EAJk kanpaina bertan behera utziko du hil beila egiteko egunetan
EAJk jakinarazi du kanpaina bertan behera utziko duela hil kaperaren egunean eta hiletaren egunean. Alderdiko afiliatu guztiei bi ekitaldietan parte hartzeko deia egin diete. «Ardanza Lehendakariaren omenez minutu bateko isilunea egingo da EAJk gaurtik hileta egunera arte antolatzen dituen mitin guztien hasieran, eta ikurrina haga erdian jarriko da Sabin Etxean», dio oharrak. Horrez gain, iragarri dute EBBk agiri ofizial bat irakurriko duela bihar.
EAJ izan da lehenbizikoetakoa Ardanzaren familiari eta lagunei doluminak ematen. X sare sozialean egin dituzte adierazpenak, eta albistea «min eta atsekabe handiz» hartu dutela erran. «EAJ-PNV osatzen dugun gizon eta emakumeok gure doluminak luzatu nahi dizkiegu bere emazteari, Mari Glori Urtiaga, alaba-semeari, Nagore eta Aitor, eta familia osoari. Goian bego Ardanza Lehendakaria, pertsona ona, zintzoa, bakezalea, jeltzalea, abertzalea», gehitu dute.
Urkulluk gogoratu du Ardanzak «atsedenik gabe» lan egin zuela bakearen alde
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zabaldutako oharrean azaldu du Ardanzak «atsedenik gabe» lan egin zuela «bakearen eta bizikidetzaren alde, baita Euskadiko ekonomia eta industria suspertzearen alde ere». Gehitu du Ardanza buru izandako gobernuek «neurri sozial aitzindariak» jarri zituztela martxan, «euskal gizartearen kohesio ekonomikoa eta soziala bermatzeko».
Hortaz, Urkullurendako Ardanza «lehen mailako erreferente politiko eta instituzionala» izan da: «Balio humanista eta demokratiko sendoak zituen pertsona izan da, eta bere ideiak irmoki defendatu zituen, betiere giza eskubideak, euskal gizartearen aniztasuna eta bizikidetza demokratikoa oinarri hartuta». Familiari doluminak eman dizkio: «Dolumin mezu hau lehendakariaren senide, hurbileko pertsona eta bere ibilbide osoan lankide izan zituen guztiei ere bidali nahi diet».
Pradales: «Belaunaldi batentzat eredugarri»
Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak ere X sarean jarri ditu lehen dolumin mezuak: «Gaur Ardanza Lehendakaria oroitzeko eta omentzeko eguna da». Haren irudiko, «belaunaldi batentzat eredugarri» izan da. Besteak beste aipatu ditu autogobernuan, bakegintzan, bizikidetzan eta industrializazioan hark egindakoak: «Nola eskertu hainbeste eman duen Lehendakariari? Doakizu, bihotzez, nire miresmena, esker ona eta aitortza zintzoa. Agur eta Ohore, Lehendakari!»
Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiak ere mezu bat zabaldu du X sare sozialean, «herriaren zati bat» joan dela erranez. «Berak egindakoarekin beste zati handi bat gurekin kedatuko da betiko», borobildu du.
«Abertzale handi» bat agurtu du Ortuzarrek
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak ere X bidez egin ditu adierazpenak, hunkiduraz. «Herri honetan dena izan den nortasun instituzionalaz gain (alkate, ahaldun nagusi eta lehendakari), erbestea eta klandestinitatea bizi izan zituen abertzale handi bat ere badoa».
Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi Eider Mendozak ohar batean adierazi du atsekabea, «sakoneko samina»: «Euskal erakundeak eta autogobernua irmoki defendatu zituen beti. Gainera, indarkeriaren garai gogorrenetan bakearen, giza eskubideen eta elkarbizitzaren sustatzaile nekaezina izan zen».
