Arartekoak Jaurlaritzari gomendatu dio «berdintasuna» bermatzeko alokairu publikoak adjudikatzean

Sei kide baino gehiagoko familiek ezin dute alokairuko etxebizitza publikorik eskuratu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Arartekoak egindako ebazpena herritar baten kexaren ondoriozkoa da.

Etxebizitza bat alokatzen dela esaten duen kartela, Uztaritzen, Lapurdin.  PATXI BELTZAIZ
Etxebizitza bat alokatzen dela esaten duen kartela, Uztaritzen, Lapurdin. PATXI BELTZAIZ
Irati Egibar Izeta
2024ko apirilaren 4a
15:30
Entzun

Sei kide baino gehiagoko familiek ezin dute parte hartu alokairuko babes publikoko etxebizitza esleipenetan, eta EAEko Arartekoak gaur jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari gomendatu diola «berdintasun baldintzetan» berma dezala sei kidetik gorako familien parte hartzea. Arartekoak egindako ebazpena herritar baten kexaren ondoriozkoa da. Izan ere, arartekoaren ebazpenaren arabera, 2023ko martxoan herritar horrek eskaera egin zuen alokairuko babes publikoko etxebizitzen adjudikazioan parte hartzeko, baina Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzak —Jaurlaritzaren menpekoa da— baztertu egin zuen eskaera. Argudiatu zuen bizikidetza unitateko kideen kopurua ez zetorrela bat sustapen horretako etxebizitzen ezaugarriekin.

Herritarrak bere egoera azaldu zuen erreklamazioan: zortzi lagunez osatutako familia bat bizi da etxebizitza batean, eta horietatik sei bere kargura dauden adingabeak dira. Oinarrizko gizarte zerbitzuek egindako txosten bat erantsi zuen erreklamazioan, eta, bertan, besteak beste, adierazi du gaur egun bizi diren merkatu libreko etxebizitzak 73 metro koadroko azalera erabilgarria baino ez duela, eta «pilaketa egoera argia» eragiten diela. «Hezetasunak eta kondentsazioak daude etxebizitzako gela guztietan, hormetan eta sabaietan, eta sukaldeak ez dauka ke erauzgailurik, ezta berogailurik ere», txostenaren arabera.

Horregatik guztiagatik, oinarrizko gizarte zerbitzuek jakinarazi dute eskasak direla etxebizitza horretako bizigarritasun baldintzak, eta ez direla osasungarriak familia unitate bateko kide guztientzat. Txostenaren arabera, nahikoak izango lirateke alokairuko babes ofizialeko hiru logela familia horrentzat. Horregatik, arartekoak Etxebizitza Sailari gomendatu dio berrikus dezala parte hartzeko eskaera baztertzeko erabakia. Horrez gain, eskatu du «berdintasun baldintzetan» oinarrituta martxan jar dadila etxebizitzak adjudikatzeko prozedura bat sei kide baino gehiagoko familia ugariek parte hartu ahal izateko.

Kexaren prozesua

Sendi hori 2015etik dago izena emanda etxebizitza babestuen eskatzaileen zerrendan. Eskaria baztertu zietenean, herritarrak helegitea jarri zuen Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzaren erabakiaren aurka. Komunikazio generikoarekin erantzun zion Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak: Kontsulta, iradokizun edo erreklamazioaren erantzuna izenburua zuen dokumentu batekin. Herritarrak salatu zuen ez ziotela behar bezalako erantzunik eman.

Halaber, Etxebizitza Sailak adierazi zuen, bizikidetza unitatearen osaera zela medio, ezin zuela parte hartu Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eskainitako sustapenetako bakar batean ere. Izan ere, gaineratu zuen etxebizitzen gaur egungo diseinuak eta, beraz, esleipen prozeduren osaerak eragotzi egiten zuela familiak babes publikoko edozein etxebizitza eskuratzea. Herritarrari eman zioten informazioaren arabera, azken sustapenetako bakar batean ere ez zen aurreikusi sei kidetik gorako familiek halakorik eskura zezaketenik.

Hiru eskabide baztertuta

Arartekoak egiaztatu du parte hartzeko eskaera hiru esleipen prozeduratan ukatu diotela familiari urtebetean, justifikazio bakar hau emanda: Etxebizitza Sailak onarturiko oinarrietan sei kideko kopurua zegoela ezarrita, eta bizikidetza unitateak gainditu egiten zuela zenbateko hori.

Familiaren erreklamazioa jasota, 2023ko urrian arartekoak laguntza eta informazio eskaera bidali zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailera. Eskaerari erantzunez, Arabako Etxebizitza Lurralde Ordezkaritzak egindako txostena erreferentzia bidali zien bueltan. Txosten horrek eskaria baztertu izanaren zergatia azaltzen du: «Kide den bizikidetza unitatea sei kide baino gehiagokoa da, eta, beraz, ez du betetzen Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren 2023ko otsailaren 14ko aginduak ezarritako baldintzetako bat, prozeduran parte hartzeko». Baldintza hori da bizikidetza unitatea gehienez sei kidekoa izan daitekeela.

Hala ere, familiei laguntza emateko abenduaren 12ko 13/2008 Legeak dioenez, Jaurlaritzaren etxebizitza politikak arreta berezia eman behar dio familia ugarien egoerari. Hain zuzen ere, hau dio 18. artikuluak: «Oro har, bere etxebizitza politikaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak tratamendu berezia emango die familia ugariei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.