Arduraz jokatu dutenak eta lasai ibili direnak

Argindarra joan izanak ilarak eragin ditu Urnietako gasolindegian. Aldiz, egoera kontrolpean eduki ahal izan dute Andoaingo Super Amara supermerkatuan eta Andoaingo Aita Larramendi ikastolan.

Aita Larramendi ikastolan ikasleak jolas orduan, Andoainen. BERRIA
Aita Larramendi ikastolako ikasleak jolas orduan, Andoainen. BERRIA
Nerea Intxausti Castiñeira - Mikel Garcia Martikorena
Urnieta - Andoain
2025eko apirilaren 28a
16:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Ustezko kolapso bat dagoenean, bi pertsona mota daude: gauzak lasai hartzen dituztenak eta neurriak hartzen dituztenak. Bigarren mota horretako jende dezente bildu da gaur Urnietako (Gipuzkoa) Cepsa gasolindegian. 

Pare bat dozena pertsona bildu dira erregaia ordaintzeko ilaran, zain. Ezin ordaindu daude, ordainketa sistemak ez duelako funtzionatzen, ez dirutan, ezta txartelarekin ere. Erregaia bota dute batzuek, eta ilaran daude zain, bata besteari argia joan izanak nola eragin dien kontatzen. Azkenean, batek lortu du ordaintzea; beste pare batek ez, eta joan egin dira: «Beste gauza batzuk egin behar ditut». 

Erregaia botatzera etorri dira, batzuk halabeharrez; beste batzuk, arduraz: «Donostiatik etorri naiz zuzenean, eta, badaezpada ere, erregai tanga bete nahi izan dut; ez naiz fio», esan dio emakume batek BERRIAri. Arduratuta dago: «Abisu bat iruditzen zait. Bazekiten horrelako black-out batek gertatu behar zuela, ziur naiz». «Argia ez da joan, eten egin dute», erantsi du ondoan zegoen gizon batek. 

Itsaso Bakedano Moreno eta Ainhoa Epaltza lankideak heldu dira segidan. Donostian egiten dute lan, baina Iruñekoak dira. 12:30 aldera argia joan zaie bulegoan: «Hasieran uste genuen gure kontua zela, baina ikusita eraikineko eta hiri mailako zerbait zela, larritu egin gara, eta gure koordinatzaileak etxera joateko esan digu». Iruñera bidean, baina, Urnietako gasolindegian geratu dira. «Esan digute Nafarroan oraindik ez dela argirik itzuli, eta muga pasa baino lehen depositua bete nahi izan dugu», gaineratu du Epaltzak.  

Bakedanok eta Epaltzak depositua beteta dute behintzat. Beste batzuk erreserbako erregaia besterik ez dute. Ilaran geratu dira denak, zain. Hori bai, guztiak bilduta, auto ilara gero eta luzeagoa da. Izan ere, aurreko bezeroak autoari botatako erregaia ordaindu baino lehen, hurrengoek ezin izan dute depositua bete. 

Pandemiaren hastapenak gogoratu dituzte batzuek, eta gaur goizean erregaiarekin jazo dena komuneko paperarekin gertatu zen horrekin alderatu dute. 

Ohiko moduan jarraitu ahal izan dute

Argindarra joan izanak, ostera, bestelako eragina izan du beste leku batzuetan, eta lasai hartu ahal izan dute. Esaterako, Andoaingo (Gipuzkoa) Super Amara supermerkatuan kontrolpean eduki ahal izan dute dena. Horixe kontatu du Bakartxo bertako langileak: «Dena itzali da, eta ez genekien zergatik. Kobratu genezakeen, eta hozkailuak ere ondo dabiltza. Arduratuta ginen ateak ixtekotan ezin izango genituelako ireki [automatikoak dira]. Kaos momentu bat izan da, baina kito». 

Euskal Herriko ikastetxeetako zenbaitek haien arratsaldeko jarduna etetea erabaki dute, baita Mondragon Unibertsitateko eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko zenbait graduk ere, besteak beste. Eskola askok, baina, ohiko jardunari eustea erabaki dute. 

Hori izan da Andoaingo Aita Larramendi ikastolaren kasua. Lehen Hezkuntzako ikasleak bazkalorduan zeuden argia joan denean. Ikastolako zuzendaritza taldeko kide eta irakasle Gorka Matutek azaldu duenez, catering zerbitzuak bazkaria bero ekartzen du; hortaz, ez da arazo handirik izan: «Argirik gabe bazkaldu dute, besterik gabe». Gero, bazkaldu ostean, jolastokira joan dira umeak. Eta han ibili dira, futbolean, saskibaloian, panpinekin, korrika hara eta hona.

Jolastoki horretan zeuden DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleak Euskal Herria amatatu denean, eta, argindarrik ez zegoen arren, eskoletara itzuli dira jolas ordua bukatutakoan. Aita Larramendi ikastolako nerabeek ez dute aldaketa handirik nabaritu haien eguneroko jardunean; izan ere, irakasleak boligrafoa eta papera ateratzeko esan, eta klasea «egunero legez» eman dute. Matuteren ustez, hori da atera behar den ondoriorik onena: «Ikasleei irakatsi behar diegu egoera hauetara ere moldatu beharra dagoela».

Gurasoen artean «lasaitasuna» izan dela nagusi esan du Matutek. Hala ere, Haur Hezkuntzako ikastetxera guraso pare bat gerturatu direla jakinarazi du, dena ondo zegoela ziurtatu eta bazkarien inguruan galdetzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.