Otxandianok «besarkada estua» bidali die EAJko militantziari eta komunitateari
Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaiak Ardanzaren senide eta lagunei helarazi die mezua, eta doluminak eman dizkie. X sare sozialaren bidez egin du adierazpena, eta EAJko militantziari eta komunitateari «besarkada estua» bidali.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak X sarean eman ditu doluminak, Jose Antonio Ardanza lehendakaria zendu dela jakin bezain pronto. «Une honetan bere alderdikide, senide eta lagunei nire doluminak eta besarkadarik beroenak helarazi nahi dizkiet bihotzez».
Ardanzak «autogobernuaren garapenean» izandako rola nabarmendu du PSE-EEk
PSE-EEk ere hildakoaren familiari eta lagunei helarazi die mezua, eta doluminak eman. «Jose Antonio Ardanzaren figura funtsezkoa izan da autogobernuaren garapenean eta egikaritzean bi alderdien arteko lankidetza emankorraren etapetan, baita askatasunen eta terrorismoaren aurkako borrokaren defendatzaile sutsua ere», borobildu dute.
Patxi Lopez lehendakari ohi eta PSOEko diputatuak bideo bidez egin ditu adierazpenak. «Jose Antonio [Ardanza] lehendakariak ulertu zuen demokrata guztien batasuna dela indarkeriari eta terrorismoari aurre egiteko tresnarik onena. Ardanza lehendakariaren aintzatespen eguna da, eta, harekin batera, gaur gozatzen ari garen Euskadi gureganatzeko gai izan ziren sozialisten eta nazionalisten belaunaldi horren guztiaren eguna», borobildu du.
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek X sare sozialean eman dizkio doluminak Ardanzaren familiari, lagunei eta kideei. Ajuriaeneko Ituna izan du gogoan: «Euskal sozialisten ondoan, Euskadiren historiako funtsezko aldi bat zuzendu zuen».
Elkarrekin Podemosek ere atsekabea erakutsi du
Pilar Garrido Elkarrekin Podemoseko koordinatzaile nagusiak X sare sozialean mezu bat zabaldu du, eta doluminak eta besarkada estu bat igorri dizkie Ardanzaren familiari, lagunei eta lankideei. Miren Gorrotxategi taldeko lehendakarigaiak ere doluminak eman dizkio familiari.
PPk Ardanza goraipatu du, «elkarrizketaren aldeko gizona» zela azpimarratuz
EAEko PPren presidente eta lehendakarigai Javier de Andresek ere izan ditu Ardanzarentzako hitzak, X sare sozialean: «Doluminak Ardanza lehendakariaren familiarentzat eta lagunentzat. Elkarrizketaren aldeko gizona zen, eta gaurko egunez utzi gaitu. Agur eta ohore». Bere alderdiko presidente Alberto Nuñez Feijook ere doluminak eman dizkie familiari eta lagunei, eta Ardanzaren ibilbidea goraipatu du: «Jose Antonio Ardanza lehendakaria funtsezkoa izan zen ETAren urte gogorrenetan, Ajuriaeneko Itunaren buru izan zenean».
Garciak ere, doluminak
Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaiak ere doluminak helarazi dizkie Ardanzaren senideei, lagunei eta alderdikideei.
Eusko Alkartasunak babesa eman die Ardanzaren senideei
Eusko Alkartasuneko prentsa bulegoak, berriz, ohar bat zabaldu du Ardanzaren heriotzaren berri izan bezain laster. Doluminak eman dizkie senideei, lagunei, alderdikideei eta EAJri.
Kataluniatik ere, babesa
Euskal Herritik kanpoko babes eta dolumin mezuak ere iritsi zaizkio Ardanzaren familiari. Kataluniatik, erraterako. Carles Puigdemont Generalitateko presidente ohiak eta Junts taldeko zerrendaburuak babesa helarazi dio lehendakariaren familiari, baita EAJri ere.
Gabriel Rufian ERCren diputatuak, berriz, erran du Ardanza «Euskadik eman duen politikari hoberenetako bat» izan dela, eta haren familiari doluminak eman dizkio.
Athleticek doluminak eman dizkio familiari
Athletic taldeak ere mezu bat zabaldu du X sare sozialean. Ardanzaren familiari eta hurbilekoei «besarkada estu bat» igorri die.