Xuban Nafarrate. Ertzaintzaren oldarraldi batean larri zauritua

«Aresen jarrera harroputzak eta odol hotzak min egin digu»

Polonian ikasketak egiten ari dela jakin du Xuban Nafarratek Gasteizko epaitegiak bertan behera utzi duela familiak Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa; Justiziaren lehentasuna «agintariak babestea» dela salatu du gazteak.

BERRIA.
Anakoz Amenabar.
2013ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Gasteizko epaitegiaren arabera, iazko martxoaren 29ko greba orokorrean Xuban Nafarratek izan zituen zauriak ez zituen eragin Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilotakada batek. Hasierako bertsioari eutsi, eta prozesua «mantso eta ilun» joan dela salatu du Nafarratek. Poloniatik, posta elektronikoz, erantzun die BERRIAren galderei.

Bigarren Instrukzio epaitegiak artxibatu egin du Ertzaintzaren aurka jarritako salaketa. Nola jaso zenuen albistea? Espero zenuen halakorik?

Hasieran, harriturik jaso nuen. Ez halakorik espero ez nuelako, epailearen erabakiaren berri jakiteko moduagatik baizik. Goizean, esnatutakoan, euskal prentsa irakurri ohi dut, eta opari bat zekarkidan goiz hartan. Segituan, aitari deitu nion, ea hark zer zekien jakiteko. Apenas zuen informaziorik. Ez genuen Justiziaren aldetik askorik espero, baina beti da mingarria. Prozesua, oro har,mantso eta ilun joan da, eta epaileak azkenekoraino itxaron zuen bere erabakiaren berri emateko.

Artxibatu ez ezik, desobedientzia delitua leporatu ere egiten dizute.

Bagenekien hori ere gertatuko zela. Izan ere, pilotakada jaso nuen lehen unetik desordena publikoa egotzi zidaten, inolako frogarik gabe. Jakin badakigu salaketa faltsuak egitearen jarduera eguneroko lan tresna gisa erabiltzen dutela aparatu errepresiboek; gehienetan, euren bortizkeriak zuritzeko asmoz.

Nola gogoratzen duzu joan den martxoaren 29a? Egun hartan gertatutakoa gogoratzen duzu edo lekukoek kontatutakoa bakarrik?

Egun gogorra espero genuen guztiok. 2011ko abendutik 2012ko martxora arte Gasteizen azkeneko urteetan izan den unerik mugituenetariko bat izan zuen, ez bakarrik mobilizazio sozialari dagokionez, polizia bortizkeria ere bere puntu gorenera iritsi baitzen; martxoaren 3an, kasurako. Beraz, denok imajinatzen genuen 29ko greba bereziki bortitza izango zela, baina nik ez nuen inondik ere espero gertatutakoa. Pilotakada jaso aurreko gauza asko ez ditut gogoratzen, baina badut momentu horietako beldur sentipenaren memoria, izerdi hotza eragiten dizuna. Halere, momentuan bertan galdu nuen konortea; beraz, ezin naiteke une horietaz gogoratu, argi-ilun nahasi batzuk besterik ez.

Zer iritzi duzu Herrizaingo Sailak gaiarekin izan duen jarreraz eta egindako ikerketaz?

Ez dago gauza asko esaterik. Iñigo Cabacasen kasuan ere ez zen onarpenik egon, eta azken unera arte ukatu egin zuten euren erantzukizuna. Ertzaintzaren barnean ez dute espedienterik ireki, eta ez dute erantzukizunik argitu. Eta hildako gazte batez ari gara. Lotsagarria da, eta benetan mingarria. Herrizaingo Sailak uneoro bere mesederako izan den ikerketa bideratu du, eta, euren burua arriskuan ikusi dutenean, Poliziaren bertsioa baino ez dute egiatzat hartu. Bestalde, esan beharrik ere ez dago, Ares jaunaren jarrera harroputzak eta odol hotzak min handia egin digu.

Hemendik aurrera zer pauso emango dituzue?

Aurreko astean aurkeztu genuen epailearen erabakiaren aurkako errekurtsoa, eta orain zain egon behar dugu. Baina, berriro ere, ez dugu aurrerapauso handirik espero; izan ere, epaile berak eramango baitu prozesua. Epailearen erabakiaren arabera, bide bat edo beste hartuko dugu.

Prozesua nola joan den ikusita, justizia jasoko duzun itxaropena duzu?

Egia esateko, beti iruditu zait egungo Justiziaren lehentasuna agintariak babestea dela, eta, azkenean, nire esperientziak ere hori erakutsi dit. Ez da kasualitatea epailearen autoa Aresen deklarazioaren berdina izatea. Gaur egun, Justizia alde batekoa da, eta denok onartu behar dugu. Aparatu errepresiboekin eta komunikabide gehienekin, sistemak ia estaldura osoa du nahi adina egiteko. Epaileak politikarien eskuetan dauden txotxongiloak baino ez dira. Gure beharra gizartean jazotzen diren bidegabekeriak salatzea da, antolatuz eta borrokatuz. Denborak utziko du bakoitza merezi duen lekuan.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiet niri babesa ematera atera diren herritar guztiei, betiko eskertuko diet eskainitako babesa! Besarkada eta muxu handi bana!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.