Buru osasuna pandemian

Are hauskorrago dira orain

Izurriteak bete-betean jo ditu lehendik ere buru osasuneko gaitzen bat zutenak; adituek ohartarazi dute «desoreka» ugari izan dituztela. Bakartzeak eta arretan izandako mugek nabarmen egin diete kalte.

BERRIA.
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Erauntsi baten gisara agertu zen pandemia joan den urtean. Ordutik, izurriteak gogor jo du gizartea alderdi askotan, eta horietan guztietan eragin ditu zauriak. Batik bat, nabarmena da osasun mentalean utzitako arrastoa. Dena dela, kalteak herritar gehienengan nabaritu badaitezke ere, are itoago daude aurretik ere gaixorik zeudenak; besteak beste, jadanik gaitz psikopatologikoren batekin eri zirenak. Aditu gehienak bat datoz: pertsona horiek hauskorrak ziren lehendik ere, eta, beraz, errazago pitzatu ditu pandemiak, baita sakonago ere.

Mikel Baza lehen arretako medikua da, eta askotariko gaitzak artatzen ditu bere kontsultan, fisikoak zein psikologikoak. Dioenez, gaur egun, lan egiten duen osasun etxean hartzen dituzten kasuen %20k dute zerikusia osasun mentalarekin. Ohikoak dira antsietate edo depresio arazoak dituzten pazienteen kasuak. Kontatu duenez, «agerikoa» da pandemiak buru osasuneko gaitzen bilakaeran egin duen kaltea.

Begirada iraganera zuzendu du Bazak, eta gogora ekarri ditu azken hilabeteetan pazienteei arreta emateko eran egin behar izan dituzten moldaketak. Pandemia lehertu zenean, izurriteari kontra egiteko neurriek erdiz erdi baldintzatu zituzten aurrez aurreko kontsultak, eta telefono bidezko arretak ordezkatu zituen kasu gehienetan. Gero, Bazak oroitarazi duenez, «trantsizio bat» izan zen, hasi ziren pixkanaka «normaltasuna berreskuratzen». Halere, aitortu du arretak «murriztua» segitzen duela, COVID-19aren jarraipenaren gainean baitaude jarriak, oraindik, osasun sistemaren indar gehienak.

Gorabeherak bestelakoak izan dira erietxeetan, Marga Saenz Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) psikiatrak esan duenez. Saenzek psikiatria akutuko unitatean egiten du lan, baita larrialdietakoan ere, eta, zentroa ospitale bat denez, ateak etengabe daude zabalik, eta arretak beti izan behar du aurrez aurrekoa. Halere, psikiatraren arabera, udaberrian itxi egin zuten solairua, behin-behinean, zentroak espazio handiagoa behar baitzuen birusarekin eri zirenentzat. Joan dira hilabeteak ordutik, eta Saenzek esan du udaren ondoren hasi zirela sumatzen presioaren goraldia. Azken datuei so, bistakoa da egoeraren larritasuna: «Adibidez, zazpi lagun erietxeratu ziren igaro asteburuan, eta gainezka dago psikiatriako akutuentzako solairua».

Zentroen arabera desberdintasunak izan badira ere, erabiltzaile askok salatu dute zerbitzua ahuldu egin dela, buru osasunaren kalterako. Espezialistarekin zehaztutako kontsultak bertan behera gelditu dira askotan, atzerapenak izan dira, eta baita profesionalak aldatu ere, besteak beste. Telefono bidezko arta izan da oztopo nagusietako bat, Saenzek argitu duenez: «Telefono bidezko arreta lagungarri izan daiteke larrialdi egoera batzuetarako, unean uneko kontuetarako; bestela, ez da egokia». Nabarmendu du aurrez aurreko elkarrizketetan posible dela pazientearen hitzez besteko komunikazioari erreparatzea, baita «itxurak transmititzen duenari» so egitea ere. «Ez dago pertsonen arteko kontaktua ordezkatu dezakeenik», argitu du. Kontatu duenez, telefono bidez aski zailagoa da, adibidez, isiluneek esan nahi dutena jakitea, eta horiek badute garrantzia.

