Ardura hartzeko eskatu dio 'Pikara' aldizkariak Bilboko Udalari

Egunotako eraso faxista eta sexista salatu du aldizkariak. Adierazpen askatasunaren aurkako erasoa izan dela ohartarazi dute

Uxue Gutierrez Lorenzo
Bilbo
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Pikara aldizkariko kideek agerraldia egin zuten atzo, jasandako eraso faxista eta sexista salatzeko. Astelehen goizean agertu zen Putas de Soros (Sorosen putak) zioen pintaketa bat aldizkariak Bilbo Zaharrean duen bulegoaren kanpoko aldean, eskuin muturreko alderdi baten gazte antolakundeak sinatuta. Astelehen iluntzean auzolan feminista egin zuten aldizkariko arduradunek, pintaketak «gainetik margotzeko». Pikara-ren egoitzaren atariko beira mezu feministaz jostea izan zen egitekoa. Atzo, berriz, erasoa gaitzesteko agerraldia egin zuten, Irantzu Varela kazetariarekin batera.

Andrea Momoito Pikara-ko koordinatzaileak ohartarazi du erasoa ez dela kasualitatea izan: «Eraso honen helburua da komunikabide baten adierazpen eta prentsa askatasuna urratzea». Parean zuen Varela, Faktoria Lilako arduraduna. Hark ere pairatu ditu erasoak. «Hau denontzako abisu bat da». Kazetariak garbi du pintaketak ezin direla kasu bakan gisa hartu. Varela bera aspaldi hasi zen mehatxuak jasotzen eta jazarpena jasaten.

Salaketa egitearekin batera, erreakzio bat eskatu diete instituzioei. Uste dute Bilboko Udalak «ardura publikoa eta politikoa» bere gain hartu behar duela, eta erasoak jasan dituztenei babesa helarazi. Egiturazko arazoaren aurrean, erantzun posible bakarra ikusten dute: «Sistemak ez dizkigu baliabideak ematen; autodefentsa da bide bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.