Araudi bat proposatu dute Hondarribian alardea berriz «publikoa» izateko

Hondarribiko EH Bilduko lantalde feministak landu du. Egungo gizartearen «beharretara» egokituta dago. Desfilean inor ezin dela «diskriminatu» argi zehaztu dute, alarde «mistoa» aurki lortze aldera

Alarde baztertzailea, Hondarribian desfilatzen. GORKA ESTRADA / EFE.
arantxa iraola
Hondarribia
2023ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Testuaren hasieran, 2. eta 3. artikuluen edukiari erreparatuta, argi eta garbi ikusten da dokumentua propio pentsatuta dagoela 1996tik Hondarribian (Gipuzkoa) alarde parekidearen aldeko aldarriek jaso duten kontrakotasunaren ondorioz gotortuta dagoen gatazka bideratzera, eta desfile misto bat lortzeko oinarriak jartzea duela helburu. Hondarribiko EH Bilduko lantalde feministak ondu du alardea antolatzeko arautegi berria; atzo aurkeztu zuten, herrian bertan.

Nork antolatzen du? galderari erantzuten dio bigarren artikuluak, eta erantzunean argi eta garbi zehazten da jaiaren antolaketa «publikoa» berreskuratu nahi dutela araudiarekin. Horra: «Alardea Hondarribiko Udalak antolatutako jai publikoa izan da historikoki. Badira 25 urte baino gehiago instituzio publikoek alardea antolatu ez dutela; hori berreskuratzeko asmoz, araudi hau proposatzen dugu, alardea berriz publikoa izan dadin». Ordenantza berriok 1990eko araudian oinarrituta idatzi dituzte, 1995ean udalean onartutako beste agiri bat ere aintzakotzat hartuta, baina argi zehaztuta «gaur egungo gizartearen beharretara» egokitutako dokumentua dela hau. Araudiko 3. artikulua oraindik ere zehatzagoa da alde horretatik. «Alardea osatzen duten kideak ezingo dira sexu edo genero, arraza, sexu orientazio, erlijio edo desgaitasunengatik diskriminatu». Atzetik, gainerako artikuluetan, alardearen usadioa berritzeko zehaztasun sorta bat dator.

Alardean aginte postuak irudikatzen dituzten pertsonak hautatzeko moduak, partaideen janzkerak, konpainien antolaketa, alardean entzuten den musika, mugimendu eta kontzentrazio lekuak... Den-dena dago zehaztuta. Eta hor tartekatuta badira berritasunak ere. Esate baterako, diziplinari buruzko artikuluetan, horra 74. artikulua, «arau-hauste larriak» zerrendatzen dituena; aipatzen duen lehen urraketa hauxe da: «Eraso edo portaera matxista, sexista, homofobo, arrazista edo baztertzaileak izatea». Koalizioko zinegotzi Xabier Bengoetxeak parte hartu du testua idazteko prozesuan, eta azaldu du berariaz erantsi dituztela testuan halako «berritasunak».

Argitu gabeko zalantzak

EH Bilduko ordezkariak azaldu duenez, iazko alardearen ostean erabaki zuten araudi hau ontzen hastea. Denbora zeraman ordurako talde politikoak udalean Alarde Fundazioari buruzko galderak egiten, eta egungo alardearen antolaketaren inguruko dudak mahai gainean jartzen.

Alarde baztertzailearen antolatzailea da fundazioa: propio desfile hori antolatu ahal izateko eratu zuten hainbat herritarrek, parekidetasunik gabe egiten jarraitze aldera. Iazko apirilean EH Bilduk udalean erakundeari buruz egin zuen argibide eskean jakinarazi zuen dudak zituela fundazioaren izaera juridikoaren inguruan, eta alkateari eskatu zion «behar besteko izapideak» egin zitzala, argitzeko «benetako» fundazioa al den, non dagoen «erroldatuta», eta «bete beharreko baldintzak betetzen dituen Hondarribiko espazio publikoetan ekitaldiak antolatzeko». Argitasunik ez zuten jaso, ordea. Bidean aurrera egiten lagunduko zuelakoan, alardea antolatzeko arautegi berri bat ontzea pentsatu zuten orduan EH Bildun. Hilabete askotako lana izan da.

Propio aurten alardea ordenantza honekin antolatzea nahi dute orain EH Bilduko kideek. «Proposamen hori egingo dugu», esan du Bengoetxeak. Aurrerago aldaketa gehiago ere «txertatu» nahi dituzte testuan, oraindik ere «garaikideagoa» izan dadin. Esan du, ordea, «errespetu handiz» egin nahi izan dutela lehen moldaketa hau, aldarri parekidea sortu aurreko alardearen espiritua gordetzeko ahalegina eginda. Horrexegatik apaldu dituzte beren nahiak testuan: «Ez da gure araudia, ezker abertzaleak amestu duena; kontzesioak daude, baina 2023ko araudia izan behar du».

Aurten alardea araudi berri honekin antolatuta, Jaizkibel konpainiak bertan toki bat izatea da lehen helburua. Egun, mistoa den konpainia bakarra da, eta aparte desfilatu behar izaten du urtero, bakartuta, alardean ez baita parte hartze parekiderik onartzen.

Konpainiekin

Behin Jaizkibel konpainiari tokia eginda, EH Bildun uste dute aurrerago «alarde misto baterako» bidea egin daitekeela, eta ordenantza hau bera oinarri har daitekeela horretarako. Hala ere,«modu errealista batean» jokatu dutela esan du Bengoetxeak, eta araudiarekin ez dituztela propio «derrigortu» nahi gizonezkoz bakarrik osatutako konpainiak andreak onartzen hastera. «Uste dugu egungo blokeo egoeratik ateratzeko proposamena dela». Hor jarri nahi dute indarra. «Konpainiak ez dira gure etsaiak. Konpainiekin hitz egin egin behar da, eta konbentzitu egin behar dira. Konpainiak ez dira arazoa; arazoa Alarde Fundazioa da, eta egiten duen presioa».

Hasi dira jada herrian arautegiaren berri ematen, eta harrera ona izan duela aurreratu du Bengoetxeak. Hortik esperantza: «Eztabaida hau herrian mahai gainean jartzeko garaia da; horretarako lan egingo dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.