Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak salmenta espekulatiboa salatu du

Etxebizitza krisiaren aurka, Hazparnen joera espekulatiboa ukan duen etxebizitza agentzia batean elkartu dira kolektiboko 30 bat kide, beren aldarrikapenen kaleratzeko.

Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboko kideak, Puyo Immobilier agentzian
julene muruaga
Hazparne
2024ko urtarrilaren 20a
18:39
Entzun

«Herrian bizi nahi, baina ezin...». Hala zioen Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak zintzilikatutako banderolak, Puyo Immobilier agentziaren sartzean, goizean. Aiherrako (Nafarroa Beherea) etxebizitza baten salmenta espekulatiboa adibidetzat hartuz, Euskal Herriko etxebizitza krisia salatzeko bildu da kolektiboa Hazparnen (Lapurdi). Hain zuzen ere, 2017an, aihertarren artean biziki ezaguna zen Etxexuria baserria 250.000 eurotan erosi zuten jabe berriek; bost urte berantago, iazko abenduan, 1.600.000 eurotan jarri zuten salgai Puyo Immobilier agentziaren bidez: jatorrizko prezioa halako sei da. Horren berri izan bezain laster, Aiherrako auzapezak gutun bat helarazi zien agentziari eta etxeko jabeei, jakinarazteko ez zela ados.

Larunbat goiz honetan, Arberoako kolektiboko 35 bat kide Puyo Immobilier agentziaren egoitzara sartu dira, langileei eta jabeei adierazteko kexu direla Etxexuriaren salmentaren harira. Erakusgai ezarri dituzte «Espekulazioa Stop», «Etxexuria, 2017: 250.000 €, 2023: 1.600.000», eta «Herrian bizi nahi, eta ezin...» mezuak. Bulegoaren erakusleihoan agerian ziren iragarkiak estalki batekin tapatu, beste batzuk kendu, eta «Puyo Immobilier salgai» panelekin ordezkatu dituzte.

«Kontzientzia kontua»

Taldekoek Puyo Immobilier agentziaren jabe Jean-Michel Puyori adierazi diote ulertezina zaiela Euskal Herrian etxebizitzaren prezioak hainbeste emendatzea eta, zehazkiago, Aiherrako Etxexuria etxeari halako prezioa jartzea. Iragarkian ezarritako prezioa jaistea edota iragarkia kentzea galdegin diote, eta egoera «onartezina» dela salatu. Erran diote kasu hori ez dela bakarra, eta egoerak bide beretik segituko duela agentziek espekulatzen edo espekulatzaileekin lan egiten badute hemendik goiti ere. «Kontzientzia kontu bat da, dirua kontatzeari utzi behar diozue. Batzuek ez dute deus» . Ordu erdiko eztabaidaren ondotik, adierazi du etxearen jabearekin mintzatuko dela egoera aipatzeko.

Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak hau galdegiten die agentziei: egiten dituzten estimazioak jaistea, merkatu libreak «etxebizitzari ematen dion balioa kaltegarria delako»; prezio espekulatiboak dituzten proposamenak ez onartzea, «merkatutik kanpoko prezioak baztertu behar baitira»; bigarren etxebizitzaren erronkari aurre egitea, «gure lurraldean ere agentziek uko egin behar baitiete bigarren etxebizitzei»; eta lehentasunez bertako herritarrei eta lehen jabetza eskumenari lehentasuna eman behar dietela, «etxebizitza denon eskubidea baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.