Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak kontrako irizpena eman dio Barakaldoko Argalario mendian parke eoliko bat eraikitzeko proiektuari. Belgikako enpresa batek duela bi urte aurkeztu zuen proposamena: guztira, bost haize errota jarri nahi dituzte mendi tontorrean. Errota bakoitza 91 metro garai izanen da, eta palak mutur batetik bestera neurtuta, 57 metro zabal. Diputazioko teknikarien arabera, ordea, proiektuak eragin «kritikoa» izanen luke ingurumenean, eta «bateraezina» izanen litzateke «biodibertsitatea zaintzearekin».
Diputazioak azaldu duenez, inguru horretan haize errotak eraikitzeak kalte eginen lieke zenbait animalia espezieri, eta, zehazki, arrisku larrian jarriko luke sai zuria. Espezie hori galzorian da, eta hamar batek habia egin ohi dute Argalarion.
Orain dela bi urte jarri zuten mahai gainean parke eolikoa eraikitzeko proiektua, eta, Bizkaiko Foru Aldundiaz gain, kontra agertu dira Barakaldoko Udala, herriko bizilagun elkarteak eta talde ekologistak. Hala ere, diputazioaren iritzia ez da loteslea auzi horretan, eta azken erabakia Eusko Jaurlaritzaren esku egonen da.