«Arazoa ez da trans legea, iruzurra egiten saiatzen den jendea baizik»

Donostian emazteari eraso egin zion ertzainaren kasuaren harira, Naizen elkarteak nabarmendu du lege iruzurra egiten saiatzen direnei erreparatu behar zaiela, transen eskubideak zalantzan jarri ordez.

LGTBI komunitatearen aldeko manifestazio bat, Bilbon, ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
LGTBI komunitatearen aldeko manifestazio bat, Bilbon, ekainaren 28an. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko abuztuaren 21a
17:10
Entzun

Donostian ertzain bat atxilotu zuten larunbatean emazteari aizto batekin eraso egitea egotzita. Denbora pasatu ahala, kasuaren xehetasun gehiago argitaratzean ari dira: besteak beste, iazko azaroan Erregistro Zibilean izendapena aldatu zuela emakume gisa agertzeko, eta horrek eragina du kasua indarkeria matxista gisa tratatzeko orduan. Espainiako trans lege berria erabili zuen aldaketa egiteko. Hori jakitearekin bat, hasi dira mezu transfoboak zabaltzen, eta horien aurka mintzatu da BERRIArekin Bea Sever, Naizen adingabe transexualen familien elkarteko bozeramailea: «Ez zaio erreparatzen erreparatu behar zaion horri, eta  ez da kasualitatea».

Arautegi berria iazko martxoan sartu zen indarrean. Transek aurrez bizi behar izaten zutena aztertzeari ekin dio gaian aditua den abokatu batek —ez du izenik eman nahi izan—. Haren esanetan, orain arte bi baldintza zeuden aldaketa egiteko. Bat: mediku txosten bat aurkeztea, adierazten zuena pertsona horiek gaixorik zeudela, genero disforia zutela. Severren irudiko, zentzugabekeria bat da hori eskatzea: «Osasunaren Mundu Erakundeak transexualitatea 2018tik kenduta baldin badauka buruko gaitzetatik, ez dauka inolako zentzurik pertsona transexualei txosten bat eskatzeak. Zer txosten eskatu behar zaie, existitzen ez den gaixotasun batena?». Eta bi: gutxienez bi urtean hormonak hartzen aritu izana. «Pertsona bat medikuntza tratamendu bat hartzera behartzea ere giza eskubideen aurkakoa da», nabarmendu du Severrek.

«Garrantzitsuena da polizia batek —ertzain batek— ustez delitu bat egin duela, ustez lege iruzurra egin duela»

Bea SeverNaizen elkarteko bozeramailea

Orain, legedi berriarekin, bertan behera geratu dira betekizun horiek. Horrenbestez, legea transentzat onuragarria dela iruditzen zaio abokatuari: «Haur transak aitortu behar dira, eta ondo tratatu behar dituzte eskolan, auzoan, familian... horretarako hormonak hartu eta ebakuntzarik egin beharrik izan gabe. Horretarako sortu da arau hori, eta zenbait albisterekin saiatzen ari dira ulertarazten batez ere emakumeen eskubideak murrizteko sortu dela legea». Adierazi du ez dela hala: «Esaten ari dira gaur egun emakume izateak abantailak baino ez dizkigula ematen, jakinda ere emakumeek historian zehar pobrezia handiagoa, indarkeria handiagoa, eraso gehiago... jasan baino ez dugula egin. Eskubide askoren alde denbora asko daramagu borrokan, eta uste dut errespetatu behar direla, emakume trans bat izan edo ez. Saiatzen ari dira gizartea trans kolektiboaren aurka jartzen, baina pertsona guztien askatasuna baino ez da lortu nahi». Severrek gaineratu du arautegi hori «nazioarteko araudiari jarraituz» egin dela.

Lege iruzurra?

Orain, ikusteko dago ertzainak lege iruzurra egin ote duen edo ez. «Badaude baliabideak lege iruzurra atzemateko eta zigortzeko, eta horretan ari dira», ziurtatu du Severrek. Halaber, salatu du pertsona jakin batzuk saiatzen ari direla iruzurra egiten: «Arazoa ez da legea: arazoa da iruzurra egiten saiatzen den jende talde bat dagoela, eta, gainera, ezaugarri jakin batzuk dituzte: Espainiako Estatuan ikusi ditugun kasuetan, beti izan dira gizonezkoak, eta, askotan, militarrak, poliziak edo ezaugarri oso jakinak dituzten tiktoker eta instagramerrak dira —eskuin muturrekoak, matxistak...—. Zergatik ez diogu erreparatzen horri, eta legeari bai?». Donostiako kasuan ere, halatsu: «Garrantzitsuena da polizia batek —kasu honetan, ertzain batek— ustez delitu bat egin duela, ustez lege iruzurra egin duela. Horri erreparatu behar diogu, eta ez zalantzan jarri jende talde bat babesteko sortu den lege bat». Legearen 46. artikulua ere izan du hizpide: «Hori da bereziki genero indarkeria aurreikusten duena. Delitua egin zuenean zeuzkan datuen arabera epaituko da pertsona hori. Kasu honetan, adibidez, kontuan hartu behar da badaudela antza delitu hori aurretik ere egin zuelako zantzuak».

Gainera, trans legea bai, baina beste lege batzuk ez dira zalantzan jartzen, abokatuak nabarmendu duenez. Ezkontzen araubidea jarri du adibidetzat: «Bikote bat ezkondu eta ezkontza hori komenentziakoa bada, ez dugu bikote ezkonduaren figura abolitzen. Arazoaren jatorria ez da pertsonek ezkontzeko aukera izatea: arazoaren jatorria da figura hori erabiltzeko aukera izatea lege iruzurra eginez. Eta inori ez zaio bururatzen ezkontza abolitzea, baina lege hau abolitzea bai». Halaber, azpimarratu du trans legean bereziki jasota dagoela ezin dela lege iruzurrik egin: «Agindu hori ez dago jasota beste legeetan. Edozein arau betetzen ez bada edo dituen helburuetarako erabiltzen ez bada, jada lege iruzurtzat hartzen da, Kode Zibileko arautegi orokorrean jasota dagoelako. Trans legeak hori jaso behar izatearen aurka nago».

«Badaude baliabideak lege iruzurra atzemateko eta zigortzeko, eta horretan ari dira»

BEA SEVERNaizen elkarteko bozeramailea

Jada abiatu dute ikerketa, eta Gipuzkoako Fiskaltzak eskatu du auzia bideratu dadila genero indarkeriaz arduratzen den epaitegira. Abokatuak esan duenez «hainbat kontuk» atentzioa eman diote azken egunetako albisteetan: «Esan dute fiskalak jarraipena egin diezaiokeela pertsona horrek ez zuelako itxura aldatu eta ingurukoei ez zielako jakinarazi. Ordea, libre gara erabakitzeko nola jantzi, nola pentsatu eta zer egin gure informazio pribatuarekin; niri ez zaizkit iruditzen lege iruzur bati jarraipena egiteko arrazoiak». Uste du lege iruzurra egin duen frogatu beharko dela. Baina nola? «Inguruan ikerketa bat egin beharko dute, pertsona horren mugimenduak ikertu...». Eta, azaldu duenez, lege iruzurra izan dela frogatuz gero, ez lukete kontuan hartuko ertzainak egin duen aldaketa, eta, beraz, kasua genero indarkeria gisa tratatuko lukete.

Ertzaina, lanalditik kanpo

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari kasuaz galdetu diote SER irratian. Azaldu duenez, oraingoz Ertzaintzatik baztertu dute, epaileek erabaki bat hartu bitartean. Izan ere, Ertzaintzako barne arautegiak «hutsegite larritzat eta botatzeko arrazoi posibletzat» ditu horrelakoak. Sailburuak gaineratu du gertatutakoa  «oso larria» dela, genero indarkeria izan edo etxeko indarkeria izan. Gainera, adierazi duenez,  gertatutakoa ikertzen ari diren ertzainek uste dute kasua genero indarkeria dela eta horrela jakinaraziko diete fiskaltzari eta dagokion epaitegiari. «Gero, justiziak erabakiko du modu batera edo bestera tramitatuko duen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.