Arartekoak gomendatu du kartzeletako komunikazio irizpideak «malgutzeko»

Elkarbizitzarako komunikazio kopurua areagotzeko aholkatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta 18 urte bitarteko adingabe guztiei eskaintzeko

Arabako espetxea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU.
Iosu Alberdi.
2023ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Arartekoak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu dio «malgutu eta homogeneiza» ditzala presoek euren senideekin dituzten komunikazioak, adingabeak tartean daudenetan, «horien maiztasuna eta iraupena ahalik eta handiena izan dadin». Era berean, elkarbizitzarako komunikazioetan 13 urteko adin muga kentzearen eta 18 urtera artekoetara hedatzearen alde egin du.

Ohar batean, azaldu du «funtsezkoa» dela adingabeen eskubide eta interesak lehenestea, eta gehitu du espetxe administrazioak horiengan «esperientzia positiboak sustatzeko» betebeharra duela. Izan ere, agerikoa da espetxeak «harreman arruntei eusteko oztopo handiak» eragiten dituela, eta haurrengan ere eragin batzuk dituela: «Traumak, estigmak, antsietatea eta gurasoen zaintzaren galera, bai eta bestelako kalteak ere beren hazkuntza ibilbideko egoera materialean».

Hala, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetan aritzen diren hirugarren sektoreko erakundeekin bildu ostean, espediente bat irekitzea erabaki zuen arartekoak, presoen eta haien gertukoen arteko «ahozko komunikazioen egoera» aztertzeko, eta horiek nazioarteko estandarretara egokitzen ote diren zehazteko, «espetxeratuen eta haien seme-alaba adingabeen oinarrizko eskubideen ikuspegitik». Horretarako, Zaballako, Basauriko eta Martuteneko espetxeetako egoera ikuskatu dute, eta ondorioztatu dute «zailtasunak» daudela komunikazio horiek egiteko.

Arartekoak azaldu duenez, adingabeekiko komunikazioa gauzatzeko irizpideak ezberdinak dira hiru espetxeetan. Hala nola Arabako eta Bizkaiko espetxeetan, hilean elkarbizitzarako komunikazio bat izan dezakete presoek 13 urtetik beherako seme-alabekin. Eman dezaketen denbora tartea, baina, ez da berbera: bi ordukoa da Basaurin, eta hirukoa Zaballan. Gipuzkoan, berriz, hilean elkarbizitzarako bi komunikazio izan ditzakete, bi ordukoak. Horiek hala, arartekoak gomendatu du komunikazio mota hori areagotzea; batez ere, Basauriko espetxean.

Gainera, arartekoak uste du 18 urtetik beherako guztiek izan beharko luketela halako komunikazioak izateko aukera. Gaur egun, horiek gainerako senide edo hurbilekoen leku berean egin behar dituzte bisitak. Arabako espetxea da salbuespena, 13 eta 18 urte arteko seme-alabekiko ohiko komunikazioak elkarbizitza komunikazioetarako prestatutako guneetan egitea ahalbidetzen baitu.

Gune horiei dagokienez, arartekoak azaldu du egoki prestatuta daudela. Halere, Martuteneko espetxean ohiko komunikazioak egiteko kabinen baldintzak egokitzea gomendatu du. Arartekoaren esanetan, «eraikinaren azpiegitura eta antzinatasuna» direla medio, kabinak txikiak dira, eta ez dute lau lagun sartzeko adina espaziorik. Horrez gain, gaizki isolatuta daudela salatu du, eta «arazo akustikoak» eragiten dituztela. «Komunikazioa nekez gauzatzen da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.