Nafarroako gobernu berria. Adolfo Araiz. EH Bilduko parlamentaria eta bozeramailea

«Arduraz jokatu beharko dugu; lehendabizi, Geroa Baik»

Nafarroako gobernu programaren negoziazioak ez dira errazak izan, eta «korapilatu» egin dira gobernua osatzeko orduan. Araiz kritikoa da Geroa Bairekin, baina nahiago du aurrera begiratu.

jokin sagarzazu
Iruñea
2015eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Ez da EH Bilduk nahi zuen akordioa, baina aurrera egiteko«oinarri sendoa» jarri dutela azpimarratu du Adolfo Araizek (Tafalla, 1961). «Hau da lortu duguna, baina oso inportantea da lortu duguna». Nafarroako Parlamentuko bulegoan hartu du BERRIA. Hura eta presidente berriaren zin-egite ekitaldirako aretoa prestatzen ari diren langileak baino ez daude parlamentuan.

Geroa Baik oinarrizko baldintza gisa jarri zuen berak nahi zuen gobernu eredua akordio bat egiteko?

Guretzat, koalizio gobernua sendoagoa izango litzateke, batez ere iraunkortasunari begira. Baina Geroa Baik planteatu zuen etengabe bere eredua, hori zela abiapuntua, eta besterik ez zuen ikusten. Guk esaten genuen ezin zela utzi dena haien esku.

Eta hala da?

Dauden arduradun politiko bakarrak Geroa Baikoak dira.

Gobernu programa negoziatu eta adostu aurretik itxi zenuten gobernu ereduarena?

Ez. Lehenengo, programa adostu genuen, eta gobernu ereduaz eztabaidatzen hasi ginenean, egoera horrekin egin genuen topo.

Antzekoa gertatu da negoziazioen beste une batzuetan?

Bai. Gai batzuetan, mahaiaren alde batean egon gara denak, eta bestean Geroa Baikoak. Zerga sisteman, adibidez.

Egon zarete Geroa Bai eta EH Bildu alde batean eta Ezkerra eta Ahal Dugu bestean?

Bai, eta kasu horietan Geroa Baik nahiago izan du zeharka ipini.

Zer esan nahi duzu?

Euskararen gaian, adibidez. Geroa Baik ez zuen tira egiten. Gai batzuetan esaten zuten «hemendik», baina horretan ez.

Babestu bai, baina non geratzen da EH Bilduk gobernuan erabakitzeko ahalmena?

Programan bertan gauza batzuk finkatzen dira, epeekin. Eta jarraipenerako eta garapenerako batzorde bat sortu dugu. Hor egongo gara ordezkatuta indar politikoak, eta behar denean bilduko gara. Hor erabakiko da, eta batez ere eragina izango dugu, eta parlamentuan.

Uste duzu Geroa Bai saiatuko dela bere egiten gobernuaren jarduna, protagonismoa?

Ondo egiten bada, denontzat izango dira onurak. Aldaketa politikoari ateak irekitzeaz gain, lehenbiziko pausoak eman behar ditugu, eta, hurrengo legegintzaldiari begira, pentsatzen dugu berriro behar-beharrezkoak izango garela denok.

Zuk diozu Manu Aierdirekin eginiko salbuespena ez dela beste batzuekin egin; zurekin, adibidez. Zergatik?

Uxue Barkosek erantzun beharko luke. Geroa Baik planteatu zuen haren izena alor horretarako, eta guk esan genuen salbuespenik ez zela onartu behar. Diskriminazio egin da, argi eta garbi.

Beto eskubidea izan du Geroa Baik?

Gero Baik aurkeztutako gobernu ereduak horretara eraman gaitu.

Gobernuak ez du tentaziorik izango horrela jarduteko?

Guk espero dugu ezetz. Arduraz jokatu beharko dugu denok; lehendabizi, Geroa Baik.

Inbestidura saioan bertan leialtasuna eskatu diozu Barkosi. Ez da goizegi?

Gobernuaren ereduarekin eta osatzeko prozesuan sortu diren desadostasunak gainditzeko egin du hori. Gu leialak izan gara programa egiteko orduan; leialak izan gara gobernua osatzean... Espero dugu aurrerantzean haiek ere arduraz jokatzea.

Akordioa lau indarretara mugatua dago?

Hasierako negoziazioetan, Geroa Baik saioa egin zuen PSN sartzeko, baina guk esan genuen oker itzela izango litzatekeela. Baditugu lau urte adostutakoa aurrera eramateko, gauzak lehenago gure artean erabakitzeko, eta bidean PSN etortzen bada gure proposamenetara, oso ondo. Baina ez dugu onartuko PSN kanpotik baldintzatzen aritzea.

