Protagonista bat izan du hezkuntzak 2020-2024ko legealdian: EAEko Hezkuntza Legea. Bi urte pasatxoko prozesuaren ostean, joan den abenduaren 21ean onartu zuten behin betiko. Adostasuna izan zuen ezaugarri, harik eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ez babestea erabaki zuten arte. Lehenengoak hizkuntza ereduak beren-beregi aipatzen dituelako erabaki zuen ezezkoa ematea; bigarrenak, sare publikoari behar besteko babesa ematen ez diolakoan. Azkenean, EAJren eta PSE-EEren baiezkoa izan zuen legeak.
Hastear den legealdian, besteak beste, lege hori garatu beharko dute. Ikusteko dago adostasunaren bidea urratuko duten edo ez. Oraingoz, hauek dira alderdiek gai nagusien inguruan egin dituzten proposamenak:
1
Euskara
Hezkuntza sistema ikasleak euskalduntzeko ezinak erakusten ari da: azken datuen arabera, hamar ikasletik bik hasierako maila daukate DBH amaitzean. Horri aurre egiteko, badituzte proposamenak alderdiek. EAJk, esaterako, «hezkuntza esparru eleaniztun berri bat» garatuko duela agindu du. Euskarak «ardatza» izan behar duela dio, eta, bide horretan, Euskara eta Hizkuntzak Ikasteko Institutua sortu asmo dute: «Bere gain hartuko ditu arlo horretako estrategia eta jarduera nagusiak lantzeko estrategia». Ingelesa ere ez dute ahazten: «Ingelesa menderatzea indartuko dugu derrigorrezko hezkuntzako ikasleen artean».
EH Bilduk, berriz, euskalduntzean «jauzia» egitea proposatzen du: «Euskararen irakaskuntzari eusteko marko berria garatuko dugu, eta egiturazko neurriak hartuko ditugu, euskal hiztun eleaniztunak sortzera eramango gaituen hizkuntzen ikas-irakaskuntza izateko testuinguru eleaniztunean eta multikulturalean». Hain zuzen, «euskal hiztun oso eleaniztunak» sortuko dituen hizkuntzen didaktika ondu asmo dute, «gure berezko hizkuntza den euskararen diglosia egoera aintzat hartzen duena».
PSE-EE ereduen sistemaz mintzo da programan. Haien esanetan, ereduek, orokorrean, ez diete erantzuten «hasierako planteamenduei» eta emaitzetan agerian geratu dira «gabeziak». Horregatik: «Ikasleek gure bi hizkuntza ofizialetan ikasteko eta familiek aukeratzeko duten eskubidea errespetatuz – lege berriaren testuan defendatu dugun bezala – eta hezkuntza sistemak euskara berreskuratzeko duen konpromisoaren alde eginez, beharrezkoa da azterketa eta hausnarketa egiteko aldi bat irekitzea, zintzoa eta taburik gabea, egungo sistemaren emaitzak ebaluatzeko eta gure hezkuntza sistemaren helburuei hobekien erantzungo dien estrategia zehazteko».
Hizkuntza ereduak gainditzeko proposamena egin du EP Elkarrekin Podemosek: «Hizkuntza ereduen egungo esparrua gaindituko dugu, euskara ardatz duen eredu eleaniztun batera begira. Eredu horrek ez ditu ikasleak hizkuntzen arabera sailkatuko edo bereiziko».
PPk ere hizkuntza ereduei egiten die aipamena. Zehazki, bere programan jaso du nahi duenak aukera izan behar duela gaztelera hutsezko —euskara irakasgai soil bat dela— A eredua aukeratzeko. Gainera, hezkuntza «benetan hirueleduna» izatearen alde egin dute.
