Klima aldaketak itsasoan duen eraginaren alderdi askotarikoak aztertzen aritu dira Ficoban (Irun, Gipuzkoa), AZTI zentroak antolatutako Uhinak kongresuan, urriaren 23an eta 24an. Bertan izan da Bartzelonako ICM Itsas Zientzien Institutuko zuzendariorde eta ikerlari Marta Coll, naturan oinarritutako soluzioek itsas ekosistemak leheneratzeko duten ahalmenaz hitz egiteko.
Zer eragin du klima aldaketak itsasoan?
Efektuak askotarikoak dira, biologikoetatik sozioekonomikoetara. Tenperaturaren aldaketaren inpaktua dugu, baina baita itsasoan dagoen oxigeno kantitatearena eta pH-arena ere. Aldaketa horiek organismo askori egiten diete kalte. Horrek, esaterako, espezieak mugitzea eragiten du, eta lehen ez zeuden leku batzuetara iritsi daitezke batzuk. Eta mugitzen ez direnean, emaitzak bestelakoak dira: norbanakoen heriotza masiboak, adibidez.
Itsasoko organismoei gertatzen zaien horrek eragina du haien harrapakariengan, baina baita arrantzaleengan ere. Inpaktua itsas organismoetatik gizakietara doa.
Itsas eremu ezberdinak ikertu dituzue. Nola dago Ipar Atlantikoa?
Klima aldaketa agerikoa da, eremu guztietan bezala, baina egia da egoera pixka bat hobetik abiatzen dela eskualde hori, Mediterraneo itsasoarekin alderatuta, adibidez. Politika batzuk onartu dira espezie batzuk leheneratzeko: antxoaren kasuan, esaterako. Baina klima aldaketagatik, espezie batzuk desplazatzen ari dira, beste batzuk iristen ari dira, eta batzuk tamainaz aldatzen ari dira. Ikerketa batzuek diote antxoaren tamaina txikitzen ari dela, eta hori ziur klima aldaketarekin lotuta dagoela, partzialki bada ere.
Zer dira naturan oinarritutako soluzioak?
Gestiorako esku hartze edo estrategiak dira, naturak bere burua birsortzeko duen ahalmenarekin aliatzen direnak. Eta natura zaintzen baduzu, hura kapaz da klima aldaketaren efektu batzuei aurre egiteko. Babestutako itsas inguruetan ikusten dugu, non ekosistema ondo babestuta dagoen eta osasun egoera ona duen. Eremu horiek gai dira tenperatura igoerei edo muturreko gertakariei askoz hobeto aurre egiteko.
Kontserbazio politikak naturan oinarritutako soluzioak dira, argi eta garbi; baita degradatuta dauden berreskuratze ekintzak ere. Habitatak sortzen dituzten espezieak leheneratzea ere garrantzitsua da: koralak, eta muskuilu eta ostra bankuak, adibidez.
Kate trofikoaren oinarria ere badira espezie horietako batzuk.
Bai, jatekoa ematen die harrapakari handiei. Baina ez dira soilik garrantzitsuak horregatik, baita ematen dituzten beste zerbitzu batzuengatik ere.
Bestalde, oso garrantzitsua da baliabideak modu jasangarrian ustiatzea ere. Espezieak ondo mantendu daitezen, garrantzitsua da kuoten azpitik harrapatzea.
«Ezer ezin dela egin pentsatzea oso logika perbertsoa da, gelditasunera baikaramatza, eta gaur egun hori da gerta litekeen okerrena»
Klima aldaketaz gain, arrantza da ziurrenik itsas ekosistemari gehien eragiten dion giza jarduera.
Klima aldaketa hemen dago, eta hemen jarraituko du, eta isurtzen den karbono kantitatearen arabera ezberdinak izango dira aldaketa horren eraginak. Baina guk, tokian-tokian, esku har dezakegu itsas eta kosta eremuak kudeatuz. Horretarako, funtsezkoa da ekosistema osasuntsu egoteko itsas eremu babestuak sortzea eta baliabideak ondo kudeatzea.
Kudeatzaile batzuekin hitz egiten duzunean, esaten dute ezin dela ezer egin, klima aldaketak dena irensten duelako, edo gure ahalegin guztiak ezabatuko dituelako. Eta uste dut ez dela egia: gauzak egin daitezke. Eta gure ereduek eta analisiek erakusten dute lor daitekeela. Horren erakusgarririk onenak, gaur egun, itsas eremu babestuak dira; inguru horiek ez daude klima aldaketak eragiten ez duen burbuila batean, eta aldea dago degradatutako eremuekin alderatuta.
Azaldu duzu gelditasuna dela gauzarik larriena.
Ezer egin ezin dela pentsatzea oso logika perbertsoa da, gelditasunera baikaramatza, eta gaur egun hori da gerta litekeen okerrena. Norbaitek gure ordez konponduko duela pentsatzea, hain zuzen, amore ematea da.
Biodibertsitatearen COP15 biltzarrean, itsasoaren %30 babesteko konpromisoa hartu zuten. Nabaritu al da aldaketarik?
Itsas ekosistemak, batez ere kostatik gertu daudenak eta giza jarduerak gehien nabaritzen direnak, ia guztiak degradatuta daude. Horrek ez du esan nahi denen egoera itzulezina denik, inpaktuak txikiagoak edo handiagoak izan baitaitezke. Baina egia da korrelazio garbi bat dagoela hiri eremu handien eta degradazioaren artean.
«Benetan funtzionatzen dutenak ondo edo guztiz babestutako eremuak dira, baina oso gutxi dira. Mediterraneoan, adibidez, azaleraren %0,04 dira»
Baina arazoa ez da zenbat babesten den, baizik eta nola babesten den. Zuk %20 babesten baduzu, baina gaizki babestutako guneak badira, hori ezer ez egitea bezala da. Beraz, eremu horrek balioko dizu esateko eremu babestu bat duzula, baina egiaz ez du bete beharko lukeen funtzioa betetzen. Benetan funtzionatzen dutenak ondo edo guztiz babestutako eremuak dira, baina oso gutxi dira. Mediterraneoan, adibidez, azaleraren %0,04 dira, eta eremu horiek dira benetan ekosistemak leheneratzen diren lekuak, baina ia ez dira existitzen.
Herrialdeak ahalegina egiten ari dira eremu babestuak handitzeko, %30 horretara iristeko, baina eremu horiek gaizki babestuta badaude, ez du ia ezertarako balioko. Gizarte mailan ere arriskutsua da, gainera: hemendik hamar urtera gune babestu gehiago badaude, baina zentzurik gabe ezartzen badira, jendeak pentsatuko du herrialdeak egin duen inbertsioak ez duela ezertarako balio izan. Kontuz ibili behar da.
Getarian (Gipuzkoa), adibidez, atun haztegi bat martxan jartzear dira. Zer eragin dute halakoek itsasoen babesean?
Akuikulturaren mundua askotarikoa da, ez baita gauza bera muskuilu haztegi bat edo harrapakari handi baten haztegi bat. Nola egiten diren ere garrantzitsua da, ez baita gauza bera 100 arrain edo 10.000 jartzea, antibiotikoak eta jatekoa eman behar baitizkiezu. Orokorrean, harrapakari handien akuikulturak ez du zentzu handirik. Arrain handi horiek arrain txikiak behar dituzte jateko, eta espezie txikiak arrantzatu beharko dituzu haiek elikatzeko. Ez litzateke hobe izango arrain txiki horiek guk jatea? Prozesua ez da batere eraginkorra, guk jan ditzakegun arrainen kilo mordoa behar baitituzu atun kilo bat egiteko. Inpaktua du, gainera, beste afera batzuetan, sozioekonomikoan adibidez, arrantza jasangarri batek familia gehiagori eman baitiezaieke lana.