Nafarroako Gobernua

Arastik kargua hartuta, gobernua osatu du Txibitek

Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkari izateari utzi dio Jose Luis Arastik, Ekonomia eta Ogasun kontseilari lanean aritzeko

Maria Txibite eta Jose Luis Arasti, gaurko ekitaldian. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko abuztuaren 30a
12:46
Entzun

Maria Txibitek badu falta zuen azken pieza. Nafarroako Gobernuko lehendakariak gobernu berria aurkeztu zuen abuztuaren 18an, hutsune nabarmen batekin: Ekonomia eta Ogasun Departamentuko buruarena. Jose Luis Arasti hautatua zuen kargurako, baina, legez, Arasti ezin zen gobernuan aritu Espainiako Gobernuko ordezkari kargua utzi arte. Hamar egun geroago eta tramitea beteta, karguaren zina egin du Ekonomia eta Ogasun kontseilari berriak, Nafarroako Jauregian.

Nagusiki gaztelaniaz egin du zin Arastik, baina euskarazko «hitzematen dut» formula ere erabili du bukaeran. Horren ostean, hitza hartu du Txibite lehendakariak. Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkie Elma Saiz eta Juan Cruz Cigudosa kontseilari ohiei, biak ala biak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko buru izan baitziren aurreko legealdian.

Txibitek nabarmendu du Ekonomia eta Ogasun Departamentua «funtsezkoa» dela, irabazien, gastuen eta aurrekontuen kudeaketa biltzen dituelako: «Gure lanaren arrakastaren ardatza izanen da parlamentuak eskatutako politika aurrerakoiak gauzatzea, eskura ditugun baliabide ekonomikoekin; eta aurrekontuen kudeaketa horrek emango digu modua, hain zuzen, gizartea eraldatzeko».

Lehendakariak ohartarazi du, halaber, «oso zorrotza» izanen dela kontseilari guztiekin. «Gure jokabideak eredugarria izan beharko du, arreta handia eskatzen duten printzipio etikoek gidatua». Gobernu «kohesionatua» nahi du Txibitek, «ideia argiak izanen dituena, era koordinatuan lan eginen duena, pertsonalismoetatik aldenduta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.