeko aukera izango dute.
Olatz Altuna Zumeta Soziolinguistika Klusterreko ikerlaria da, eta Euskal Herriko kaleko neurketaren zuzendaria: «Arnasguneetan, euskaldunen eta euskara etxetik jaso ez dutenen proportzioak behera egin du, arrazoi soziodemografikoengatik. Gehienak herri txikiak izanda, halako gorabeherek eragin handia dute. Bestalde, erdaren interferentzia ere geroz eta handiagoa da: oso erraz mugitzen gara batetik bestera, ikus-entzunezko erdaldunak oso indartsuak dira, eta gaur egungo mundu digitalak ez du mugarik».
Horrek guztiak ekarri du arnasguneetan euskararen erabilerak behera egitea, eta, Altunak dioenez, joera hori lehenagotik dator: «Euskal Herriko kale neurketak erakusten du 2016ko erabilera 2011koa baino apalagoa izan zela, eta etxeko erabilerak ere joera bera izan du. Oraingo Uemako neurketak erabileraren beheranzko joera hori berretsi egin du». Herri txikiak dira gehienak, baina garrantzi handikoak, «euskarak horietan baitu ahal handiena».
Herri handietan, gora
Arnasgune ez diren Uemako herrietan, berriz, erabilerak gora egin du, eta, Altunak nabarmentzen duenez, horrek badu garrantzia, herri handiagoak direlako eta, kasu askotan, eskualde buruak: «Uemakoak ez diren ezaugarri bereko beste herrietan zer gertatzen den ikustea interesgarria izango da. Euskal Herriko neurketan jakingo dugu hori».
Bereziki, Tolosaren kasuak eman dio Altunari atentzioa, euskararen erabilerak igoera etengabea izan baitu azken urteetan: «Landa eta hiri eremuen elkargune izanda, eskualde buru hain markatua, merezi du ondo aztertzea eta jarraipena egitea».
Herriz herriko azterketa egiteko orduan, ezinbestekoa da tokiko errealitatea ondo ezagutzea: «Arreta jarri behar da hirigintzan izandako aldaketetan, ea urbanizazio berririk eraiki den eta horrek biztanleen fluxurik ekarri duen, jarduera sozioekonomikoek nolako bilakaera izan duten, merkataritza gune handi berririk baden, turismoak nolako presentzia duen... Faktore horiek denek eragin nabarmena dute herritarren hizkuntza praktikan».
Euskal Herriko neurketaren datuen bilketa egina dago, eta orain datuen analisiarekin ari dira buru-belarri. Emaitzak maiatzaren bukaera aldera jakinaraziko dituzte.