Jose Antonio Ardanza Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eginiko ibilbide politikoa hobeto uler daiteke hark esandakoei eta argitaratutako gogoetei erreparatuta. Horiek, batez ere, Euskadi bihotzean liburuan bildu zituen; lan horretakoak dira segidan jasotako hausnarketa gehienak.
«Politikara geroago batu diren belaunaldiek ez bezala, gurea igaro zen enpresen, kabineteen, bufeteen eta bulego profesionalen buru egotetik udalak eta gobernu departamenduak zuzentzera. Profesionalak ginen eta egin behar genuena egin genuen. Baina, oroz gain, abertzaleak ginen, eta konpromiso bat genuen gure herriarekin eta gure identitate politikoarekin. Horrek eraman gintuen alor pribatuko ardurak uztera eta —kasu gehienetan diru galera adierazgarriarekin— erakundeen zuzendaritzara igarotzera».
«Ez zen eta ez da nire konstituzioa, baina errespetatu dut. Lehendakari izan nintzen hamalau urteetan zehar, modu kontsekuentean bete nuen Estatuaren ordezkaritza Euskadin, eta, elkarlanean aritu nintzen, leialtasunez, erakunde espainiarrekin».
«[EAJren] hausturaren benetako motiboa, nire ustez, ez zen Lurralde Historikoen Legea edo botere instituzionalaren banaketa izan, zerbait sakonagoa baizik. Jokoan zegoen zeinek agintzen zuen, zeinek zuzentzen zuen mugimendu abertzale osoa. Funtsean, bizefalia zegoen jokoan. Gobernuak izan behar zuen, edo EAJk bete behar zuen rol hori? Inguruabarren ondorioz hirugarren batzuk egon ziren desadostasun horretan, diputazioak, gobernuaren aurkako eta alderdiaren aldeko posizioa hartu genuenak».
«Nik EAJ aukeratu nuen. Alderdiaren eta lehendakariaren instituzioa hezurmamitzen zuen Carlos Garaikoetxearen artean aukeratzeko beharrean ikusi nuen nire burua. Eta apustu instituzional bat egin nuen. Ez nuen onartu gatazka planteatu zen forma ezta hura konpontzeko proposatu zen bidea ere, Garaikoetxearen pertsonarekiko atxikimendua baitzen. Argi neukan, eta orain ere hala daukat, alderdiak irauten duela, lehendakaria EAJkoa edo beste edozein bloketakoa izan daitekeen bitartean: pertsonak igarotzen dira eta erakundeak dira geratzen direnak».
«ETA ohiko gaia izan zen gure elkarrizketetan, eta modu soil eta argian hitz egiten zidan gaiaz. Gonzalez ulerkor agertzen zen erakunde terroristaren jatorriarekin, diktaduraren aurkako gazte abertzaleen matxinadaren fruitu izanik, baina oso kezkatuta zegoen indarkeriak demokraziarentzat izan zitzakeen zorigaiztoko ondorioekin».
«Txiki [Benegas] —esan nion—, hamalau urtez euste horma moduko bat izan naiz. Arduraz jokatu dut bakea, indarkeriaren arbuioa, euskal gizartearen kohesioa, tolerantzia eta elkarrizketa bezalako balioak defendatzen, baina dezepzionatuta eta frustrazioz noa, ezin izan dudalako sakoneko arazoa konpondu: Autonomia Estatutuaren eta horretan aurreikusitako autogobernuaren garapen osoa eta leiala. Eta arazoak hor dirau. Beldur naiz ni joatean arazo serio bat izango duzuela: autogobernu nahia geldiezina izango da, eta egunen batean bakea iristen bada, eta etorriko da, euste horma hori lehertu egingo da, eta ezin izango diezue erantzukizuna leporatu errudun izan ez zirenei».
«Geure arteko akordio falta izan da eta da arazo nagusia. Lehendakari izan nintzenean, argi eta garbi ikusten nuen hemen ituna ez zela posible. Indarkeria izan da oztoporik handiena akordio bat egoteko; ez da posible pistolekin, bahiketekin, enpresaburuei egindako lapurretekin... Nire etika humanistan hori ez da posible. Alderdi batek babestu egiten zuen indarkeria, eta ez zen posible harekin itunik. Gainera, besteek [ez-abertzaleek] mila eta bat arrazoi juridiko eta demokratiko topatzen zituzten erabakitzeko eskubidea ez onartzeko. Indarkeria hori amaitu denez, erraztasun handiagoa egon beharko litzateke. Gertatzen dena da gauzak egun batetik bestera ez direla konpontzen. Denbora bat behar da abertzaleok ulertzen hasteko, konfiantza hartuz joateko. Belaunaldi bat beharko dugula pentsatzen dut. Beste gauza bat da tarteka akordio batzuk lortzea».
2017ko maiatzaren 5a, BERRIA
«Gure alderdiak euskal bidea du, eta beti martxan eduki du. Ez zaigu joan txarto. Heldu garen tokira heldu gara. Orain, estatus berri bat nahi dugu, akordio sakon baten bitartez lortutakoa. Badakigu akordioak ez direla aho batekoak izaten, baina abertzaleen eta besteen artean zubiak eraiki behar dira. Bestela, ez dago zereginik».
2017ko maiatzaren 5a, BERRIA
«Pentsatzen dut demokraziak eskuzabala izan beharko duela. Hortik hasi beharko dugu segurutik. Adiskidetzea lortzeko bekatua daukanak barkamena eskatu beharko du, ze barkamenik ez badu eskatzen, ez da sinesgarria bere aldaketa benetakoa dela. Barkamena eskatu behar du, eta damutu egin beharko du egin duen minagatik».
2011ko urriaren 16a, BERRIA