Nina Chaize. CIMADEko langilea

«Are gehiago estigmatizatuko dituzte paperik gabekoak»

Lege proposamenari zuzenbide adituaren betaurrekoekin so egin dio Chaizek. Asilo eskubidea arriskuan ikusten du; eskuin muturrari eginiko keinutzat jo du neurri sorta.

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Hendaiako atxikitze zentroan (Lapurdi) egiten du lan Nina Chaizek (1996, Tarbes, Okzitania) CIMADE elkarteko zuzenbide aditu gisa. Bertan hetsita diren migratzaileei aholkularitza juridikoa ematen die. Asilo eta Immigrazio Lege proposamen berria kezkaz hartu du hark ere, migratzaileen defentsarako eragileek bezala. Migratzaileak «are gehiago kriminalizatzeko» arriskua ikusten du.

Zer dakar lege proposamen berriak?

Oroitarazi behar da azken 30 urteotako lege hostopil batean kokatzen dela. Oraingoz, emeki-emeki marrazten ari den lege proposamena da, eta neurriak nahiko lausoak dira. Baina ardatz nagusia izanen da atzerritarren auzi saila erreformatzea. Asilo Eskubidearen Frantziako Auzitegiaren erreforma bat ere aipatzen dute, eta bideokonferentzia bidezko auzien orokortzea. Asilo eskubidea erreformatu nahi dute, kanporatze aginduak automatizatuz. Lege proposamen hori onartzen badute, ondorio handiak izanen dira atzerritarren oinarrizko eskubideetan.

Frantziako Gobernuak asilo eskubidea «sinplifikatuko» duela dio. Hala da?

Erran du hamabi prozeduratik bi prozedurara pasatuko dutela asilo eskaera ukatuta egin daitezkeen helegiteen kopurua. Baina hori okerra da: gaur egun ez dira hamabi. Bi errekurtso badira, eta biak suspentsiboak dira: kanporatze agindua ez da aplikatzen behin betiko erantzuna jaso arte. Suspentsio hori, zuzenbide estatu batean, oinarrizko eskubide bat da, berme bat. Lege proposamen horrek aditzera uzten du suspentsio hori kanporatzerako oztopo bat dela.

Elkarte anitzek kezka erakutsi dute legeari begira. Zer diozue CIMADEn?

Kanporatze automatikoetan eta errabian oinarrituriko logika bat badela uste dut atzerritarren kontra. Haien arteko bereizketa bat egin nahi da, eta are gehiago estigmatizatu. Gogora ekarri behar da, gainera, zinez beteak diren kanporatze aginduen kopuru apala dela: %20 gehienez. Lege horretan iduri du atzerritarren edo justiziaren falta dela ez badituzte betetzen.

Zein da arrazoia, orduan?

Frantziak jatorrizko herrialdeekin dituen harreman geopolitikoekin lotua da. Harremanik ez duelarik —adibidez Afganistanekin—, ez dituzte kanporatzen. Baina sinetsarazten da ez dela gobernuaren falta. Eta ondorioa da are gehiago kriminalizatzen dituztela atzerritarrak. Iruditzen zait lege proposamen hori gehiago egina dela iritzi publikoaren eskuineko eta eskuin muturreko sektoreak xarmatzeko.

Asilo eskubidea arriskuan ikusten duzu?

Bai, arrunt. Arrisku handiena da asiloa bere horretan ez errespetatua izatea eta, beraz, jaioterrian hil ala biziko egoera batetik ihes egin duen pertsona bat berriz hara bidaltzeko arriskuan izatea. Zuzenbide ikuspegitik begiratuta, zalantzan jar genezake hori; paperik gabekoen oinarrizko eskubideak zangopilatuak lirateke.

Lanaren bidez «erregularizatzeko» aukera eman nahi dute, bestalde.

Zaila da argiki neurtzea neurri horren atzean zer den. Zein izanen da paperak lortzeko balio izanen duten lanbideen zerrenda? Nork erabakiko du zein lanbide sartzen diren hor? Lanbideen araberako desoreka handiak sortuko ditu horrek, eta pertsonen arteko berdintasuna ez da bermatua izanen.

Badirudi bi etorkin mota bereizi nahi dituztela: langileak eta delitugileak.

Bai, hala da, eta biziki baztertzailea da hori. Oroitarazi behar da aipatu dugun guzia neurri administratiboen barnean kokatzen dela; ez dira neurri penalak. Baina, pixkanaka, lege horien bidez, paperik gabekoak kriminalizatzen dituzte. Gainera, delitugilea zer da? Ohikoenak diren delituak prekaritateari lotutakoak dira, eta migratzaileak biziki egoera prekarioetan bizi dira.

Bideokonferentzia bidezko auziak hedatu nahi dituzte. Hain zuzen, CIMADEko kideek salatu zenuten Hendaiako atxikitze zentroan geroz eta ohikoagoa zela.

Konfinamendu denboran etorri zen, eta orain hedatu nahi dute. Baina horrek arazo anitz ekartzen ditu zuzenbidearen ikuspegitik. Batetik, ez da gauza bera epaile bati edo kamera bati hitz egitea. Bestetik, atxikitze zentroetan direnentzat, erran nahi du gakotuak diren lekutik eginen dituztela auziak: zinez arazo bat da justiziaren independentziari begira, prefeturen menpe den egoitza batetik izanen baitira epaituak.

Oro har, errefuxiatuen baldintzak gogortuko direla erran daiteke. Atxikitze zentroetan eragin zuzenik izanen ote du?

Noski. Oraindik gehiago gakotzeko logika batean izanen dira. Atxikitze zentro berriak ireki nahi dituzte. Jendea gakotzen segituko dute kanporatzeko perspektibarik gabe, eta Frantzian paperik lortzeko perspektibarik gabe. Funtsean, paperik gabekoak ekoizten segituko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.