Esan duzu PSN ezdeusa delako jarri zaretela ados. PSNri arnasa emateak kalte egin diezaioke zuen artekoari?

Akordioa sendoa baldin bada eta denok ados bagaude hori dela oinarria, ez dago arriskurik.

Baina bidean hauteskundeak daude, Espainian eta EAEn, eta EAJk akordioa dauka PSE-EErekin. Kezkatzen zaitu horrek?

EAJ eta PSOEren artean ari dira urrats batzuk egiten, Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma dela-eta, akordio bati begira Madrilen ere. Baina hemengo egoera oso berezia da. Hainbeste urte pasatu eta gero, arriskutsua izango litzateke Nafarroan lortu dena baldintzatzea Madrilen gerta daitekeenarekin.

Lau urte barrura begira, kezkatzen zaitu Geroa Bai-PSN balizko elkar ulertze batek?

Leialtasun falta izango litzateke. Agintaldi honetan horretan ari direla ikusiko bagenu, bertan behera geldituko litzateke adostutakoa. Baina ez dut espero gertatuko denik.

EAJn jarrera aldaketa nabari duzu Nafarroan?

EAJk Nafarroan sekula izan ez duen pisu politikoa lor dezake, eta hori aprobetxatzen saiatuko da. Baina inportanteena ibilbidea da eta ikustea lau indarren adostasuna beharrezkoa izango dela aurrera begira ere. Gu norabideak kezkatzen gaitu, eta akordioak iraupen luzea izateak.

EH Bilduren ikuspuntutik, egon daiteke talkarik EAEko eta Nafarroako ikuspuntuen artean?

Gerta daiteke. Baina Euskal Bidean argi zehaztu genuen Nafarroak bere esparru propioa behar duela eta bere erabaki propioak hartu behar dituela, eta uste dut bide horretan gaudela.

Nafarroan beste lehentasun batzuk ezarri izanak ez du kontraesanik sortzen koalizioan?

Akordio bat lortu dugu beste indar batzuekin, eskubide sozialak lehentasun gisa jarriz. Baina erabakitzeko eskubidean eta lurraldetasunean ere ados jarri gara. Ez ditugu zehaztu, baina hausnarketa jarri dugu mahai gainean eta gobernu akordioan.

Ortuzarrek dio Nafarroan abertzaleen arteko akordioa posible izan dela EH Bilduren jarrera ezberdina delako.

Izan da, batez ere, denok kontuan hartu dugulako aukera bazegoela lehengo egoerari buelta emateko eta denok izan garelako gai gauza batzuk alde batera uzteko eta ikusteko zer zen orain inportanteena.

Eta eredua esportagarria da?

Izan daiteke. Baina, horretarako, beste iparrorratz bat izan beharko luke EAJk. Orain Madrilera begira dago.

Eta beste indarrekin?

EAEn ez dute Nafarroan duten indar eta jarrera bera; egoera ere ezberdina da. Baina izan daiteke. Interesgarria da hemen lantzen ari garena. Horrelako formularik ez da inoiz gauzatu eta berria den moduan berritzailea ere izan daiteke. Ondo ateratzen bada, hausnartzeko balio dezake.

Aliatuak behar ditu EH Bilduk EAEn?

Beharko ditu. Ikusi, bestela, zer gertatu den Gipuzkoan. Ezinezkoa zen, egia da. Baina ez genuen aliaturik helburuak lortzeko.

Ahal Dugu Madrilera begira dago. Zenbateraino eragin dezake han lortzen duen emaitzak Nafarroako Gobernuaren etorkizunean?

Hangoak sor ditzake barne gatazkak Ahal Dugu-n. EH Bildurentzat, garrantzitsua da fenomeno berri horretatik jendea erakartzea, eta horretarako argi izan behar dugu norabidea.

Entzun duzu kritikarik zure koalizioan ere?

Bai. Baina hemen garrantzitsuena perspektiba da: nola geunden duela lau-zortzi urte eta nola gauden orain. Etorkizunari begira oinarri batzuk ezarri ditugu, eta horien gainean eman daitezkeen pausoak ikaragarriak dira.

Baina hori etorkizuneko indar korrelazioen menpe egongo da.

Bai, eta egongo da akordio sinatu dugunon artean lehia protagonismoa eskuratzeko. Baina lau urte barru ere kondenatuta egongo gara ados jartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.