Artatzeko eran izan diren aldaketek ez ezik, konfinamenduak, giroan nagusi den ziurgabetasunak eta eguneroko bizitzan ezarritako mugek, hirurek izan dute eragin nabarmena COVID-19a iritsi aurretik ere psikopatologiaren bat zutenen bidean. Ohi baino gehiagotan gertatu dira «desorekak», eta hainbatek atzerapausoak egin dituzte jasaten zuten gaitzari kontra egiteko abiatuak zituzten terapia prozesuetan.

«Oro har, buru nahasmenduren bat pairatzen dutenak kalteberagoak dira, hain zuzen bakartuta daudelako, pandemia bat izan edo ez», azaldu du Saenzek. Erantsi du buru osasuneko gaitzen gainean dagoen estigmak bultzatzen dituela pertsona horiek bakartzera, maiz.

Gainera, oro har, psikologoek eta psikiatrek adierazi ohi dute buruko gaitz batzuk sendatzeko bidean «ezinbestekoa» dela hurbileko jendearen babes eta sostengua, eta, hain justu, kasu askotan aholku horiek ez dira bateragarri izaten birusaren kontrako neurri murriztaileekin. Uste hori du Mikel Bazak: «Maiz, pazienteei galdetzen diegu zein diren inguruan dituzten laguntzak, eskatzen diegu irudika ditzatela beraientzat garrantzitsuak diren pertsonak mentalki, baita grafikoki ere. Orain, ordea, irudikatuta ere, argiak dira laguntza horiek hurbil izateko zailtasunak».

Bestalde, Bazak aditzera eman duenez, bada gaixoen egoeraren larriagotzea bistan utzi duen beste alderdi bat: lehen arretan ari diren profesional askok susmoa dute gora egin duela psikofarmakoen kontsumoak, eta, adierazi duenez, «ez litzateke harritzekoa». Izan ere, terapiaren alderdi psikosozialean izandako galera sendagaiekin konpentsatzera jo behar izan da sarritan. Jakinarazi du azterketa sakonago bat abiatu dutela gaiaren inguruan, baina jadanik badirela kontsumoaren gorakada agerian uzten duen adierazle aski.

Baliabideak ez dira aski

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan buruko gaixoak eta haien familiakoak batzen dituzten elkarteak biltzen ditu Fedeafes federazioak, eta haren kudeatzaile da Maria Jose Cano. «Oso kezkatuta» daude izurriteak eri horiengan izandako eraginarekin, eta, horiek horrela, premiazko ikusi dute esku hartzea. Batik bat, sentsibilizazio kanpaina bat jarri zuten martxan joan den udazkenean: Urruntze sozialak ez zaitzala bakartu. Adituek ikusi bezala, gaixoen senitartekoak ere ohartu dira bakartzeak dakarren arriskuaz. Areago, Canok adierazi du nabarmena dela egoerak familiengan eragindako higadura. «Zerbitzuetan izandako gabeziak direla eta, familiak izan dira hor, gaixoei laguntzeko, eta haiek ere behar dute babesa».

Canoren esanetan, federaziokoei gustatuko litzaieke kanpainak herritar guztiei eragitea, baina argitu du orain arte elkarteekin harremanik ez duten gaixoengan jarri nahi dutela fokua. Izan ere, elkarte horiek ezagutzen dituzten pertsonei errazagoa zaie laguntza eskatzea; gainerakoak bereziki dira zaurgarriak.

Artarako baliabide nahikorik ez dagoela salatu du Fedeafesek hainbatetan, eta, pandemian, administrazioengana jo dute berriz ere, buru osasunerako inbertsioa handitu dadila galdegiteko. Eusko Jaurlaritzari egin diote eskea: «Baliabide gehiago jartzen ez bada, ezingo diogu aurre egin datorkigunari; izan ere, buru osasunekoa izango da izurritearen laugarren olatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.