2
Segregazioa
Segregazioa da hezkuntzak dituen erronka nagusietako beste bat; asmatu beharko dute nola eman buelta gaurko egoerari, sozioekonomikoki zaurgarrienak diren ikasleak ikastetxe jakin batzuetan –gehienak publikoak— ari baitira ikasten. EAJk ziurtatu duenez, «kohesioa eta berdintasuna egituratzen dituen eskola eredu inklusiboaren aldeko konpromisoa» hartua dute, eta gainera, hitzeman dute eskola bereizkeriaren aurkako itun soziala bultzatuko dutela hezkuntza eragile guztiekin.
EH Bilduk ere ildo bertsutik jo du, eta segregazioaren aurkako herri akordioa egitea nahi du: «Herri itun bat sustatuko dugu inplikatutako eragileekin, klaseagatiko eta jatorriagatiko segregazioari aurre egiteko».
3
Hezkuntza sarea
EAJk sare publikoan egin asmo duen inbertsioaren berri eman du programan: «Gutxienez, 800 milioi euro inbertituko ditugu eskola publikoaren azpiegituretan, hezkuntza eredu koherente eta adostuen alde egiten duten ikastetxe integralak bultzatuz».
EH Bilduk, berriz, Euskal Eskola Publikoaren Plan Estrategikoa egin asmo du, eta, horren bidez, besteak beste, langileen behin-behinekotasuna deuseztatu nahi du, baita 2027ra begirako azpiegitura plana egin ere.
«Egungo Hezkuntza Legea indargabetuko dugu, eta hezkuntza publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izango dela bermatuko duen beste Hezkuntza Lege bat onartuko dugu». Horixe da EPren asmoa. Gainera, hezkuntza itunak «arian-arian» desagerraraztera joko dutela nabarmendu dute.
PPk, berriz, hautatzeko aukera babestu asmo du: «Ikasleek eta familiek bermatuta eduki behar dute hezkuntza publikoa edo itunpekoa aukeratzeko askatasuna».
4
Unibertsitatea
EAJ inbertsioaz mintzo da unibertsitatearen arloan ere: «Konpromisoa hartzen dugu 2026-2030 aldirako Euskal Unibertsitate Sistemaren Plan berriak 2.500 milioi euroko inbertsio ahalegin publiko-pribatua izan dezan». Horretaz gainera, hitzeman dute beken eta laguntzen sistema «zabalduko» dutela: «Laguntzak jasotzeko prozesua arinduko dugu, eta haien zenbatekoa hobetuko dugu, urtean %6 handituta».
EH Bilduk uste du euskal unibertsitate sistemari buruzko legea garatzeko ordua dela, eta beharrezkotzat jo du EHU Euskal Herriko Unibertsitatea «babestea» ere: «EHUn prekaritatea deuseztatzeko eta ikerketa karrera duinak garatzeko aukerak bermatuko ditugu». Euskaraz ikasteko eskubidea ere aipatu dute: «Bermatuko dugu tituluen mapa osoa 2025-2026ko ikasturterako euskaraz egotea».
PSE-EEk ere EHU du mintzagai programan: «Apustu nabarmena egingo dugu EHU hobetzeko». Horretarako, finantzaketa hobea izango duela ziurtatu dute: «Europako helburuekin bat eginez, goi mailako heziketan eta ikerketan gero eta gastu publiko handiagoa egiten jarraitu behar dugu».
5
Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketari ere erreparatu diote alderdiek. EAJren proposamena: «Euskadiko Lanbide Heziketa munduko erreferentzia gisa kokatuko dugu, laugarren industria iraultzari —eta hasiberria den bosgarrenari— erantzungo dion prestakuntza garatzeko bidean». Gainera, Lanbide Heziketa duala —ikasketak eta enpresetan lan egitea uztartzen dituena— indartu nahi dute.
Lanbide Heziketak datozen urteetan egin beharreko ibilbidea marraztu du EH Bilduk. «Elkarlanerako Lanbide Heziketa berria» garatu nahi dute, eta, horretarako, besteak beste, ikuspegi feminista aintzat hartuko dutela agindu dute, baita hizkuntza ere: «Gradu guztietan eta etengabeko prestakuntza guztian euskarazko ikasketak ezartzeko plan estrategiko bat prestatuko dugu».