Arartekoak jasotzen dituen kexen %70 bazterkeriarekin lotutakoak dira

Diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa aldatzea proposatu du Lezertuak

Lanbideren funtzionamenduak sortu du kexa gehien. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
2016ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Diru sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko moduan aldaketak egitea gomendatu du Manu Lezertua EAEko arartekoak. 2015ean bideratutako txostenak aintzat hartuta egin du proposamena, iaz jasotako kexen artetik %70 bazterketa sozialarekin lotutakoak izan baitziren. Lanbideren ustez, laguntza hori «modu desegokian» jaso zutenen kexak ugaritu dira gehien.

Atzo aurkeztu zuen Lezertuak Arartekoaren 2015eko txostena Gasteizko Eusko Legebiltzarrean, eta, azaldu zuenez, krisi ekonomikoarekin eta sozialarekin lotuta, 755 eskaera jaso zituen iaz, 2014an baino 151 gehiago. Erreklamazio horietatik %81 Lanbideren funtzionamenduarekin eta diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketarekin lotuta zeuden. Azken urteetako igoera «kontuan hartzekoa» da, Lezertuaren iritziz, eta aurreratu zuen Eusko Jaurlaritza aztertzen ari dela diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa moldatzea.

Legebiltzarrean emandako datuen arabera, %4 egin du gora Arartekoaren jarduerak 2014tik 2015era. Guztira, 8.938 txosten ireki zituen iaz, eta horietatik 6.394 kexak izan ziren. Ofiziozko 61 dosier landu zituen, eta idatzizko 1.897 kexa jaso zituen. Telefonoz, berriz, 2.413 kontsulta egin zituzten herritarrek 2015ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.549 ebazpen eman zituen iaz Arartekoak, eta kexa guztien artetik %43 jarduera okerren batekin lotu zituen.

Kexa espedienteen %56 baino gehiago eskubide sozialekin lotutakoak izan dira —hezkuntza, osasuna, gizarteratzea, etxebizitza...—, eta beste %42, politika publikoekin.

Arartekoaren Haur eta Nerabeen Bulegoak 519 txosten bideratu zituen 2015ean. Horietatik 260 gizarteratze alorrarekin lotutakoak izan ziren; diru sarrerak bermatzeko sistemarekin, zehazki.

Datuak aztertuta, Arartekoaren esku hartzea «oso eraginkorra» izan da, Lezertuaren ustez, administraziotik bideratutako kasuen %86 modu egokian zuzendu baitziren, batez beste 63 eguneko epean.

Zerbitzuarekin gustura

Administrazioarekin arazorik izanez gero, herritarren %78k Arartekora jotzeko gomendioa egiten duela jakinarazi zuen Lezertuak. Kexaren bat jarri zutenen %75ek, berriz, «ontzat edo oso ontzat» jo zuen jasotako arreta. Arartekoak ere administrazioaren balorazio ona egin zuen, eta zehaztu zuen «arduratsuak» direla informazio eskaerei erantzuterakoan. Bilboko Udalaren konpromisoa azpimarratu zuen, eta txostena ixterakoan Arartekoaren ohartarazpenei erantzun gabe jarraitzen zuten erakundeak aipatu zituen: Hondarribiko, Urnietako eta Mutrikuko udalak Gipuzkoan, eta Guardiakoa Araban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.