Aresek dio baliabide egokiak jarri zirela 'Motxo' erreskatatzeko

EAJk eta Aralarrek salatu dute «hutsak» egin zirela Bermeoko ontzia itsas hondotik ateratzeko lanetan

ainara arratibel gascon
Donostia
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresen arabera, Zumaia eta Deba arteko itsaslabarrean hondoa jo zuen Bermeoko Motxo ontzia salbatzeko lanetan «ez ziren xahutu ahaleginak», eta «baliabide egokienak» erabili ziren. «Teknikariek ondo egin zuten beren lana, eta gure sostengu osoa dute»

Motxo ontziak duela bederatzi egun jo zuen hondoa Deba eta Zumaia arteko babestutako itsaslabarretan. Eskifaia onik ateratzea lortu zuten, baina salbatzeko lanek huts egin zuten. Ontzia irauli egin zen ababorrera, eta hamabi tona erregai itsasora isuri zen. Astelehenean, Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzak ikerketa hasi zuen. Hala, Itsas Salbamenduari istripuaren inguruko txostena bidaltzeko eskatu zion, baita gertatutakoaren inguruko ikus-entzunezko irudiak eta erregaiaren laginak. Istripua babestutako gune batean izan zenez, ezinbestekoa ikusten zuten ikerketa hastea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere dosierra zabaldu zuen gertatutakoa argitzeko. Dena den, argi utzi zuten ez zutela «burokrazia kontuetan katramilatu nahi» etalehentasuna ontzia haitzetatik kentzea izan behar zuela, «eragiten ari den kaltea handiagoa ez izateko».

EAJk eta Aralarrek egindako galderei erantzunez hitz egin zuen Aresek Motxo itsasontziaren salbamenduaz. «Errespetuagatik erantzuten ditut galderak, baina ez nuke zertan egin. Izan ere, itsas salbamenduko eskumena Espainiako Gobernuarena da».

Aresen iritziz, ikerketa horiek hasteak ez du esan nahi salbatzeko lanak gaizki egin zirenik. Ikerketa horien atzean «beste kontu batzuk» daudela adierazi zuen. «Gure lehentasunak beti izan ziren eskifaia onik ateratzea, ontzia hondotik ateratzea eta inguruan eragiten ari ziren kalteak arintzea».

EAJko legebiltzarkide Maria Eugenia Arrizabalagak, berriz,salatu zuen teknikariak ontzia itsas hondotik ateratzeko ahaleginak egiten ari ziren bitartean Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Mikel Cabieces kazetariekin zegoela. Antza, helikopteroz ari ziren ingurua ikusten. Aresek EAJren jokabidea kritikatu zuen. «Penagarria da EAJk halako zorigaiztoko istripu bat erabiltzea oposizio politikoa egiteko. Duen helburu bakarra Jaurlaritza ahultzea da, baita horretarako egia esaten ez badu ere. Hara joan ginen lanean ari ziren teknikoei babesa azaltzeko».

Arrizabalagak, haatik, kritikei eutsi zien: «Nahi zuten bakarra Teleberrian eta argazkian ateratzea zen. Ertzaintzaren helikopteroa ez zen hasieratik erabilgarri egon. Santandertik ekarri behar izan zuten helikoptero bat eskifaia onik ateratzeko». Arrizabalagaren irudiko, istripuaren inguruan gertatutakoa«zentzugabekeria» izan da. «Ontzia ez zuten istripua gertatu bezain lasterainguratu. Horren ondorioz, mareek haitz inguruetara eraman zuten».

Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen irudiko, salbatzeko lanetan «hutsak» egin ziren. «Fiskaltzak zerbaitegatik hasi du ikerketa». Erregaia berreskuratzeko lanei buruz ere argibideak eskatu zituen. «Zergatik ez zegoen horretarako beste plan bat?».

Kutxa urdina

Haizeak edo itsasoak eramango ote zuen beldur ziren arren, teknikariek herenegun berreskuratu zuten ontziaren kutxa urdina edoordenagailua. Armadorearen laguntzaz egin zuten. Istripua izan aurretik ontziak zeraman ibilbidea eta izandako komunikazioak jasotzen dira, besteren artean, kutxa horretan. Horien bidez ezbeharraren arrazoiak argitu ahal izango dituzte adituek.

Ontzia osorik dago, eta oraindik ez dute zehaztu zer egingo duten handik kentzeko. Armadoreari dagokio horretarako plan bat zehaztea eta prestatzea, baina aste honetan kostaldean izandako enbatak lan hori atzeratzera behartu ditu.

Egun hauetan halako gaietan adituak diren hainbat enpresaren proposamenak jaso ditu armadoreak. Horietako batzuk erakundeei aurkeztuko dizkiete, eta haiek izango dira azken erabakia hartuko dutenak. Dena den, ontzia geratu den modua kontuan hartuta, aditu gehienen arabera, zatitan moztu beharko dute handik kentzeko. Dena den, itsas labarretan egoteak zaildu egingo du lan hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.