Memoria historikoa

Argako uhandreak

Osasuna Memoria taldeak Iruñeko Club Natacion kirol elkarteko zenbait kidek 1936ko kolpe militarraren ondorioz sufritu zuten errepresioa jorratu du. Errepublikazaleak ziren, eta gizartea eraldatzen saiatu ziren, kirolaren bidez. Haietako bat zen Isidro Sarasate; tximinia batean ezkutatu zen.

Emakumeak, Iruñeko Club Natacionen igeri egiteko prest. LUCIA FAMILIA
edurne elizondo
2022ko abenduaren 9a
15:22
Entzun

«Guk ez genekien ia deus, orain arte». Mikel Armendarizenak dira hitzak, eta Benigna Sarasate bere amatxi zenak Isidro eta Jose anaiak babesteko egindakoaz ari da: tximinia batean ezkutatu zituen, frankistei ihes egin ziezaieten. Biak salbatu zituen.

Armendarizek Iruñeko Caparrosoko errotako tabernan oroitu ditu bere familiaren iraganeko kontuak; oroitu baino gehiago, Osasuna Memoria taldeko kideek egindako ikerketari esker jakin duenaren berri eman du. Taberna horren ondoan dago Iruñeko Club Natacion kirol elkartea, eta han da ere, oraindik zutik eta tente, Sarasate anaien ezkutaleku bilakatutako tximinia. Irati konpainiak eraikitako zentralaren parte zen tximinia hori.

Sarasate-Arraiza anai-arrebak Artozkin sortu ziren, baina aitaren heriotzak Iruñera mugitu zuen familia. Josefa Arraizak eta bere seme-alabek hiriburuko kale Nagusian aurkitu zuten aterpe, lehendabizi, eta handik mugitu ziren Caparrosoko errotara, 1931n. Irati konpainiarentzat lan egiten zuen familiak, eta lantokia etxe bilakatu zuten: Jose, anaia zaharrena, argiketaria zen, eta zentraleko arduradun; Isidro igeltsero aritzen zen, Juan anaiarekin, eta Benignak, berriz, etxean egiten zuen lan.

Irati konpainiak eta Iruñeko Udalak utzitako lurretan sortu zuten Club Natacion elkartea, Sarasate-Arraiza familia errotara mugitu zen urte berean. Argako ibaiertza gaztez betetzen zen garai hartan, igeriketarako zaletasunak bultzatuta. «Pobreen igerilekua zen ibaia; 1915ean, Kamerundik etorritako alemaniar batzuk Argan aritu ziren jauziak egiten, eta haur eta gazte iruindarren artean gora egin zuen alemaniar haiek bezala aritzeko gogoak. Iruñean, debekatuta zegoen igeri egitea, garaiko agintarientzat alprojen kontu bat zelako», azaldu du Osasuna Memoria taldeko ikerlari Mikel Huartek. Sarasate-Arraiza familiako kideak Club Natacion elkarteko bazkideak ziren, eta Jose, gainera, atezain lanetan aritu zen.

Argako uhandre erraten zieten Caparrosoko errotaren inguru hartan ibiltzen ziren gazte haiei, eta 1931n, Club Natacion elkartea sortzeko prozesuan parte hartu zuten haietako anitzek. «Errepublikazaleak ziren; bazuten gauzak aldatzeko gogoa, eta, ondorioz, 1936ko kolpe militarra gertatu zenean, frankistek gogor egin zuten haien kontra», erantsi du Huartek.

Andoni Sarasateren esaldia

«Hor ezkutatu zen nire osaba, 1936ko gerra hasi zenean». Esaldi hori Isidro Sarasateren iloba Andoni Sarasatek erran zuen, Iruñeko Club Natacion elkartean bertan, 1980ko hamarkadaren hasieran. Mus partida batean aipatu zuen Sarasatek osabari buruzko pasadizo hori. Partida hartan zen Andres Montiel, baina duela berrogei urte entzundakoa ahaztua izan du, orain arte. Txalapartak iaz argitaratutako Y el tiempo se detuvo liburuak piztu du Montielen memoria. Natalio Cayuelaren berri ematen du lan horrek; Osasunako presidente izan zen, eta 1936an hil zuten, Santiago anaiarekin batera. Cayuela Iruñeko autobus geltokiko erlojuan ezkutatu zen, frankistei ihes egiten saiatzeko. «Erlojuaren istorioa entzun zuenean, Andoni Sarasatek errandakoa gogoratu zuen Montielek, eta hark kontatu zigunaren arrastoari jarraituz izan dugu Isidro Sarasateren berri», erran du Mikel Huartek.

Club Natacion kirol elkartea / Lucia familia

Osasuna Memoriako ikerlariek erdigunean jarri duten informazioak osatu egin ditu Mikel Armendarizek etxean entzundako istorioak. Armendarizen ama Isabel Barnetxearen ama zen Benigna Sarasate. «Caparrosoko zentraleko etxearen eta tximiniaren historia gure amaren familiaren historia da. Gure amatxi zena hemen bizi izan zen, gure ama ere bai, bai eta ni ere, jaio eta 3 urte inguru bete arte». Orduko oroitzapenik ez du Armendarizek, baina beti eutsi dio Arga ondoko etxebizitzarekin eta tximiniarekin familiak izan duen loturari.

Isidro eta Jose Sarasateren ezkutalekuari buruz, Benigna haien arrebak erraten zuena oroitu du Armendarizek: «Erraten zigun errotaren ondoko etxebizitzako eskaileren azpian ezkutatu behar izan zituela Isidro eta Jose bere nebak, 1936ko gerra hasi zenean».

Sarasate-Arraiza familiaren etxebizitza izandakoa jada ez dago zutik. Eskaileren arrastorik, beraz, ez dago; Armendarizek orain jakin du, halere, etxebizitzako eskaileren azpiko sarbideak tximiniarekin lotzen zuela eraikina. Amatxik ez zion gertatu zen guztiaren berri kontatu bilobari. Izan ere, frankistak Isidro eta Jose Sarasateren bila joan zirenean, Benigna arrebak hitzik ere ez zuen erran haien ezkutalekuari buruz, eta, ondorioz, frankistek Benigna eraman zuten preso. «Gure amak kontatu zigun hori, gero».

Isidro Sarasate CNTko kidea zen; Iruñetik ihes egitea lortu zuen, eta «gerra frontera» joan zela azaldu du Mikel Armendarizek. Frantziako Estatura ihes egin zuen gero, eta Gurseko (Okzitania) kontzentrazio esparruan egon zen. «1950eko hamarkadan Iruñera itzuli zen, eta Irati konpainiaren zentralean lanean segitu zuen». Sarasatek eutsi zion Club Natacion elkartearekin zuen harremanari, baina Armendarizek nabarmendu du sufritutako errepresioaz ez zuela hitz egiten.

Labriten, tiroz

Errepresioak gogor jo zuen Club Natacion. 1936ko uztailaren 19an, tiroz hartu zituzten Argatik atera eta Labrit aldapan gora egin zuten gazteak. Haietako bat izan zen Angel Relojero; 1978an, Jose Maria Jimeno Juriori kontatu zion egun hartan gertatu zena: «Gaiarreren atzeko aldean, metraileta bat zuten; 30 gazte inguruko talde bat ikusi zuten, eta tiro egiten hasi ziren; gora egin zuten tiro, gure gainetik entzuten baikenuen balen hotsa».

Club Natacion elkarteko bertze zenbait kide Bartzelonan ziren kolpe militarra gertatu zenean. Uztailaren 19ko tiro arteko giroak trenetik jaitsi bezain pronto harrapatu zituen. «Herri Olinpiadak antolatu zituzten Bartzelonan, eta Club Natacioneko talde bat parte hartzera joan zen», oroitu du Mikel Huartek. Haietako bat zen Xabier de Frutos. Club Natacioneko presidente izan zen. Madril defendatzen hil zuten, 1936ko azaroan. Familiak ezin izan zuen haren gorpua etxeratu.

Bartzelonara joan zirenen artean egon zen Baldomero Baron ere. Baron izan zen Clun Natacion sortu zutenetako bat. Espainiako II. Errepublikaren alde egin zuen frontean. Gurseko kontzentrazio esparruan egon eta gero, Frantziara erbesteratzea lortu zuen.

Club Natacion eta Caparrosoko errota, 1932. urte inguruan / Lucia familia

Enrique Astiz ez zen Bartzelonara joan; ezin izan zion errepresioari ihes egin. Abokatua zen lanbidez, eta haren ardura izan zen Club Natacioneko araudia idaztea eta erregistratzea. Elkartea sortzeko bileran ere parte hartu zuen. Igeriketarekin ez ezik, futbolarekin ere bazuen lotura estua: Osasunako zuzendaritzako kide izan zen, Natalio Cayuela presidente izan zen garaian, eta taldea Espainiako Lehen Mailara igo zenean.

Alfredo Quiroga Astizek errepresioa sufritu zuten Osasunako kideei egindako omenaldi batean izan zuen Enrique Astiz bere senidearen berri, hain zuzen ere. «Ez genekien deus gure etxean. Omenaldi hartan, Astizen izena aipatu zutenean, inor ez zen agertu. Gure familiakoa ote zen pentsatzen hasi, eta Mikel Huarterekin jarri nintzen harremanetan», kontatu du Quiroga Astizek. Aurkitutako hari mutur horri tira egin zioten, eta puzzlea osatzeko piezak aurkitu dituzte, azkenean.

Enrique Astiz Izquierda Republicanako kidea izan zen, eta Ezkabako presoak defendatu zituen. Ez dago argi noiz atxilotu zuten, baina ikerketek agerian utzi dute 1936ko abuztuaren 8an fusilatu zutela, Erreniegan.

Alfredo Quiroga Astizek memoria egiteko beharra nabarmendu du; ezagutzeko beharra, alegia. Asmo horrekin eginen zuten joan den ostiralean hitzaldi bat, hain zuzen ere. Osasuna Memoria taldeak antolatu zuen, Club Natacionen memoria jorratzeko egindako ikerketaren berri emateko. Mikel Huartek parte hartu zuen, Baldomero Baronen biloba Elur Baronekin eta Xabier de Frutosen biloba Ion de la Rivarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.