Gizarte babes sistemarekin lotutako kexak %45 urritu dira 2012tik. Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak arlo horretako 604 kexa jaso zituen 2014an, diru sarrerak bermatzeko errentarekin lotutakoak barne; 2013an 883 kexa izan ziren, eta 2012an 1.100. Jaitsiera egon bada ere, Iñigo Lamarca jarduneko arartekoak ohartarazi du «kexa kopuru garrantzitsua» jasotzen ari direla. Hain zuzen ere, hasitako lau kexa txostenetik bat gai horri dagokio.
Lamarcak gogoratu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «pobrezia poltsa bat» dagoela gizarte babeserako laguntzen eremutik at. «Ez da erraza diru sarrerak bermatzeko laguntza jasotzea, baldintza zorrotzak baititu». Hainbatetan, laguntza horiek «nahikoak ez» direla gaineratu du, seme-alabak dituzten familientzat, adibidez. «Ume bakoitzeko laguntza handitu arren, ez da nahikoa oinarrizko beharrak asetzeko».
Diru sarrerak bermatzeko errentaren kudeaketa hobetze aldera, EAEko Arartekoak zenbait aholku egin dizkio Lanbideri. Alde batetik, Lamarcak azaldu du laguntza etetea eta laguntza kentzea nahastu dituztela, eta hori argitzeko irizpideak eman ditu.Halaber, Lanbidek onartu du diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenei gastuen inguruko irizpide objektiboak ezartzea. Izan ere, zenbait hartzaileri errenta kendu diete «gehiegizko xahutzea» argudiatuta; ordea, ez dago gastuoi buruzko irizpide objektiborik. Hartara, Arartekoak aholkatuta, Lanbidek ez ditu kontuan hartuko 200 euro baino gutxiagoko gastuak.
Bestetik, 2014an herri administrazioen zerbitzuko langileen kexak areagotu ziren. Gai horren inguruko 422 kexa jaso zituen Arartekoak, iaz jasotako bost kexetatik bat, hain zuzen. Multzo horretako kexek bi iturri izan zituztela azaldu du Lamarcak: enplegu publikoko lanpostuetara heldu nahi zuten pertsonak eta administrazio publikoan behin-behinean lanean ari zirenak. Hezkuntza, Ogasun eta Etxebizitza Sailak dira 2014an kexa gehien jaso zituztenak, aipatutakoen atzetik.
Azkenik, Lamarcak zehaztu du 481 txosten abiarazi zituela adingabeen babesarekin lotuta. Haur eta Nerabeentzako Bulegoak berak 329 txosten kudeatu zituen; gehienak hezkuntzarekin lotuta egon ziren: ikasleen onarpena, La Baluga eskolako auzia, premia bereziak dituzten ikasleak... Gainontzeko 152 txostenak diru sarrerak bermatzeko errentarekin lotuta daude, adingabeak dituzten familiak ere kaltetuta baitaude. Datu hori Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak emandakoetatik hartu du Arartekoak, bigarren urtez jarraian: «Zenbait gaitan adingabeak ikusezinak dira; iaztik, ikusarazten saiatzen ari gara».
Arartekoa, «sendotuta»
Lamarcak oroitarazi du 2014an EAEko Arartekoaren 25. urteurrena bete zela. Mende laurdenaren buruan, erakundea «sendotuta» dagoela berretsi du. 2014an bukatutako txostenen erdiek (791) administrazioaren jarduera okerra antzeman zuten, eta kasu gehienetan (726) administrazioak bere erabakia aldatu zuen. Datuaren garrantzia nabarmendu du, Arartekoak ezin baitu administrazioa derrigortu aholku bat betetzera; argudioen bitartez konbentzitu behar ditu.
Arartekoak hasitako kexa txostenen laurdenak gizarte babes sistemari dagozkio
Kexa kopuru «garrantzitsua» dela uste du Lamarcak, 2012tik %45 urritu bada ere.Haur eta Nerabeen Bulegoak 329 txosten kudeatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu