Zelai Nikolas Naziometroa: termometro eta iparrorratz mahai inguruaren moderatzaileak galdera argi bat egin zien atzo hiru hizlariei: «Nola lor daiteke erreferendum adostu bat?». Eta Roberto Uriarte UP Unidas Podemoseko diputatuak erantzun zion «formula magikorik» ez dagoela horretarako. Telesforo Monzon Laborategiak eta Parte hartuz Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa taldeak ondutako Naziometroa burujabetzari buruzko barometroaren emaitza nagusietako bat da, bederen, hiru euskal herritarretik bik uste dutela beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea izan beharko luketela (%63). Hori da Euskal herriko zazpi lurraldeak aintzat hartuta ateratako «argazkia», Arkaitz Fullaondo ikerketaren batzorde zientifikokoko kidearen hitzetan. Floren Aoiz Sorturen Iratzar fundazioaren zuzendariak sei hilabetez behin egin asmo den inkestaren «garrantzia» nabarmendu zuen, baina uste du argazkia «tentu handiz»interpretatu behar dela. Xabier Barandiaran EAJren EBB Euskadi Buru Batzarreko kidea areago joan zen bere hausnarketan: «Adierazten denaren, pentsatzen denaren, eta egiten denaren arteko distantzia geroz eta handiagoa da atomizatutako gizarte postmoderno batean».
Uriarteren ustez, aurren-aurrenik zehaztu behar da erabakitzeko eskubidea zer den. «Denontzat esanahi bera dauka? Zer berdintasun eta zein ezberdintasun daude erabakitzeko eskubidearen eta autodeterminazioaren artean? Zein da subjektua?». Iruditzen zaio kontzeptuak «argitu» behar direla. Barandiaran ados agertu zen Uriartek planteatutakoarekin, bestela «nahasmena» sor daiteke eta; pentsatzen du, dena den, hori nahasmen hori «interesatua» dela. «Erabakitzeko eskubidea, zentzu politikoan, autodeterminazio eskubidearekin parekatu behar da», azaldu zuen EAJkoak.
Barometroak naziogintzaren ikuspegitik adierazten duena azpimarratu zuen Aoizek: «Naziogintzaren ikuspegitik badago taupada historiko bat indartsu dagoena; oinarriak badaude naziogintzaren eraikuntzan». Barandiaranek, ordea, ez du hain argi ikusten, iruditzen baitzaio «abertzaletasunak eta aberrigintzak» behera egin dutela Euskal Herrian: «Erabakitzeko eskubidearen inguruko inkestetan agertzen dira errealitate batzuk, baina gero, praktikan, asko kostatzen da horiek dekodifikatzea».
UPko diputatuarentzat, «zubi lanak» egingo dituzten pertsonak behar dira, «tribuen hitz egiteko moduak» itzultze aldera. Halere, errealitateari begiratu, eta ez du «erraz» ikusten erreferendum adostu bat egitea: «Nola lor daiteke erreferendum adostu bat, parlamentuan ez bagara ados jartzen gutxienekoetan...».
Eskoziako adibidea aipatu zuen Nikolasek, Eusko Legebiltzarreko legelariak: 2014an bat egin zuten Erresuma Batuko Gobernuarekin adostuz, eta Eskoziako Gobernua beste bat planteatzekotan da. «Alde batetik», gustatzen zaio, bai, Aoizi. Baina zehaztapen bat egin zuen, lurraldetasunaren auziari erreparatuz: «Eskozia mapan non hasten den eta non bukatzen den, ez dago zalantzarik. Euskal Herria zer den ez dago kontsentsuatuta».
Pandemiak eragindako abaguneari begiratu, eta «erronkak» mahai gainean jarri zituen Barandiaranek: «Gure naziogintza ez bada digitalizatzen, ez badugu herri estrategia bat komunikazioan, ez dugu zer eginik».
Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAk burujabetzari eta erabakitzeko eskubideari buruz antolatutako hitzaldi zikloko aurrenekoa izan zen atzokoa. Martxoaren 17an izango da hurrengo hitzaldia: Hizkuntza eta politika. Normalizazioa helburu.
Argazkia interpretatuz
Burujabetzari buruzko barometroak emandakoaz mintzatu dira Floren Aoiz, Xabier Barandiaran eta Roberto Uriarte, Hamaika Gara egitasmoak eta BERRIAk antolatutako hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu