Arartekoarentzat baliabide gehiago eskatu ditu Lamarcak

Egindako lanarekin «nahiko pozik» agertu da EAEko ararteko ohia agurrean.Hamar urtean jasotako kexen kopurua %178 hazi da

Lamarca agintaldiaren laburpena egiteko agerraldian, atzo. JUANAN RUIZ / ARP.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
«Arartekoak langile gehiago behar ditu dagozkion ardura guztiak bete ahal izateko». Iñigo Lamarca argi mintzatu zen atzo, bere agur egunean. Azken urteetan EAEko Arartekoaren jarduna nabarmen hazi da, baina lantaldea ez da handitu. «Are gehiago, langile bat galdu genuen», azaldu du Lamarcak. Giza baliabide faltaren ondorioz behar baino ikuskaritza lan gutxiago egiten dutela zehaztu du. Urtean hamar ikuskaritza egiten ditu Arartekoak, batez beste, gehienak adingabeen egoitzetan. Ordea, «ezin» dira beste hainbat lekutara heldu: zaharren egoitzak...

Lamarcaren aldarrikapena heldu da haren ordezkoaren aukeraketaren baldintzak mahai gainean jartzen hasi direnean. PPk «Arartekoaren egituraren eta aurrekontuaren murrizketarekin» lotu zuen EAJk proposatutako hautagai Manuel Lezertuari babesa ematea; Iñigo Iturrate jeltzaleak, PSE-EE eta PPrekin adostasuna lortu ostean, jakinarazi zuen Lezertuari helarazi diotela PPren eskakizuna.

Hamar urteotan egindako lanaz hausnartu du Lamarcak, eta «nahiko pozik» dagoela jakinarazi du. 2004an ararteko lehenengoz izendatu zutenetik zehaztu zituen helburuak gogorarazi ditu, eta, horien artean, erakundea ezagutarazteko lana goratu du. Horri egotzi dio 2003. urtetik 2014. urtera arte jasotako kexen hazkundea. Hasieran, 2.289 kexa jaso zituzten, eta hamabi urtean 6.378 izan dira; %178ko gorakada.

Erakundearen eraginkortasunaren eta kalitatearen alde egindako lana ere nabarmendu du. Horren ondorioz, Arartekoa «maila nahiko altuan» uzten duela gaineratu du.

Hamar urteko ibilbidea aztertzean nabarmendu du PSE-EEren Jaurlaritzak Haur eta Nerabeen Bulegoa Arartekoaren egituraren barruan txertatu zuenean «asmatu» egin zuela. Horri esker, Arartekoak aurretik zuen egituraz baliatzeaz gain, adingabeei dagozkien gaiei zeharka heltzeko aukera ere lortu zuten.

Oinarrizko errentaren alde

EAEko Arartekoak bat egin du diru sarrerak bermatzeko errentaren aldeko kanpainarekin; hain justu, pobrezia eta bazterketaren aurkako Europako sareak atzo aurkeztu zuen oinarrizko errentaren aldeko egitasmoa. «Diru sarrerak bermatzeko errentarik ez balego asmatu beharko litzateke; tresna eraginkorra da pobrezia desagerrarazteko», adierazi du Lamarcak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.