Periferiez aritu ziren UEU Udako Euskal Unibertsitatearen Euskalduntze-alfabetatzea intersekzionalitatearen ikuspegitik jardunaldietan, orain bi aste. Bazterrean daudenez, baztertzen direnez.Arautik kanpo daudenak eta arautik kanpo ibili izan direnak izan zituzten hizpide Kattalin Miner ekintzaile transfeministak eta Joseba Sarrionandia idazleak Euskara askatasunerako hizkuntza, periferia guztion hizkuntza hitzaldian.
Minerrek bereziki LGTBI komunitateko pertsonen egoera aztertu du. Bazuen intuizio bat: euskararentzat arnasgune diren herriak, euskaraz bizitzeko eta garatzeko «berebiziko garrantzia» dutenak, hain arnasgune ote diren LGTBI pertsonentzat eta beste genero disidentzia batzuentzat. Aurten, aukera izan du LGTBI diagnostiko bat egiteko Azpeitian (Gipuzkoa), eta berariaz aztertu dute euskararen eta LGTBI komunitatearen arteko harremana. Hainbat herritarren bizipenak jaso dituzte, eta atera dute ondoriorik.
Galdera batekin hasi da: zer ematen du euskarak? Minerren esanetan, komunitate bat eskaintzen du, «pertenentzia bat». Baina LGTBI pertsonen kasuan, «konpentsazio lan bat» ere egiten duela dio, alegia, bide ematen diola onarpen bati: «Adibide bat: marikoia da, baina euskalduna, euskaldun jatorra. Euskarak edo komunitate horretan egoki egoteak kentzen dizu bestea». Errenterian (Gipuzkoa) jasotako bizipen baten berri eman du: «Hala esan zuen: ‘Euskaldun petoa naiz, familia euskaldunekoa, eta beti euskaraz egin izan dut. Askotan gertatu izan zait norbaitek homosexuala naizela jakindakoan harrituta esan izan didala: pues no lo pareces [bada, ez dirudizu],hain euskalduna izanda. Gainera no lo pareces hori beti esan izan didate gazteleraz».
«Denok ez daukagu onarpen bera hitzekin jokatzeko, hitzak erabiltzeko, hausteko edo probatzeko»
KATTALIN MINEREkintzaile transfeminista
Beste ezaugarri bat ere identifikatu dute: «LGTBI komunitatekoa izan eta nork bere burua euskalduntzat edukita eta euskaraz bizi izanda, pentsatuta, sentituta... batzuetan, banatu eta disoziatu egiten ditugun bi identitate bezala bizi izan ditugu». Alegia, identitate bata zein bestea pertsonarentzat garrantzitsuak izanagatik ere, ez dutela zubirik ikusten bien artean. Horrekin lotuta, Minerrek aipatu du, esaterako, LGTBI gaien inguruko zenbait eduki erdaretan jaso behar izan dituztela: «Zenbat liburu daude LGTBI gaiak lantzen dituztenak euskaraz? Azken hamar urteetan, zerotik hamarrerako kristoren bidea egin dugu; lehen, gazteleraz, ingelesez edo frantsesez hartu behar genituen erreferente horiek guztiak». Eta ez literatura bakarrik, baita ikus-entzunezkoak, musika eta abar ere. «Askok esaten zuten: nik musika euskaraz bakarrik entzuten nuen. Ez neukan erreferenterik, eta Lady Gaga entzutera pasatu nintzen».
Arautik kanpo eraikitzen
Heteroarautik kanpokoek euskararekin duten eta izan duten harremana izan du mintzagai Minerrek; euskararen arautik kanpo ibili direnak, berriz, Sarrionandiak. Markos Gimenoren kasua aztertu du idazleak. Palindromoak asmatzen zituen —aurretik atzera eta atzetik aurrera berdin irakurtzen diren hitzak eta esaldiak—, eta kalanburrak ere bai —homonimian, paronimian edo polisemian oinarritzen diren hitz jokoak—. Hizkuntzarekin sortzeko «gaitasun itzela» zuela nabarmendu du Sarrionandiak: «Berak hitz pila bat asmatu ditu, arauan ez dauden hitzak, baina sisteman bai». Eta nabarmendu du badagoela zereginik araua zabaltzen: «Hizkuntza garatu behar da arautik kanpo».
Ordea, Minerrek nabarmendu du batzuei onartzen zaiela hori egitea, eta beste batzuei ez: «Euskalki batetik hitz bat zabaltzen duena ulertuko dugu zerbait jator bezala; aldiz, LGTBI komunitatean ulertzen den hitz edo espresio bat ekartzen badute eta puntu erdaldun bat badauka, arriskua izango da». Alegia: «Denok ez daukagu onarpen bera hitzekin jokatzeko, hitzak erabiltzeko, hausteko edo probatzeko». Adibide bat jarri du. Bideo batean, Eneko Garcia —Albina Stardust drag queen-a— eta Danel Pascual —Divina Comedia drag queen-a— agertzen dira euskarara mamarracheo-a ekarri beharraz hizketan. Bideoak eragin zuen harrabotsaz mintzo da Miner: «Gogoratzen naiz bideo honen aurkako iruzkin batzuk, euskararen garbizaletasunaren izenean, zuzenean homofobikoak zirela. Eta puntu. Beraz, arazoa ez zen euskarari kutsu mamarracho-a eman behar zitzaion edo ez, baizik eta mugatuta dagoela nork esan dezakeen hori».
Aurrera begira, zer?
Orain arteko bidea eta egungo egoera aztertzearekin batera, Minerrek etorkizunari ere erreparatu dio. Ezinbestekotzat dauka «ispilu jokoak» egitea: «Euskara zapaldua den hizkuntza bat da, gutxiarazia; LGTBI kultura ere hala da, batzuei iruditzen bazaie ere momentu batean eduki dezakeela hegemonia puntu bat». Alderaketa bat egin du: «Armairutik ateratzea, esaterako. Badago heterosexualitate presuntzio bat denongan, eta badago erdaldun presuntzio bat: denok erdaldunak gara euskaldunak garela esaten dugun arte». Horiek horrela, uste dut zubiak egon daitezkeela sexu disidentziaren eta hizkuntza gutxituen artean: «Batek esan zuen: ‘Ez dakit LGTBI komunitateari euskara falta zaion edo euskarari LGTBI ikuskera’. Esango nuke bietatik dagoela».