Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak adierazi du ezker abertzaleak legezko alderdi baten bidez «demokrazian eta zuzenbide estatuan» sartu nahi badu ezker abertzaleari berari dagokiola jarrera malgutzea. Aresen ustez, «ez dagokie demokratei edo erakundeei» jarreraz aldatzea. Jarrera horri tinko eustearen barruan kokatu ditu azken atxiloketak. Izan ere, nahiz eta ETAk su-etena iragarri Espainiako segurtasun indarrek «euren betebeharra» egiten jarraituko dutela ohartarazi du.
Ezker abertzalea azpijokoan ez ibiltzea espero duela esan du Aresek, eta «demokraziarena ez den beste bide bat» hartzen badute «zuzenbide estatuaren irmotasuna» aurrean izango dutela nabarmendu du. Ezker abertzalearen legeztatzea «Justiziaren erabakia» dela ohartarazi du, «nazkatuta» baitago erabaki hori PSE-EEren hauteskunde kalkuluen baitakoa dela entzuteaz.
Bestalde, Ares «guztiz ziur» da Aurore Martin Batasuneko kidea «lehenago edo geroago» Espainiaratuko dutela eta «bere delituengatik» erantzun beharko duela. Martinek atzo iragarri zuenez, martxoan kantonamenduetako bozetan EHBairen hautagaia izango da, eta hori «Espainiaratzeari trabak jartzeko» egin duela uste du Aresek.
Ezker abertzaleak alderdi berriaren estatutuak oraindik ezagutarazi ez baditu hilaren 27ko greba orokorrari «protagonismoa ez kentzeko» izan dela deritzo. Grebaren harira, ELA eta LAB sindikatuek bi urtean deitu duten hirugarrena izango dela gogoratu du. Aresen ustez, Patxi Lopezek zuzentzen duen Eusko Jaurlaritza amaitu nahi dutenen abangoardia izan nahi dute sindikatuek, «langileen eskubideen defentsa alde batera utzita».
EAJ, «kalkuluekin» kezkati
Ezker abertzaleak legedia errespetatzen badu hauteskundeetan egon beharko lukeela uste du Josu Erkoreka EAJk Espainiako Kongresuan duen diputatuak. Hala ere, kezkatuta agertu da Espainiako Gobernuak Alderdien Legea «kalkulu politikoekin» erabili eta ezker abertzaleari bozetan egotea galaraz diezaiokeelako. EAJko diputatuak adierazidu bakerako eta ETA amaitzeko ez litzatekeela mesedegarri izango Espainiako Gobernuak ezker abertzalearen alderdi berria legez kanpo uztea eta hauteskundeetarako bidea ixtea.
Nolanahi ere, Erkorekak uste du Espainiako Gobernuarentzat ETAren azken agiria ez dela nahikoa ezker abertzalea legeztatzeko. Erakunde armatuak urrats gehiago egitea eta «bestelako»agiriak kaleratzea ezinbestekoa dela iritzi dio EAJkoak.
Ares: «Legezkoa izateko, ezker abertzaleari dagokio jarrera malgutzea»
Kantonamenduetako bozetan hautagaia bada ere Aurore Martin Espainiaratu egingo dutela «argi» du Aresek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu