Urtero behar dute laguntza Ipar Euskal Herriko ikastolek. Aurten, inoiz baino gehiago. Joan den astean su hartu zuen Donamartiriko (Nafarroa Beherea) Arberoa ikastolak. «Zorionez, gauez eta bakantza garaian gertatu da, eta kalte materialak baizik ez dira izan», esplikatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. Baina kalte material «izugarriak». Berehala iritsi dira elkartasun keinuak Euskal Herri osotik, eta dirua biltzeko kanpaina ere abiatu dute. 2025eko Herri Urrats Senpereko Kattalin Elizalde kolegioaren handitze lanak ordaintzeko aurreikusia zuten; egoerak hala eskatuta, Arberoa ikastola laguntzeko ere izanen da. Maiatzaren 11n eginen dute, Senpereko aintziran.
Ikusi gehiago
200 metro koadro baino gehiago kiskali ziren joan aste hasieran: bi ikasgela, irakasleen bulegoa, bilkura gela, atariko aterpea... Aseguruaren aditu txostenaren beha dira Seaskako arduradunak, baina dena bota eta hutsetik eraiki beharko dute ikastola. «Ehunka mila euroko gastua» izanen duela aurreratu du Jorajuriak. «Espero dugu aseguruak parte bat bere gain hartuko duela, baina zati handi bat gure gain izanen da eraikuntzan, eta zer erranik ez barneko mahai, kadira, arbel eta bestelako material pedagogikoetan».
Azken egunetan, ikastolako gurasoak, irakasleak eta langileak tira ahala aritu dira auzolanean, «salba zitekeena salbatuz, eta errea zena hustuz». Jaso duten elkartasun guzia ere eskertu du Jorajuriak. Auzokoak pentzea prestatu die ikastolakoei, eta alokairuzko prefabrikatuak ezarriko ditu Seaskak, 57 ikasleei nola hala harrera egiteko.
«Erleak berebiziko garrantzia du ekosisteman; gure komunitatearekin berdin gertatzen da: Seaskako komunitatea behar-beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Iparraldean, baita euskalduntzearekin jarraitzeko ere»
KOLDO RODRIGUEZHerri Urratseko kidea
Jokaleku honek are zentzu handiagoa eman dio aurtengo Herri Urrats jaialdirako hautatu duten leloari: 'Elgarrekin'. «Elkarrekin, denok batera egiten dugulako Herri Urrats», esplikatu du Koldo Rodriguez Herri Urratseko kideak. «Elkarrekin, ipar eta hego herri bat irudikatuz. Elkarrekin, Seaska eta jendartea ikastolak eraikitzen eta mantentzen. Elkarrekin, euskara hauspotuz. Egungo jendarte indibidualistari aurre eginez, elkarrekin egitearen eta elkarrekin egotearen apustua egiten dugulako».
Erle beltza hautatu dute aurtengo sinbolo modura, eta horri ere eman dio zentzua Rodriguezek. «Erleak berebiziko garrantzia du ekosisteman; gure komunitatearekin berdin gertatzen da: Seaskako komunitatea behar-beharrezkoa da euskarak bizirik iraun dezan Iparraldean, baita euskalduntzearekin jarraitzeko ere».
Maketa lehiaketa
2025eko Herri Urratsen kantua Aguraingo (Araba) Dupla taldeak eginen du. Ikastolen aldeko jaialdian egin zuten Ipar Euskal Herrian jo zuten lehen kontzertua, Rodriguezek esplikatu duenez, eta ordutik etengabe aritu dira hiru lurraldeetan. Jadanik hasiak dira abestia eta bideoklipa lantzen, eta prestaketa lanetarako Etxepare lizeoko ikasleekin, Seaskako sortzaileekin eta Herri Urratseko antolakuntza taldearekin aritu dira, bizipen eta ideia horietatik abiatzeko sorkuntza lana. Martxo hasierarako aurkeztu beharko lukete.
Horrez gain, urtero bezala ekitaldi andana izanen dira Herri Urrats aitzineko giroa berotzeko. Bertso saio bat iragarriko dute aurki, eta Go!azen telesailaren urteko azken atalaren estreina eginen dute otsailean, aktoreekin batera. Urteroko zozketa ere antolatuko dute. Azkenik, herriurrats.eus webgunea ere martxan jarriko dute, Herri Urratseko materiala online erosi ahal izateko.
Musika maketen lehiaketa ere eginen dute aurten, BERRIA eta Badok atariekin elkarlanean. Iaz abiatu zuten, eta berrogei taldek parte hartu zuten. Euskaraz abesten duen talde orori irekia da. Parte hartu nahi duenak hiru abesti bidali beharko ditu [email protected] helbidera. Talde irabazleak 2025eko Herri Urratsen jotzeko parada izanen du.