Aresen heriotza

Aresek esanak, eta harrotutako hautsak

PSE-EEko buruzagi izandakoak perla ugari bota du urteetan, eta horiek sarri ekarri du aurkari politikoen sumina, ezker abertzalearena batez ere. Iñigo Cabacas auzian esanak dira aipagarrienetako batzuk.

Rodolfo Ares Eusko Legebiltzarrean, 2012ko irudi batean. DAVID AGUILAR, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko urtarrilaren 26a
12:04
Entzun

Buruan zituenak inolako konplexurik gabe ezpainetaratu ohi zituen Rodolfo Aresek (Ourense, Galizia, 1954 - Bilbo, 2023). Hainbat kargu izan zituen politikagintzan, PSE-EEren ordezkari betiere: Eusko Jaurlaritzako Barne sailburu izan zen 2009 eta 2012 artean, parlamentuan PSE-EEko bozeramaile gisara aritu zen, eta alderdiaren Koordinazio eta Antolakuntza idazkari izan zen 1995etik 2009ra, besteak beste. Urte horietan guztietan, bai eta ondotik ere, perla mordoa utzi du. Ezagunak dira, adibidez, Ertzaintzak Iñigo Cabacas pilotakada batez hil ondoan adieraziak: «Nik nire betebeharra bete dut», esan zuen, «lasai», Ertzaintzaren jokabidea ikertzen ari zirelarik. Sona izan zuen Hispanitatearen Egunean esanak ere: «Harro nago desfile militarrean euskal gizartea ordezkatzeagatik».

Ikusi gehiago: Rodolfo Ares PSE-EEko buruzagi izandakoa hil da

Hain justu, Cabacas auziari lotuak dira Aresen perla asko eta asko. Ares sarri mintzatu zen 2012an Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jota hil zuen Athleticeko zalearen heriotzari buruzko ikerketaren harira –Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu zen orduan–. Inoiz, azaldu zuen auzi horren bueltan bizitakoak izan zirela bere bizitza politikoko «unerik zail eta gogorrenetarikoak». Edonola ere, sarri adierazi zuen deserosotasuna Ertzaintzaren jokabidea zalantzan jarri zutenekin. Adibidez, azaldu zuen Arartekoa urrunegi joan zela auzi horretan: «Zuhurrago aritu behar luke». Cabacasen familiak gogor kritikatu izan du Aresen jokabidea.

Iñigo Cabacas hil eta urtebetera, Aresek esan zuen «oso lasai» zegoela eta behar bezala jokatu zuela auzi horretan: «Nik nire betebeharra bete dut». Gainera, azaldu zuen Cabacasenaren aurretik ere ertzainek «milaka edo ehunka pilotakada» zituztela jaurtiak eta inoiz ez zela halakorik gertatu. Adierazpen horien ondotik, EH Bilduk auzi horretan «gezurretan» aritzea leporatu zion Aresi.

ETAri buruzkoak

Gogor mintzatzen zen euskal gatazkaz; ETAren existentziaz, batik bat. Gainera, Ares gogoz tematu zuen Ezker Abertzaleak egin beharreko pauso batzuekin. Hark hauteskundeetara aurkezteko zuen zilegitasunari buruz, PSE-EEkoak esan zuen ETAk borroka armatua uztea ez litzatekeela aski alderdia legezkoa izateko. «ETAren su etena ez litzateke nahikoa izango ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartzeko; ez luke ezertarako balioko. Izan ere, ETAk indarkeria utzita edo harekin daukan lotura etenda baino ez luke ezker abertzaleak hartuko parte bozetan».

Halaber, Aresek adierazi izan zuen ETArena zela «biolentzia bakarra». Eta, hala, sarri leporatu zion Ezker Abertzaleari «beste leku batera begiratzea». Besteak beste, EH Bilduri galdegin zion aitor zezala «ETAk traba egiten duela». «Egiten duenean eman ahal izango dizkigu demokrazia eta herri honekiko konpromiso lezioak, orain arte euren burua demokratatzat jotzen zuten askok jendea hiltzen zutenean beste leku batera begiratzen baitzuten», esan zuen 2011ko uztailean.

2011ko urrian, borroka armatuaren bukaera iragarri zuen ETAk, eta 2017ko apirilean egin zuen armagabetzea. 2017ko otsailean, Aresek gogor kritikatu zuen ETAren jokabidea: «Gaur egun, ETA bere burua zuritzeko lanetan ari da». Halaber, esan zuen ETA «presoak batuta mantentzeko ahaleginean» ari zela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.