2020ko martxoan izan zen herriko bozen lehen itzulia Ipar Euskal Herrian. Arbonan (Lapurdi) bi zerrenda aurkeztu ziren orduan: Marie Josee Mialocq buru zuen Arbona Zuekin zerrenda, eta Beñat Arla buru zuen Hats Berri Bat Arbonari zerrenda. Mialocqen zerrendak irabazi zituen bozak, 530 bozekin, eta 416 boz izan zituen Arlarenak. Baina, bozen egunean, akats administratibo bat gertatu zen: Hats Berri Bat Arbonari zerrendaren boto paperetan, kide baten «espainiar nazionalitatea» ez zen zehaztua izan. Mialocqek, orduan, helegitea ezarri zuen, Hats Berri Bat Arbonari zerrendaren bozak baliogabetzeko: hala gertatu zen, eta, orain arte, Mialocq izan da auzapez.
Iragan irailean, Paueko Administrazio Auzitegiak agindu zuen bozak berriz egin behar zirela, Mialocqen helegitearen harira. Hark, ordea, Frantziako Estatu Kontseiluan epaiari helegitea jarri zion, eta atzo trenkatu zuen instituzioak: bozak berriz egin beharko dituzte Arbonan, datorren irailean. Usaian bezala, hautagaiek bi asteko epea izanen dute kanpaina egiteko. Anartean, auzapeza eta hautetsiak kargutik kendu dituztenez, Frantziako Estatuko ordezkari batzuek kudeatuko dute Herriko Etxea.
Paueko Administrazio Auzitegiak auziaren emaitza eman ondotik, BERRIArekin mintzatu zen Zigor Goieaskoetxea, Arlaren zerrendakoa: «Suprefeturan behar bezala aurkeztu genituen dokumentuak, baina boto paperetan ahantzi genuen. Espainiar nortasun agiria dut, baina ez naiz espainola. Naturalki egin genuen».