Amaitu dira tramiteak eta kargu hartzeak, eta abian jartzeko ordua heldu zaio Nafarroako Gobernuari. Atzo, hamahiru kontseilariek zin egin zuten. Emandako pausoaren aurrean, guztien ahotan «ilusioa eta ardura» nabarmendu ziren. Maria Txibite lehendakariak, berriz, esker ona adierazi zien guztiei baiezkoa emateagatik, baina, era berean, «pazientzia» eskatu zien: «Garai gogorrak igaroko ditugu, horrelakoa baita kudeaketa publikoa, baina ziur naiz une pozgarriak ere izango ditugula elkarrekin, eta, denon artean jendearen bizitza hobetzeko gai bagara, esfortzuak eta ematen ari garen pausoak merezi izango dute».
Nafarroako jauregiko aretorik dotoreenean, Tronuaren Aretoan, egin zuten zin. Gobernuaren egituraren barruan bi presidenteorde izango ditu gobernuak: bata, Maria Txibiterekin batera ibilbide politikoan bat egin duen Javier Remirez, eta bestea, Geroa Baikoa, Jose Maria Aierdi. PSNk zortzi kontseilari izango ditu, guztira; Geroa Baik, lau, eta Ahal Dugu-ko Eduardo Santosek Migrazio Politikak eta Justizia. Zin egiteko orduan, kontseilarietako zazpik —Geroa Baikoek, Eduardo Santosek eta PSNko Elma Saizek eta Santos Indurainek— ele bitan egin zuten. Besteek, gazteleraz.
Tramite hori amaituta, Txibitek hitz batzuk egin zizkien. Ana Ollo eta Manu Aierdi kontseilari izan dira aurreko gobernuan, eta Jose Mari Aierdi Nasuvinsa sozietate publikoko zuzendari. «Oso lagungarri izango zarete besteok egunean jartzeko eta ahalik eta azkarren lanean has gaitezen». Gainerako kontseilariei argi esan zien «ikasteko eta elkarri laguntzeko» daudela. Hain zuzen ere,akordio programatikoa izango dute bide orri. «Beraz, mahai gainean izateko eskatzen dizuet, erabakiak hartzeko ere, zailtasunak datozenean».
Kontseilarien lehen hitzak
Ondoren, banan-banan hitz egin zuten kontseilariek kazetarien aurrean. Txibiteren hitzak gogoan, Ana Ollok gogoan izan zuen hasiera «oso gogorra» izan ohi dela administrazioa barrutik ezagutu behar delako. Horregatik, «laguntza guztia» emateko gertu azaldu zen. Herritarrekiko Harremanetako departamentua kudeatuko du Ollok, eta haren baitan Europako politikaz, hizkuntz politikaz eta bake eta bizikidetzaz arduratuko da. Hala ere, azken arlo horretako zuzendaria PSNk izendatuko du. «Ilusioz hartzen dut kargua, bigarren agintaldia delako eta lau urteotako politika askori jarraipena emango diogulako».
Javier Remirez presidenteordeak Lehendakaritza, Barne eta Funtzio Publikoko departamentua izango du. Trafiko eskumena leheneratzeko asmoa du, «Espainiako Gobernurekin batera». Urriaren 31n Pedro Sanchezek hitzeman zuen eskumen hori itzuli behar zitzaiola Nafarroari, baina oraindik ez da gauzatu. Polizien Legea garatzea dagokio ere Remirezi, baina «poliki» joan nahi du.
Hain zuzen, lau urteotan Beaumontek bere gain izan dituen hiru atal kudeatuko ditu. Laugarrena, Justizia, Eduardo Santosek izango du. Alta, bere departamentuaren berritasuna Migrazio Politika da. «Erronken artean daude pertsona migranteak Nafarroako gizartean integratzea, euren ekarpen positiboari erreparatuz, eta nola barneratu zerbitzu publiko guztiak pertsona horiei laguntza emateko», azaldu zuen.
Oraindik ez dute esan nor izango den bozeramailea. Beste presidenteordea Jose Mari Aierdi izango da:Lurralde Antolamendua, Etxebizitza eta Proiektu Estrategikoak izango ditu bere gain. Etxebizitzaren plan estrategikoa aurrera ateratzeko asmoa du.
Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria da. Aurrean dituen gaietako bat amatasun baimenen zerga kenkariaren afera da. Txibitek 2014tik 2018ra artekokenkariak itzultzea promes egin zuen hauteskunde kanpainan, baina beste bazkideak, aurreko legealdian, neurriaren aurka zeuden. Beste erronken artean, aipatu ditu 2020ko aurrekontuak prestatzea edo hurrengo bost urteetarako ekarpenaren kalkulua (2020tik 2024ra).
Manu Aierdi, berriz, politika ekonomikoaz arduratuko da: «Gauza asko daude egiteko, eta erronka ugari. Nafarroako etorkizuna epe motzean baina bereziki epe luzean kudeatu behar dugu». Orain arte esku artean izan duen herri lanen ardura hartuko du Bernardo Ziriza sozialistak. Haren hitzetan, Nafarroako Ubidearen bigarren faseari ekin behar dio gobernuak, eta «prestazio handiko trenarekin» jarraitzeko asmoa du. Ekonomiarekin erlazioa duen beste departamentua Berrikuntza eta Eraldatze Digitalaren Saila da. «Ezin ditugu begiak itxi, eta zenbat eta lehenago eraldatze digitalari aurre egin, orduan eta hobeto», azaldu zuen Juan Cruz Cigudosa kontseilariak. Gobernu barruan «gerra emateko» gertu azaldu zen.
Unibertsitateen ardura ere izango du Cigudosak, baina Hezkuntzaz Carlos Gimeno arduratuko da. PSNko parlamentari gisa, gogor jo zuen aurreko legealdian Maria Solana Hezkuntza kontseilariaren aurka. «PSNk orain gobernu honen lehendakaritza badu, gizartearen aurrean eta parlamentuan egin duen lanagatik du. Hori oso argi dut. PSNk Hezkuntzaren ardura badu, lan horregatik da». Gaur bilduko da lehen aldiz gobernu kontseilua.
«Arduraz eta ilusioz», hartu dute jada kargua
Zazpi kontseilarik ele bitan egin dute zin, eta besteek, gazteleraz. Txibitek «pazientzia» eskatu die, «zailtasunei» aurre egin beharko dietelako. Gaur bilduko da lehen aldiz gobernu kontseilua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu