Euskararen aurkako epaia Protesta. Iñigo Urrutia. Legelaria

«Araubide askoz ere zorrotzagoak behar ditugu»

Sententzia «larria» iruditzen zaio Urrutiari; euskara ataka zailera eraman dezake funtzio publikoan. Horregatik, gerora begira, berme sendoagoen alde egin behar dela adierazi du.

GORKA RUBIO / FOKU.
arantxa iraola
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun

Euskararen garrantzia gutxiesteko asmoa duten sententziak ebatzi izan dira lehendik ere hizkuntza eskakizunen inguruan. Horiek kritikatu izan ditu Iñigo Urrutia EHUko irakasle eta legelariak (Jatabe, Bizkaia, 1966), begirada zoliz; aditua da hizkuntza eskubideekin lotutako gaietan, eta adi erreparatzen die halakoei.

Ikusi gehiago:Uliazpiko langileek, «epai euskarafoboa» salatu, eta oposizioen emaitza babestu dute

Aparteko ardura erakutsi du Urrutiak asteon Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskakizunen kontra atera den ebazpena irakurri eta gero, eta haren «larritasunaz» ohartarazteko mezuak zabaldu ditu.

Aurrez ere izan dira hizkuntza eskakizunen aurkako epaiak. Zergatik da hau larriagoa?

Epai honek daukan larritasun handiena ikuspegiarekin lotuta dago. Aurrez ere izan dira tankera horretako epaiak, baina horiek oinarritzeko auzitegiek ez dituzte erabili EAE Euskal Autonomia Erkidegoak hizkuntza eskakizunen gainean onartutako araubideak. Sententzia honek, ordea, hizkuntza eskakizunei buruzko araubideari erreparatu dio, eta adierazi du ez dela Konstituzioaren araberakoa. Jauzi kualitatiboa hor dago; epaiak kolokan jarri ditu administrazio publikoetako hizkuntza planifikazioaren oinarri juridikoak. Beraz, epai honek zoru guztiz ezegonkorra utzi du: hizkuntza planifikazioa eta hizkuntza eskakizunen sistema bera erabat kolokan daude.

Epaia ez da irmoa oraindik. Irmotzat jotzen bada, eskakizunen inguruko erabakiak eta araubideak oraindik ere zoru ezegonkorragoan egongo dira?

Auzitegi Gorenak baieztatuko balu EAEko Auzitegi Nagusiak esandakoa, hizkuntza planifikazioa erabat ezegonkorra bihurtuko litzateke, egun batetik bestera. Horren harira egin daitekeen bakarra zera da, autonomia erkidegoko legeria berritzea eta planteamendu irmoagoak jartzea. Hori, ikuspegi juridikotik. Ikuspegi sozialetik ere hausnarketa sakona eskatzen du epai honek, nik uste. Euskararen aurkako oldarraldi honetaz jabetu behar dugu, eta, nolabait ere, gizarteak zeresana izan behar du horren harira.

Eta nola indartu daitezke lege egiturak halako ebazpen judizialei aurre egiteko? Zer egin behar dela iruditzen zaizu?

Euskarari lehentasuna eman behar zaio, eta, horretarako, oinarri juridiko berriak behar ditugu. Sententzia honek parametroak aldatu dizkigu. Epaileak esaten ari zaizkigu euskararen normalizazioan urrutiegi joan garela, eta mugatu egin behar dela: gaztelaniaren defentsaren alde egin behar dela. Hori bada egiten duten interpretazioa, iruditzen zait araubide askoz ere sendoagoak beharko ditugula, itun sozial zabal batetik abiatuta. Ondoren, Eusko Legebiltzarrak Euskararen Legea eta Funtzio Publikoari Buruzko Legea askoz ere era sendoagoan berridatzi beharko lituzke.

Eta nola idatzi behar dira horiek gero ez daitezen izan Konstituzioaren aurkakoak, guztiaren gainetik dagoen testu horren kontrakoak?

Iruditzen zait posible dela lege bidez dezente aurrerago egitea, blindajea sendoagoa izan dadin. Euskararen Legea orain 40 urte onartu zen, bere garairako egindako lege bat da, hainbat urte pasatu dira, ordea, eta nik uste dut egun planifikazioa ezin dela oinarritu orain dela 40 urteko lege batean. Funtzio Publikoari Buruzko Legearekin, gauza bera. Modu sendoagoan sartu beharko lirateke hizkuntza eskakizunen sistema, eta ezagutzaren orokortzea; lege bidez blindatu beharko lirateke horiek, auzitegiek inolako zalantzarik ez dezaten izan esateko administrazio publikoaren zerbitzari izateko euskara jakiteak ere nahitaezkoa izan behar duela lanpostu guztietan. Hori jarri beharko genuke itsasargi modura; horretara hurbiltzen joan.

Nola?

Blindaje hori ahalik eta modu zurrunenean jaso beharko litzateke, lege bidez. Nik daukadan inpresioa da azken hamar urteotan onartu direla euskararen erabileraren aldeko legeak; adibidez, Udal Legea. Aukera eman die udalei euskaraz hutsez funtzionatzeko, normal, natural. Horiek onartuz joan diren heinean, ordea, horien aurrean jarri dira epaileak, eta epaileak legelarien lanak egiten hasi dira, egin diren aurrerapausoak mugatzen. Hori amaiarazi egin behar da. Izan ere, Eusko Legebiltzarrari dagokio legeak egitea; epaileei lege horiek betetzea dagokie, baina ez lege horien aurka egitea.

Epaileak erabilera atzerakoietarako zirrikiturik gabe utz daitezke, beraz?

Bai. Baina ezin gaitezke grisetan ibili; orain ja letra beltzekin jaso behar dugu euskararen erabilera normala eta orokortua dela gure administrazioetarako helburua: horretara jarri behar dugula. Eta funtzio publikoan aritzeko euskara jakiteak nahitaezkoa izan behar duela. Gako horietatik abiatuta, aurrerapausoak egin ditzakegu. Bestela egoera ezegonkor honetan jarraituko dugu murgilduta, eta lokaztuta. Lokatzetatik atera behar dugu,

Gipuzkoako Foru Aldundiak kritikatu egin du azken epai hau; irmo esan du aurka dagoela, eta helegitea jarriko du. Jaurlaritzak ez du oharrik edo antzekorik atera propio gaia hizpide hartuta deus esateko. Ez dagokio?

Iruditzen zait badagokiola zerbait esatea; oso modu zuhurrean ibili dira, eta horrek harritu egin nau. Pentsatzen dut haiek ere irakurketa zuzena egingo zutela: ohartuko zirela epai honek duen larritasunaz. Hain zuzen, Jaurlaritzak orain du esku artean hizkuntza eskakizunen dekretu berria, eta ematen du epai honekin gauzak hankaz gora jarriko direla... Beraz, iruditzen zait Jaurlaritzak bultza egin beharko lukeela bere akzio politikoarekin; bere protesta irmoena azaldu beharko lukeela iruditzen zait, eta itun berri baterako oinarri berritua sustatu behar lukeela. Bestela, beti ibiliko gara ezegonkortasun honetan. Uste dut maila politikoan gauza gehiago egin beharko liratekeela. Eta maila sozialean: baina maila sozialean ikusi ditut azkar erreakzionatzen erakundeak, euskalgintza. Horrek ez du isla argirik izan Jaurlaritzaren erreakzioan.

Eusko Jaurlaritza hizkuntza eskakizunen inguruan ontzen ari den dekretua aipatu duzu. Nola taxutu behar da hainbeste trabaz betetako errealitate honi ondo erantzuteko? Zer irizpide hartu beharko dira aintzat onbidean garatu ahal izateko?

Dekretu horrekin zenbait gauza akaso estal daitezke, baina eraso judizialetatik ez da libratuko; gorago begiratu behar zaio gaiari, eta, esan dut lehen: Eusko Legebiltzarrak aldaketak egin behar ditu Euskararen Legean eta Funtzio Publikoari Buruzko Legean. Bi lege horiek funtsezkoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.