Herenegun Arga ibaian, Barañain parean (Nafarroa), hilda aurkitu zuten emakumea itota hil zela uste dute ikertzaileek, «beste pertsonaren baten esku hartzerik gabe». Hala adierazi diote Efe agentziari. Ikertzaileen iritziz, orain arte aztertutako frogek erakusten dutenez, ez zen deliturik izan haren heriotzan. Hala ere, ikerketa zabalik dago oraindik.
Emakumearen gorpuak soinean zituen jantziak bat datoz Gabriela Reyesenekin, abenduan desagertutako emakumearenekin. Dena den, oraindik ez dute baieztatu hildakoa bera denik. Espainiako Poliziak esan zuenez, «zoritxarrez», zantzu guztiek erakusten zuten haren gorpua zela; abenduaren 7an desagertu zen Reyes, Sanduzelain. Hala ere, probak egin behar zizkioten nortasuna argitzeko. Reyes desagertu zen lekutik hiru bat kilometrora aurkitu zuten gorpua.
Sanduzelaiko Sare Feministak eta Sanduzelaiko Emakumeak taldeak kontzentrazio bat antolatu dute biharko, 13:00etan, O-ko parkean, Gabriela Reyesen alde.