«Arduragabekeria litzateke klima aldaketa ez ikustea»

Donostian egiten ari diren nazioarteko konferentzian, instituzioetako ordezkariek azpimarratu dute «guztien» ardura dela neurriak hartzea

Pedro Sanchez eta Iñigo Urkullu, Donostiako nazioarteko konferentziaren hasiera ekitaldian, atzo. JON URBE / FOKU.
jokin sagarzazu
Donostia
2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Errealitatea» da klima aldaketa, eta horri irtenbide bat ez ematea «arduragabekeria» izango litzateke. Donostian egiten ari diren Change the change nazioarteko konferentziaren hasierako ekitaldian arduradun instituzionalek zabaldutako ideia nagusia da hori. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak eman zion hasiera mintegiari, atzo. «Eskolagabe» deitu zien klima aldaketa ukatzen duten «beste herri batzuetako agintari garrantzitsuei», eta nabarmendu zuen «ideologietatik kanpo» utzi beharko litzatekeela eztabaida hori. Espainiako gobernuburuaren arabera, trantsizio ekologikoa ez litzateke «mehatxu» gisa ikusi behar, baizik eta aukera gisa, «ingurumena, ekonomia eta gizartea hobetzeko».

Antzera mintzatu zen Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Azpimarratu zuen auzi horretan ere ikuspuntu globala eta lokala uztartu behar direla. «Tokiko ekarpen gehiago iraunkortasun global handiagoa da». Azaldu zuen horretarako beharrezkoa dela «kontzientzia soziala indartzea». Jaurlaritzaren xedeei dagokienez, horietako bat nabarmendu zuen: 2020rako, berotegi efektuko gasen emisioa %20 murriztea.

Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburua ere izan zen ekitaldian. «Denbora amaitzen ari zaigu», ohartarazi zuen. Nabarmendu zuen klima aldaketa ez dela «hipotesi bat» jada, «bistako arazoa» baizik. «Jokabideak aldatu behar dira; ezer egiten ez badugu, arduragabe hutsak izango gara».

Gaur eta bihar, 50 aditu eta ordezkari instituzional pasatuko dira Kursaaletik; besteak beste, Bunny McDiarmid Greenpeaceko zuzendari exekutiboa. Gaiari buruzko «abangoardiako ikuspegiak» zabaldu nahi dituzte, eta «egitasmo aitzindarien» berri eman. Atzoko saioan parte hartu zuten, besteak beste, Iberdrolako presidente Ignacio Sanchez Galanek, Grantham Ikerketa Institutuko zuzendari Nicholas Sternek, eta Europako sei herrialdetako ordezkariek: Euskal Autonomia Erkidegotik, Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak.

«Zurikerietan»

Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundia Zubietan eraikitzen ari den errauste plantaren aurkako taldeek protesta egin zuten Kursaalaren aurrean. Salatu zuten Donostiako konferentzian parte hartzen ari direnetako batzuek «greenwashing edo zuriketa berdea» egiteko baliatu nahi dutela euren parte hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.