Etxebizitza eskubide subjektibo gisa jaso izana pauso garrantzitsua da. Hala aitortu dute eragile guztiek. Baina, eskubide subjektibo hori aitortzeko eta garatzeko garaian, arazoak agertzen dira. Kaleratzeak Stop elkarteak jakinarazi du hamaika kasu heldu zaizkiola agerian uzten dutenak pitzadura asko dituela 2015ean EAEn «aurrerakoi» gisa jaio zen araudiak.
Kasu horietako bat da Carolinak —ez du abizenik eman nahi izan— Gasteizen bizi duena. «Urte bat eman dut diru sarrerarik gabe, baina eskubidea ukatu didate, 2017ko diru sarrerak hartu zituztelako aintzat». Eskubidea aitortua izateko, pertsona batek 9.000 euro baino gutxiagoko diru sarrerak izan behar ditu urtean. 2017an, Carolinak DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria jaso zituen: 10.200 euro guztira; hau da, legez jarritako muga baino 1.200 euro gehiago.
Eskubidearen nondik norakoez galdetzera jo zuenean informazio «eskasa» jaso zuela azaldu du Carolinak. Gerora, harremana hobetu egin zen: «Eskaera aurrerago egiteko proposatu zidaten, ea 2018ko diru sarrerak aintzat hartzen zituzten». Carolinak azaldu du 2018an kendu ziotela diru sarrerak bermatzeko errenta, eta, ondorioz, etxebizitzarako prestazio osagarria ere bai; biak lotuta daude. Fibromialgia dauka duela hainbat urte; azaldu du horrek galarazi ziola Lanbideren lan elkarrizketa batera garaiz heltzea, eta horregatik kendu zizkiotela DSBE eta etxebizitza prestazioa.
Carolina aurrezki kutxa bateko gizarte babeseko etxebizitza batzuetan bizi da egun, eta hilabete gutxi barru etengo diote kontratua. «Erosteko aukera ematen zuten, baina... nola egingo dut hori?». Urrian amaituko zaio kontratua, baina urrun geratzen dela iruditzen zaio. Bitartean, auzoko apaizaren eta elikagai bankuaren laguntzaz bizi da, eta ingurukoei dirua eskatuta.
Gaixotasun larriak edo kronikoak dituzten pertsonen egoera azalarazi du Maria Jose Porrinok. Haren kasua ez dago zuzenean lotuta eskubide subjektiboarekin, baina bai Irunen etxebizitza duina izateko aukerarekin. «Diru sarrera egonkorrak ditut, baina ez didate alokatu nahi, gaixorik nagoenez ordainduko ez dudan beldurrez». Bularreko minbizia du, eta tratamendua jasotzen ari da. Ama bakarra da, eta prozesu hori alabarekin ari da pasatzen, partekatutako etxebizitza bateko gela batean. Zailtasun handiak izan ditu, ordea, etxebizitza bat aurkitzeko, beste pertsona bat abal gisa aurkeztuta ere. Atzerritik etorritako herritar askori hori bera gertatzen zaie.
Gizarte larrialdietarako etxebizitza batera joatea proposatu diote, baina nabarmendu du haren egoera ez dela larrialdi bat.
Bihar: Etxebizitza politika publikoak.
Araudi aurrerakoiaren pitzadurak, agerian
Eskubide subjektiboa aitortua izateko zailtasunak daudela azaldu dute. Diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria jasotzen dituztenek gehienezko diru sarreraren muga gainditzen dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu