Bingen Zupiria Gorostidi.
Eusko Jaurlaritzaren bozeramailea

Ardanza, askoren lehendakari

2024ko apirilaren 8a
20:56
Entzun

Nola epaitu Ardanza lehendakariaren jarduna eta legatua? Ez naiz seguruenik pertsonarik objektiboena horretarako. Denbora luzea igaro dut bere aldean, lankide bezala hasieran, adiskide gisa ondoren, eta ez daukat patxadarik ez gorputz-aldirik distantzia hartzeko.

Ardanza belaunaldi jakin bateko seme izan da. Gerra zibilaren inguruan jaioa, Francoren diktadurapean bizi izan zen, eta, beste gizon eta emakume asko bezala, askatasunen aldeko borrokari lotu zitzaion, kausa ugaritan militatu zuen, demokraziaren etorrerarekin ilusionatu zen eta euskal autogobernua berreskuratzeko euskal erakundeak berreraikitzen parte hartu. Kooperatiben munduan lan egin zuen, eta ikastolen sorreran. Baita zerbitzu publikoan ere: Arrasateko alkate, lehen udal hauteskunde demokratikoetan, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi, 1983an. 1985 eta 1999 bitartean Euskadiko lehendakaria izan zen. Garai hartako gizon-emakume asko eta askorengan bezala, Ardanzaren bizitza politiko eta instituzionalaren oinarrian humanismoaren eta demokraziaren aldeko aukera egon zen beti, pertsonaren duintasuna, askatasuna eta giza eskubideen errespetua.

Lehendakariari urte zailak egokitu zitzaizkion. Nahikoa da laurogeiko hamarkadan gure herrialdeak bizi zuen krisi orokorra gogoratzea, berak eta bere lehen gobernuek izan zituzten zailtasunak ulertzeko. Erakundeen eta alderdi politikoen arteko tentsioa izugarria zen, eta blokeo-egoera zen nagusi. Bizikidetzari eraso egina zion ETAren indarkeria terroristak, eta artean nabariak ziren Estatuak eta haren estoldetatik etorritakoek eragindako legez kanpoko indarkeriaren ondorioak. Estatu-agente batzuek demokrazia bera zalantzan jartzen zuten. Ekonomia, egoera kritikoan. Industria, deseginda. Langabezia biztanleriaren % 25era iritsi zen eskualde batzuetan. Gizartean pobrezia- eta marjinazio-poltsa garrantzitsuak zeuden.

Demokraziarekiko konpromisoa eta autogobernua berreskuratzeko ilusioa izan ziren gure herria modernizatzeko erronka hartu zutenen inspirazio nagusia, gure gizartean bizikidetza sustatuz, jarduera ekonomikoa eta enplegua suspertuz. Bere agintaldiaren azkenerako euskal gizartearen gehiengoaren onarpena lortu zuen Ardanzak. Ez, ordea, guztiena. Gure gizartearen zati batek ez du behin ere ezkutatu lehendakariari izan zion herra eta gorrotoa.

Hogeita bost urte igaro dira 1999an Lehendakaritza utzi zuenetik. Urte hauetan guztietan gauza asko gertatu da gure herrian. Haien artean Lehendakariak biziki irrikatu zuen bat: ETAren indarkeria amaitu da, Politika erakundeetan egiten da modu demokratikoan eta elkarri begietara begiratu eta iraganaz eta etorkizunaz nahi duguna pentsatu eta esateko askatasuna daukagu. Urrunekoa eta ia ezinezkoa zirudien. Ardanzak bere lehendakari-denborarik gehiena eman zion helburu horri. Uste dut gaur egun bizi dugun herrialdeari begiratu bat ematea dela Jose Antonio Ardanzak eta haren kide izan zirenek hartutako bideak egokiak izan zirela ikusteko, gauza handietan eta txikiagoetan.
Mila esker, Lehendakari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.