Gerry Adams. Sinn Feineko lehendakaria

«Arduraz jokatu behar dute Espainiako Gobernuak eta ETAk»

Bere bizitzako aldaketarik handienetako bati ekingo dio aurki Adamsek: Dublingo parlamenturako hauteskundeetan parte hartuta Irlanda osorako politikari bihurtzea

martxelo otamendi
Stranorlar
2010eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ez da gauza bera: oso modu desberdinean hartzen dute Gerry Adams Belfasten edo Irlandako Errepublikako herri batean. Idoloa, jaun eta jabe da errepublikanoen eremuetan; ia politikari bat gehiago Stranorlar herrian, Donegal konderrian. Nahiz eta inguru hori, Donegal, Irlanda osoan gaeliko hiztun eta gaelikozko ikastola gehien duten lurraldeetako bat izan. Baina Adams, hango gehienentzat, iparraldetik datorren politikari bat da.

Hauteskundeak izan dira bezperan, eta boto kontaketan dihardute dozenaka lagunek goiz-goizetik. Ekitaldia hartzen duen eraikinaren kanpoaldean hotza da, eta elurrak telebistetako unitate ibiltariak zuritu ditu. Barruan, epel, berogailuagatik eta bildu den jende kopuru pentsaezinagatik.

Dublingo parlamentuko aulki bat, Donegal konderrikoa, hutsik egon da azken urtean, haren jabeak Europako Parlamentuko aulkia lortu zuelako. Aulki horren jabe berria izendatzeko hauteskundeak egin dira bezperan, eta gaur botoen kontaketa dago, Irlandako estiloan: botoak beti biharamun goizean zenbatzen dira, eta ez bozketa egunean. Itxaropentsu dago Adams, zenbaketara heldu den goi mailako politikari bakarra. Lehen kontaketan, Sinn Feineko ordezkari Pearse Dohertyk irabazi du, eta, seguru asko, harentzat izango da herritarrak ordezkatzeko ardura. Sinn Feineko lehen kide hautatua barruti horretan.

Euskal Herriko eta Irlandako egoerez mintzatu gara errepublikanoen lehendakariarekin, baita haren hurrengo egitasmo politikoez ere.

Nola ikusten duzu Euskal Herriko egoera?

Oso interesgarria, noski. Aspaldiko lagunak dauzkagu han, eta interes handiarekin begiratzen dugu hara.

Arnaldo Otegik kartzelan segitzen du.

Ez zuen kartzelan egon behar. Kalean behar du. Horrelako prozesuetan, Otegi bezalako bakegileek, konponbidea lantzen dutenek, aske egon behar dute, kalean, dagokien lana egin dezaten. Gobernuek hori garbi eduki behar dute. Horrelako prozesuak erronka handiak dira, eta gobernuek ezin dute oztoporik jarri.

Posible zatekeen Stormonteko prozesua zeu edota Martin McGuinness kartzelan egonda?

Zaila zatekeen. Gobernuek lagundu egin behar dute, bultzatu; ez oztopoak jarri, bestela ere nahiko korapilatsuak diren prozesuetan.

Aurreko prozesuan oso aktibo ibili zinen;bilera egin zenuen Espainiako presidente Zapaterorekin. Orain ere aktibo zabiltza?

Guk babestu egiten dugu zabaldu den prozesua; uste dugu ETAk su-etena eman behar duela, eta Espainiako Gobernuak dagokion ardura hartu behar duela. ETAk eta Espainiako Gobernuak arduraz jokatu behar dute, biek. Lan handia dago egiteko, gorabeheratsuak dira prozesuak, baina aurrera egin beharra dago. Nik ez dut nire adierazpenen bidez sartu nahi nirea ez den esparru batean, eta zailtasunak sortu.

Zer egin dezakezu orduan?

Prozesua bultzatu, babestu... irtenbide elkarrizketatuaren balioa azaldu... Hori da gure prozesuan ikasi duguna, ondorio nagusia, elkarrizketa dela bidea. Konfiantza eraiki beharra dago alde guztien artean, hori oso garrantzitsua da, konfiantza hori benetakoa izatea. Bai Espainiako Gobernuak, bai beste aldeak, konfiantza esparruak landu behar dituzte.

Zeintzuk izaten dira zailtasun nagusiak?

