Ardanzaren lana goraipatu dute haren gobernukide izandakoek

Lehendakari ohiaren hilkutxa 09:55 inguruan iritsi da Ajurianera. Hil kaperan izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, EAJko arduradun nagusiak eta Ardanzaren gobernuetan aritutakoak.

Urkullu eta Ardanzaren senideak, hilkutxa iritsi denean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Urkullu eta Ardanzaren senideak, hilkutxa Ajurianera iritsi denean. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
aitor biain
2024ko apirilaren 10a
11:20
Entzun

10:30 inguruan ireki dute Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren (Elorrio, Bizkaia, 1941 - Kanala, Bizkaia, 2024) hil kapera herritarrentzat, eta pertsona ugari bildu dira azken agurra ematera; tartean politikari andana. Hilkutxa Ajuriaeneko areto nagusian jarri dute, ikurrin bat gainean duela, eta han izan dira Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu eta Ardanzaren senideak. Hil kapera 14:00etan itxi dute, eta haren hileta Elorrion (Bizkaia) egingo dute, 19:00etan, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko gotzainek gidatuta.

08:15 aldera abiatu da segizioa Gernikatik (Bizkaia), eta hilkutxa 09:55 aldera iritsi da Ajurianera (Gasteiz). Han harrera egin diote Iñigo Urkullu lehendakariak, eta Ardanzaren alargunak, seme-alabek eta ilobek. Une horretan, Ertzaintzaren musika bandak EAEko ereserkia jo du, eta sei agentek sorbaldan hartuta sartu dute barrura. Haiek eta Eusko Jaurlaritzako sailburuak izan dira hil kaperatik sartu-irtena egin duten lehenak, ateak zabaldu aurretik. Haiekin batera izan dira EAJko ordezkari nagusiak ere; hala nola EBBko presidente Andoni Ortuzar eta BBBko presidente Itxaso Atutxa, GBBko Joseba Egibar, ABBko Jose Antonio Suso eta NBBko Unai Hualde. Baita Imanol Pradales alderdiko lehendakarigaia, eta Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburu eta Eusko Legebiltzarreko presidentea ere. Haiek ez dute hitzik hartu; jeltzaleek jakinarazi zuten bertan behera utziko zituztela gaurko kanpaina ekitaldiak, eta hil kaperara eta hiletara joateko deia egin zuten.

Zenbait erakundetako ordezkariak ere izan dira lehen orduan; esaterako, Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta, Gogora institutuko arduradun nagusi Aintzane Ezenarro, Jaurlaritzako espetxe gaietarako aholkulari Jaime Tapia, 2030 Agendarako idazkari nagusi Jonan Fernandez, Ertzaintzako zuzendari Victoria Landa eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto. Ajuriaenean izan dira Ardanzaren aurretiko lehendakari Carlos Garaikoetxea ere, eta hari lekukoa hartu ziona, Juan Jose Ibarretxe. Garaikoetxeak Ardanza «pertsona ona» izan zela adierazi du, eta haren lana estimatzen duela gehitu, «gogoratu eta errespetatu» beharreko lana: «Eztabaidatzen genuen, behar zen bezala, baina gizon zintzoa zen». Ibarretxek, berriz, azaldu du «lagun bat agurtzera» joan dela: «Lan asko egin genuen batera, negar egin genuen batera, euskal herriarekiko maitasuna elkarbanatu genuen».

Era berean, azken agurra ematera gerturatu dira Ardanzarekin Eusko Jaurlaritzan aritutako zenbait lagun. Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburu izandakoa da horietako bat. Hark nabarmendu du ezberdinen arteko akordioak lortzeko gaitasuna izan zuela Ardanzak: «Meritua zuen garai zail haietan». Horri esker haren agintaldiak «oso emankorrak» izan zirela esan du. Martin Auzmendi Euskadiko Ezkerrako legebiltzarkide eta Ardanzarekin Lan eta Gizarte Segurantzako sailburu izandakoak, berriz, hark utzitako ondarea azpimarratu du eta egindako lana goraipatu: «Jakin zuen garaiak eskatzen zuen tamainako erantzuna ematen». Eta Juan Mari Atutxa Segurtasun sailburu eta Esko Legebiltzarreko presidente ohiak haren ondarea goretsi du. «Era askotako eragozpenak» ziren garaian, ekonomiaren gainbeherari eta ETAren indarkeriari aurre egiteko ahaleginak azpimarratu ditu: «Hari zor diogu gaur egungo Euskadiren zati handi bat».

Egindakoari aitortza

Alderdi politikoetako arduradunen artean, Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia da Ajuriaenean izan denetako bat. Senideei eta jeltzaleei doluminak eta errespetua adieraztera etorri dela esan du. PSE-EEren izenean, aldiz, Eneko Andueza idazkari nagusi eta lehendakarigaiak hartu du hitza, Ardanzak «Euskadi hobe baten alde» egindako lana nabarmentzeko: «Euskadi askotarikoa zela ulertzen zuen, eta ezberdinen arteko akordioekin eraiki behar zela». Eta PPko lehendakarigai Javier de Andresek esan du Ardanzak «zoru etiko baten oinarriak» ezarri zituela, eta azpimarratu popularrek «etengabeko omenaldia» egingo diotela Ajuriaeneko akordioagatik.

Elkarrekin Podemosen ordezkariak Arabako zerrendaburu Juantxo Lopez de Uralde eta Ahal Dugu-ko koordinatzaile nagusi Pilar Garrido izan dira. Bi horiek nabarmendu dute «bake gizona» izan zela Ardanza, eta «elkarrizketaren eta Euskadi pluralaren alde» egin zuela lan. Bide beretik, Sumarreko lehendakarigai Alba Garciak eta koalizioaren Espainiako Kongresuko diputatu Lander Martinezek adierazi dute «egun tristea» dela gaurkoa, eta Ardanzak «Euskadiren historian izan duen lekua» nabarmendu dute.

Jendearen joan-etorri etengabean, Ajuriaenean izan dira, besteak beste, Roman Sudupe Gipuzkoako ahaldun nagusi izana, Iñaki Anasagasti EAJko kidea, Josep Antoni Duran y Lleida Unio Democratica alderdiko buru izana eta Ramon Jauregi Espainiako Presidentetza ministro ohia. Azken horrek esan du sozialistak «harro» daudela Ardanzarekin lan egiteaz, «elkarrizketaren eta adostasunaren Euskadi» eraikitzen lagundu zuelako: «Egun dagoen lekuan baino toki nabarmenagoan jarriko du historiak». Enpresa munduko kide ugari ere izan dira; tartean, Repsoleko kontseilari ordezkari Josu Jon Imaz, Petronorreko presidente Emiliano Lopez Atxurra eta Euskalteleko goi kargudun Asis Canales.

Ardanza, 1985 eta 1999 artean Eusko Jaurlaritzako lehendakari izana, astelehenean hil zen, 82 urterekin. EAJk eman zuen berria, sare sozialen bidez: «Jose Antonio Ardanza Garro gaur zendu da, Kanalan, etxean. Min eta atsekabe handiz hartzen dugu berri hau». Lehendakari izan aurretik, Ardanza Arrasateko alkatea (Gipuzkoa) izan zen, eta baita Gipuzkoako ahaldun nagusia ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.