Argazki bat euskal herritarren birusei

Euskal herritarrek zer birus adenoelkarturen kontrako antigorputzak dituzten aztertu du CIC Bioguneko ikerketa talde batek, gene terapia eraginkorragoak garatu ahal izateko. Gene osasuntsuak garraiatzeko baliatzen dira birus horiek.

2 motako birus adenoelkartuaren irudia. JAZZLW / WIKIMEDIA
2 motako birus adenoelkartuaren irudia. JAZZLW / WIKIMEDIA
jakes goikoetxea
2024ko abuztuaren 25a
05:00
Entzun

Gaitz bat eragiten duen akats bat gene batean. Gene horren bertsio osasuntsu bat, laborategian sortua. Gene osasuntsua birus batean sartu, eta birusa gaixoaren gorputzean; gaitza dagoen gorputzeko atalera bideratu; gene zuzena integratu; beharrezko proteina ekoizten hasi, eta kito. Hala azalduta, prozesuak sinplea dirudi, oztoporik eta zailtasunik gabea, baina oso korapilatsua da.

Gene terapiaren aukeretako bat da, betiere gaitza gene bakar baten mutazioak edo akatsak eragiten duenean, gaixotasun monogenikoetan. Gaur egun erabiltzen ari dira hemofilia, erretinako gaitz batzuk eta gaixotasun arraro deitutako batzuk tratatzeko.

Birus adenoelkartuak erabiltzen dituzte gene osasuntsua garraiatzeko, bektore gisa. Gene terapian, birusen kutsatzeko gaitasuna baliatzen dute, baina gaitz bat kutsatu beharrean, material genetiko terapeutikoa kutsatzen dute. Birus adenoelkartuen mota bakoitza zelula mota ezberdinetarako erabiltzen da, motaren arabera hobeto sartzen baitira zelula batzuetan besteetan baino.

«Birus adenoelkartuak ikertzean berezitasun hori ikusi zuten: kutxa txikiak direla, laborategian ekoitz daitezkeela eta genoma jakin bat biltegiratu dezaketela», azaldu du Nicola Abresciak. Ikerbasque irakaslea eta CIC Bioguneko Birusen Egitura eta Zelula Biologia taldeko burua da.

Birus sinpleak dira birus adenoelkartuak. Gizakiek gorputzean dituzte, baina, berez, ez dute gaitzik eragiten, kaltegabeak dira. Birus bizkarroiak dira, eta beste birus bat behar dute giza gorputzean sartzeko, erreplikatzeko eta kutsatzeko, hau da, infekzioa eragiteko: adenobirus bat edo herpesbirus bat.

«Birus adenoelkartuak ikertzean, berezitasun hori ikusi zuten: kutxa txikiak direla, laborategian ekoitz daitezkeela eta genoma jakin bat biltegiratu dezaketela»

NICOLA ABRESCIAIkerbasque irakaslea eta CIC Bioguneko ikertzailea

Birus adenoelkartu mota bat baino gehiago daude. Herrialde bateko populazioan birus adenoelkartu batzuk besteak baino ohikoagoak dira, herrialde horretako biztanleen historiaren, populazio nahasketen eta abarren arabera.

Birus adenoelkartuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako prebalentzia, hau da, birus horiek dituztenen proportzioa aztertu du CIC Biogune biozientzien ikerketa zentroko talde batek, ehun herritarren plasma laginetan oinarrituta. Abresciak zuzendu du ikerketa, eta Nature aldizkariaren Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute.

Ikerketa hori lagungarria da gene terapia eraginkorrak garatzeko orduan euskal herritarren berezitasunak aintzat hartzeko. Izan ere, gene terapia horiek, bektoreek, aurre egin behar diote gaixoaren beraren immunitate sistemari, antigorputz neutralizatzaileei. Horrek mugatu egin dezake gene terapiaren eraginkortasuna: birus adenoelkartu baten kontrako zenbat eta antigorputz gehiago, orduan eta zailtasun gehiago izango ditu gene terapiak.

Jakinez gero herrialde batean zer birus adenoelkartu diren nagusi, aukera izaten da gene terapiak egokitzeko eta, hala, hobeki funtzionarazteko. CIC Bioguneko taldeak ondorioztatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3 motako birus adenoelkartua dela ugariena, eta 9 motakoa urriena. Herritarren erdiek baino gutxiagok dituzte 4, 6 eta 9 motako birus adenoelkartuen kontrako antigorputzak.

Birus adenoelkartu bakoitzak erantzun immune bat jasotzen du, kontrako antigorputz jakin batzuk ditu. CIC Bioguneko ikerketak taldeak, hain zuzen, ez ditu laginetako birus adenoelkartuak neurtu. «Birusak amu gisa baliatu ditugu, ikusteko jende talde horrek birus adenoelkartuen kontrako zer antigorputz dituen», zehaztu du Abresciak. 

3 motakoa nagusi

Ikusi dute pertsona gehienek dituztela 3 motako birus adenoelkartuaren kontrako antigorputzak. Horrek esan nahi du gehienek pasatu dutela birus mota horren infekzio bat. Beraz, horrek esan nahi ote du baldin eta euskal herritarrentzat gene terapiaren bat garatu beharko balitz 3 motako birus adenoelkartua baztertu egin beharko litzatekeela bektore gisa?

«Ondorio hori oso zuzena da: ñabardurak egin behar dira», erantzun du Abresciak. «Gene terapia erabiltzen denean, ez da erabiltzen populazio zabal batekin. Norbaitek gaixotasun arraro edo monogeniko bat baldin badu, haren soslaia egiten da, ikusteko zer antigorputz dituen, zer serotiporen [mikroorganismo infekziosoa] kontra... Terapia pertsonalizatu egiten da, pazientearen arabera egokitu. Zehaztasun terapia bat da gene terapia».

Alegia, gauza bat da ikuspegi orokorra, eta beste bat ikuspegi klinikoa. «Laborategi batek euskal herritarrentzako birus adenoelkartuak ikertu nahiko balitu, nik ez nuke lan egingo 3 motako birus adenoelkartuarekin, 9 motakoarekin baizik», Abresciaren iritziz. Aukera gehiago baitaude herritarrek haren antigorputzak ez izateko. Euskal Herrian bada birus adenoelkartuak ekoizten dituen enpresa bat.

CIC Biogunek aldi jakin bateko argazkia atera du, baina argazkia aldatuz joaten da. Horregatik, jarraipena egitea eta seroprebalentziaren argazkia hamar urtetik behin berritzea proposatu du Abresciak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.