Giroa gaiztoturik dago azkenaldian Gasteizko Errota auzoan. Badira zenbait aste bizilagun batzuk mobilizatzen hasi zirela auzoko lokal huts batzuk okupatuak dituztenen aurka, eta, egunez egun, tentsioa koska bat igotzen ari da. Migratzaileak dira lokal horietako batzuetan bizi direnak, eta, auzokide batzuen ustez, haien erruz ari dira handitzen delinkuentzia eta segurtasunik eza auzoan. Gasteizko hainbat auzo elkartek, hala nola Errota auzokoek, ohartarazi dute hainbat sektore politiko protestez baliatzen ari direla migratzaileen aurkako gorrotoa zabaltzeko eta tentsioa sortzeko, eta instituzioei galdegin diete arazoei errotik heltzea eta gizarte bazterketaren aurkako irtenbideak ematea.
1970eko hamarkadan eraiki zuten Errota auzoa, industrializazioa eta haren eraginez izandako immigrazioa zirela medio, eta, egun, kultur aniztasuna nagusi da bertan. Gasteizko 31 auzoetatik populazio handiena dutenen artean dago: 12.700 bizilagun inguru bizi dira han, gehienak errenta apalekoak. Auzoak, baina, premia handiak ditu: azpiegiturak falta ditu —osasun zentrorik ez du, besteak beste—, etxebizitza ugari zaharkituta daude, eta, arrazoi bat edo bestea tarteko, denda txiki askok itxi behar izan dituzte ateak. Gaur egun, berrehundik gora lokal hutsik daude auzoan, eta horietako asko eta asko tamalgarri daude, utzita eta zikinkeriaz beteta.
Baztertuta dauden hainbat lagunek okupatu zituzten lokal horietako batzuk duela zenbait hilabete, baina, zehazki, bi lokalen inguruan piztu da polemika —Gurutze Zuria eta Eulogio Serdan kaleetan okupatutakoetan—. 30-40 lagun inguru bizi dira han, baldintza eskasetan. Haietako batzuek arazo mentalak dituzte, droga mendekotasuna beste askok, eta elkarbizitza arazoak ohikoak dira haien artean, Errota Zaharra auzo elkarteko kide Ibon Martinez de Agirrek kontatu duenez. «Toki horiek ez dira egokiak bizitzeko, eta sortu den egoera ez da inorentzat atsegina», gaineratu du.
Banketxe bat eta Euskal Herritik kanpo bizi den pertsona bat dira lokalen jabeak, eta, han bizi direnen aurkako salaketak jarriak dituzten arren, epaitegien agindurik gabe ezin dituzte hustu. Hala ere, Gasteizko Udalak jakinarazi du astearte iluntzean Poliziak Gurutze Zuria kaleko lokala behin-behinean itxi egin zuela, segurtasunagatik, erakusleihoko kristalek erortzeko arriskua zutelako. Barruan ez zegoela inor egiaztatu ostean itxi zuten lokala, eta jabeari—banketxe bati— abisu eman zioten. Udalak behin betiko itxitura jartzeko eskatuko dio lokalaren jabeari.
Manifestazioak, asteartero
Auzokideen arteko ezinegona, baina, ez da apaldu. Urriaren hasieran hasi ziren manifestatzen zenbait bizilagun, etxe atarietan agertutako ohar anonimo batzuetako deiari erantzunez. Manifestazioaren deitzaileek iragarri zuten asteartero bilduko zirela aurrerantzean, «segurtasuna bermatu arte», eta udalari eta Udaltzaingoari eskatu zieten okupazioaren arazoa konpontzeko. Lehen manifestazio hartan, geldialdiak egin zituzten okupatutako lokaletan, eta, bertakoak seinalatuz, «delinkuentziarik gabeko auzo garbia» eskatu. «Integrazioa bai, delinkuentziarik ez» oihukatu zuten mobilizazioan.
Tentsioak goia jo zuen urriaren amaieran, Gasteizko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak lokal batean sarekada egin, bi lagun atxilotu, eta beste bost identifikatu eta gero. Egoera irregularrean egotea leporatu zieten. Bitartean, bizilagunek asteartero egiten dituzte manifestazioak auzoan, eta okupatutako lokalen aurretik igarotzen dira. Errota Zaharra auzo elkarteari eskatu diote mobilizazioetara batzeko, baina elkarteak uko egin dio, arazoaren inguruko bestelako ikuspegia du eta.
Inor gutxik ukatzen du auzoan bizikidetza eta segurtasun arazo bat badela, baina Errota auzo elkartekoek uste dute liskar giro handiagoa dagoela manifestazioak hasi zirenetik eta Poliziaren presentzia handitu denetik. «Auzoa erdibitzea lortu dute», kexu da Martinez de Agirre. Talde horretako kideek uste dute arazoa ez datzala bakarrik lokal hutsen okupazioan; funtsean, pobrezia eta auzoa «abandonatu» izana direlako gatazkaren erroa. Aferaren muinari heltzea ezinbestekoa dela deritzote, «desitxuratu» egin delakoan.
Errota Zaharra elkarteko kideak uste du auzokide batzuek okupatzaileen aurka abiatutako mobilizazio dinamikak eta auzoan Polizia gehiago egoteak jatorri atzerritarreko bizilagunak «kriminalizatu» eta auzokideen arteko «konfrontazioa elikatu» besterik ez dutela egiten. Are, kritikatu du eskuineko alderdiak eta zenbait komunikabide bizilagunen ondoeza baliatzen aritzea migratzaileen aurkako mezuak hauspotzeko: «Auzoaren benetako egoerak ez du zerikusirik komunikabideetan ematen ari diren irudiarekin», ohartarazi du. Auzo elkarteak «benetako soluzioak» galdegin dizkio udalari, uste baitu ez direla gizarte politika eraginkorrak ezartzen ari alternatiba bideragarriak emateko etxegabeei eta gizarte bazterketa larrian daudenei.
Irtenbide bila
Errotako auzo elkarteek hainbat bilera izan dituzte Gasteizko udal gobernuarekin, baina, oraingoz, ez da arazoa konpondu. Maider Etxebarria alkateak esan du «delitugileak» ez direla «zigorrik gabe geldituko», nahiz eta gehitu duen presio poliziala areagotzearekin batera irtenbide sozialen bila ere arituko direla. Hain justu, Gasteizko Udaleko gizarte zerbitzuak arta ematen ari zaizkie lokaletan bizi diren herritarrei.
Bien bitartean, Gasteizko auzo elkarteak lanean ari dira egoera konpontzeko bide egokia aurkitzeko. Argi dute Polizia areagotzea «kolpe efektista» bat dela, baina bidea bestelakoa dela: «Gu indarrak biltzen ari gara irtenbide adostu bat lortzeko», ziurtatu du Martinez de Agirrek.