Arartekoak jakinarazi duenez, ebazpen bat helarazi dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari, hizkuntza eskubideak ez errespetatzeagatik bi herritarrek jarri kexa baten ondorioz. 2023ko azaroaren 11n jarri zuten kexa, «Ertzaintza patruila batek tratu desegokia eman ziela salatzeko», Arartekoak agiriz zabaldu duenez. 602 euroko «zehapen proposamen bat» jaso zuten, gainera, bi herritar horiek «ertzainei behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren izandako istilu batean».
Segurtasun Sailari egindako gomendioetan, Arartekoak «ezinbestekotzat» jotzen du «herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea». Gogorarazten dio, bestalde, «administrazioak hizkuntza ofizialetan arreta emateko betebeharra» duela. Kalapita ertzain batzuekin gertatua denez, galde zehatza egin dio polizia erakunde horri buruz: «polizia arloko hizkuntza trebakuntza indartzea, eskubide berdintasuna sendotzeko».
Gomendioan, halaber, zehazten du zein den Ertzaintzaren eginbidea: «Ertzainek herritarrei arreta euskaraz emango dietela bermatzea», eta, hala, «arreta euskaraz jasotzeko eskatzen dutenen diskriminaziorik» ez izatea. Eta ertzainek «errespetuzko tratua» ematea euskaraz egiteko eskatzen dieten herritarrei.
Gorputza miatzeraino
Arartekoak auzi horri buruz egin duen txostenean adierazten denez, afera 2023ko urriaren 18an hasi zen, Donostiako auzo batean, 21:00etatik 22:00etara bitartean. Ikerketa txostenean kontatzen da kexa jarri duten bi herritarrak terraza batean eserita zeudela, eta haietarik baten autoa parean zenez, gaizki aparkatua, han barna zebiltzan bi ertzain gelditu zirela. A. A. eta M. R. inizialekin izendatuak dira bi herritarrak, eta poliziei, berriz, 1. ertzaina eta 2. ertzaina deitzen zaie. Elkarrizketa hasi eta berehala herritarrek euskaraz artatuak izatea galdetu, eta istilua piztu zen.
Gatazkak iraun zuen. A. A.-k bi polizia etxetara deitu zuen orduan bertan, seinalatzeko euskaraz artatua izateko eskubidea ez zitzaiela bermatzen. Bi ertzainek identifikatzeko eskatu zieten bi donostiarrei, baina haiek erantzuten zieten ez zutela horretarako arrazoirik ikusten eta euskaraz artatuak izateko eskatu zieten berriz. Ikerketak agerian ezarri du bi ertzainetarik batek euskarazko B1 maila izanik ere ez zuela onartu euskaraz ihardestea. M. R.-k ertzainekin izandako elkarrizketaren zati bat grabatu zuen, eta kexarekin batean igorri. Azkenean, bost ertzaineko beste furgoi bat agertu zen, euskaraz C1 maila zeukan ertzain bakarra zutela tarteko, eta istilua M.R. miatuta bururatu zen.
A. A.-k eta M. R.-k kexa aurkeztu zioten Arartekoari 2023ko azaroaren 11n. «Gertakariak salatzen zituen gutun bat igorri zioten igorri zioten Arartekoari» azaltzen da txostenean, eta kexa bera lehendakariari, Segurtasun sailburuari eta Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuari ere bidali zioten, M. R.-k egindako audio grabaketarekin. Abenduaren 4an, Arartekoak «informazio eskaera bat igorri zion Segurtasun Sailari». Hogei bat egun geroago erantzun zion hark, eta adierazi «Ertzaintzan bertan kexa espedientea ireki» zela eta «Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Burutzak ikerketa bat hasi zuela». Segurtasun Sailak gehitu zuen «denbora» beharko zela «ikerketa informazio guztia biltzeko eta zer gertatu zen argitzeko».
Arartekoaren ondorioak
Ikerketen emaitzak etorri dira, eta, herritarren kexekin alderatuta, ondorioak atera ditu Arartekoak. Ondorioetarik bat da «1. ertzainak eta 2. ertzainak behin eta berriz ukatu ziela kexaren egileei euskaraz artatzea, eta horrenbestez, urratu egin zituztela haien hizkuntza eskubideak». Ertzain horien jarrerari buruzko oharra ere egin du: «Ertzain horiek emandako tratua ere eztabaidagarria da».
Segurtasun Sailak helarazi dizkion ikerketa emaitzetan adierazten du «azkenean, euskaraz arreta eman zitzaiela kexaren egileei, bost ertzain zeuden polizia furgoia bertaratuta». Arartekoak horri buruzko ohar bat egin dio: «Harrigarria da esku hartu zuten lehen bi ertzainetako batek euskarazko B2 maila izanik ez egotea beste polizia-baliabiderik euskaraz arreta ematera joateko, eta, beraz, bost poliziako furgoi bat bidaltzea, eta horien artean batek bakarrik hitz egitea euskaraz kexaren egileei, eta hizkuntza horretako C1 maila izatea». Are harrigarriagoa egin zaio Arartekoari C1 maila zeukan ertzain horrek egin zuen lehen gauza: «Are larriagoa da polizia horrek egin zuen lehenengo jarduketa M. R.-ri gorputz miaketa bat egitea izan zela, hainbat ertzainek taldetik bereizteko oztopo eginez». Jakinda, hondarrean, bi herritarrek nortasun agiriak erakutsi zizkietela ertzainei arreta euskaraz ukan ondoan.
Horregatik, Arartekoak azken gomendio hau egin dio Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari: «Gogoan har dezala, hala badagokio, kexaren egileei barkamena eskatzeko eskaera instituzionala bidaltzeko aukera».