Askotarikoak dira. Sufrimendua bera, ETAren biktimak daude, Estatuaren biktimak daude... Hori kudeatzen jakin beharra dago. Kontu handiarekin, ahalegin handia eginez. Liderrek lan handia daukate, zailtasunei irtenbidea ematen; dena galduta dagoela uste denean, irtenbidea bilatzen.

Luze gabe Euskal Herrira joateko asmotan zabiltza?

Askotan egon naiz, baina orain buru-belarri nabil sartuta nire eta gure apustuan: Sinn Fein indartu hegoaldean, hazten segitu Ipar Irlandan. Hauteskundeak dauzkagu aurki hegoaldean bezala iparraldean; krisi handia pairatzen ari gara Irlandan azken asteotan, finantzarioa, soziala... eta hemen gelditu beharra daukat.

Asko hitz egiten da nazioarteko bitartekariez; zuk oso ondo ezagutzen duzu George Mitchell estatubatuarra, Ostiral Santuko Akordioan egin zuen lanagatik. Nola definituko zenuke?

Oso bizkorra, oso azkarra, arazoak eta irtenbideak oso ondo fokalizatzen zituena, langilea. Sekulako lana egin zuen gurean.

Palestinan dabil azkenaldian. Nola ikusten duzu Mitchell?

Beti bezala, lan ikaragarria eginez. Arazo larria daukate han konponbidera iristeko, baina haren lanarekin errazago iritsiko dabehin betiko akordioa.



«Ni Dublinerako aurkeztea alderdi nazionala izatearen ondorioa da»

M. Otamendi. Stranorlar

Seguru asko, bizitza osoan erabaki garrantzitsu asko hartu behar izango zituen Gerry Adamsek, baina azken asteotan hartu duenak, neurri berean, kezkatu egin ditu Belfasteko errepublikanoak eta poztu Hego Irlandako jarraitzaileak. Bi urte barru, 2012an, izatekoak ziren Dublingo parlamenturako hauteskundeak, baina krisiaren gestioak jota utzi du gobernua, eta inork ez du dudarik aurreratu egingo dituztela. Datorren urteko udaberrian izango bide dira, edo lehenago.

Ostiral Santuko akordioen garapenak aurreikusten zuen Ipar Irlandako Parlamentuko ordezkariek hitza edukiko zutela Dublingoan. Ez da horrela gertatu, eta Sinn Feinek Adams Dublinera eramatea programatu du. Irlanda osoan hedatuta dagoen alderdi bakarra da Sinn Fein, eta, horrekin kontsekuente izanda, erabaki dute beren ahotsa Adamsen bidez adieraztea.

Lehenagotik badauzka Sinn Feinek bost ordezkari Dublinen, baina Adamsen presentziak oso bestelako oihartzuna emango dio alderdiaren lanari.

Ipar Irlandako mugatik oso gertu dagoen Louth barrutian aurkeztuko da Adams, aulkia irabazteko aukera handiarekin. Sinn Feineko buruzagia parlamentaria da Westminsterren (Londres) eta Stormonten (Belfast), bietan Mendebaldeko Belfastetik. Bigarrena utziko du. Adams Belfasteko parlamentuan ordezkatuko duena, Pat Sheehan, IRAko preso historikoa da, Bobby Sands gose greba eginda hil zen garaian greba luzea egindakoa, 55 egunekoa. Ondo ezagutzen du Euskal Herriko egoera, lagun euskaldunak baitauzka. Sinn Feinen arduraduna da Palestinako auzian.

Baikor zara Stormonteko Akordioaren ondorengo egoerarekin?

Urte batzuk pasatu dira, eta bagenekien ez zela erraza izango, zailtasunak izango zirela. Pazientzia eta lana behar ditugu. Aurrera egiten dugu egunero.

Iritzi bera dauka zuen oinarriak?

Frustrazioa da batzuek darabilten hitza, eta nik ulertzen dut hori. Gauzak azkarrago joatea espero zuten, baina prozesu hauek mantsoak izaten dira.

Betetzen ari da zuk espero zenuena?

Bai, bagenekielako zaila izango zela unionistekin gobernua, eguneroko arazoen kudeaketa partekatzea. Zuek ere badituzue unionistak, guk bezala, eta badakizu zaila dela biek bat egitea. Gainera, aurreneko aldia da, urte askotan, unionistek eta errepublikanoek elkarren ondoan zer edo zer egiten duguna.

Emaitza ona da?

Oso pozik nago Martin McGuinness egiten ari den lanarekin; lider bat da, eta oso ondo darama, oso ondo koordinatzen du gobernuaren beste aldearekiko harremana. Bide bikaina egin du Ostiral Santuko Akordioa sinatu zenetik gaur arte. Negoziatzaile aparta da.

Nolakoa da harremana unionistekin?

Aurreneko aldia da, eta ondo doa. Errespetuzkoa da. Eguneroko lanean gabiltza, nahiz gure artean alde handiak dauden arlo sozial eta ekonomikoan. Ez ahaztu beste aldea, unionista izateaz gain kontserbadorea ere badela. Gu gogotik ari gara lanean, eta hauteskundeak datozenean ikusiko dugu zer esaten duten herritarrek.

Azken urteotan Poliziaren gaineko akordioa izan da buruhauste nagusia, lan gehien eman duena. Zein da zuentzat hurrengo erronka?

Jakina da errepublikanoak baztertuak izan garela urte askotan, gu izan gara pobreak. Hori aldatzen ari da: komunitate unionista eta errepublikanoaren arteko aldea murrizten ari da. Bide horretan aurrera egitea izango da zeregin nagusietako bat; are gehiago krisi ekonomikoa pairatzen ari garen urteotan. Lana sortu beharra daukagu, hezkuntza hobetu, zerbitzu sozialak zabaldu... Hizkuntza, hau da, gaelikoa garatzea oso garrantzitsua da guretzat.

Nolakoa da harremana Londresko gobernu berriarekin?

Hasi besterik ez dira egin; denbora behar dugu ikusteko zer egiteko prest dauden Ostiral Santuko Akordioan jasotzen diren puntuak garatzeko orduan. Kezka badaukagu...

Kezkatuta zaude azkenaldian Belfasten jarri dituzten lehergailuekin?

Beharko egon, oso larria delako gertatzen ari dena. Ostiral Santuko Akordioak errepublikanoen sostengua dauka, askotan erakutsi dugun bezala. Ulertzekoa da batzuek gehiago eta azkarrago joatea nahi izatea; guk ere bai. Atentatu horiek egiten ari direnek badakite ez daukatela gure komunitatearen babesik.

Zer egiten ari zarete hori ikusirik?

Gure iritzia argi eta garbi azaldu, saiatu argudioak ematen borroka eredu hori amai dezaten. Bide demokratikoetatik askoz gehiago lor dezakegula esaten dugu behin eta berriz.

Goazen Dublinera. Aurreneko aldiz aurkeztuko zara parlamentu handirako hauteskundeetara. Estrategia aldaketa da?

Irlanda, Irlanda osoa da gure etxea, gure aberria. Hori kontuan edukita, zergatik ez aurkeztu Dublingo parlamentura? Sinn Fein alderdi nazionala garela frogatzeko beste urrats bat da. Lehenagotik ere badauzkagu parlamentariak Dublinen, bost gaur irabaziko dugunarekin. Alderdi nazionala izatearen ondorio naturala da.

Baina zure kasua desberdina da: zu lider bat zara Irlandako iparraldean. Zure inguruko batzuk kezkatuta ikusi ditut, zu galduko zaituzten beldurrez.

Talde bikaina daukagu Irlandako iparraldean, eta ni batean eta bestean ibiliko naiz. Guretzat estrategikoa da indarrez bi parlamentuetan egotea, Belfastekoan eta Dublingoan.

Irlandak aspaldi duen egoerarik larrienean aurkeztuko zara.

Beste erronka bat guretzat. Kinka ekonomikoan utzi du oraingo gobernuak Irlanda. Horrek ezin du horrela segitu; sekulakoa izan da ustelkeria. Bankuak jota daude.

Zer egin dezake Sinn Feinek egoera horretan?

Jendeak ematen digun indarraren arabera betiere, gauzak egiteko estiloa aldatzera behartu. Ezin dugu horrela segitu eredu ekonomiko horrekin. Erakutsi behar dugu gauzak egiteko beste modu batzuk badaudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.