Arartekoak Jaurlaritzari gomendatu dio D ereduko ikasleak ez ditzala banatu euskara mailaren arabera

Haur Hezkuntzako ikasleei ezartzen diete neurria. Horien guraso batzuen ustez, «diskriminatzailea» da.

Eskola bat, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Eskola bat, artxiboko irudi batean. GOTZON ARANBURU / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 26a
12:05
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak ebazpen bat zabaldu zuen asteazkenean; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari gomendatu dio «neurriak har ditzala tratu desberdintasunik gerta ez dadin ikasleak euskararen ezagutza mailaren arabera edo euskara familia inguruan erabiltzearen arabera Haur Hezkuntzako D ereduko geletan banatzearen ondorioz». Izan ere, erakundeak guraso talde baten kexa jaso zuen, erranez ikastetxe batean Haur Hezkuntzako D ereduan dauden ikasleak euskararen ezagutza mailaren arabera edo euskara familian erabiltzearen arabera banatzen dituztela. Kexa aurkeztu zutenen arabera, gela batean biltzen dituzte euskara ama hizkuntzatzat daukaten edo euskara erabiltzen duten gurasoen seme-alabak, eta bertzean, berriz, familian euskara ez bertze hizkuntza bat darabilten gurasoenak.

«Kexagileen ustez, neurri hori diskriminatzailea da, eta tratu berdintasunerako eskubidea urratzen du», dio Arartekoak. Hortaz, Hezkuntza Sailarengana jo zuen azalpen eske, eta egoera hori dela baieztatu ahal izan zuen Arartekoak, zehaztapen batzuekin: «2 eta 5 urtekoen geletan, ikastetxeko urteko planeko taldekatze irizpideak ezarri dira —bertsio desberdinetan—, eta, praktikan, ikasleak modu orekatu eta heterogeneoan banatu dira. Aitzitik, ez da gauza bera gertatu 3 eta 4 urtekoen geletan, zeinean euskal desoreka nabaria baitago hiztunen gela baten eta euskal hiztunak ez direnen beste gela baten artean».

Egoeraren zergatiaz galdetuta, Hezkuntza Sailak Arartekoari erantzun zion banaketa hori egiten dela «ikasleen ezaugarri eta premietan oinarritutako irizpide zorrozki pedagogikoak erabiliz». Ordea, erakundearendako, arrazoi horiek «ez dira nahikoak».

Haur Hezkuntza akitu eta Lehen Hezkuntzara igarotzean, ikasleak talde heterogeneotan banatzen dira. Taldekatze hori «Amara Berri sistemaren» ondorioa dela argudiatu dute; horrek, ordea, erantzuna ez baizik galdera bat sortu dio Arartekoari: «Zergatik taldekatze hori ezin da Haur Hezkuntzako etapatik egin, beharrezko neurriak hartuz ikaskuntza inklusiboa eta ekitatiboa izan dadin eta euskal hezkuntza sistemako helburuak lor daitezen?». Alde horretatik, erakundeak Hezkuntza Sailari gomendatu dio neurriak hartzeko ikasleen artean «tratu desberdintasunik gertatu ez dadin»: «Ekidin dadila alde batetik euskal hiztunak taldekatzea eta beste aldetik gaztelaniazko hiztunak edo atzerritarrak taldekatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.