Arartekoak estrategia integral bat eskatu du etorkin gazteentzat

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 900 bat gazte migratzailek ez dute familia erreferenterik. 18 urte beteta, kalean bizi dira gehienak

Eusko Legebiltzarreko Gizarte Politika eta Gazteria batzordea, atzo. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Gizonezkoa, magrebtarra, administrazio egoera irregularrean dagoena, bertan erroldatu gabekoa eta kalean bizi dena. Horixe da, hitz gutxitan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden familia erreferenterik gabeko gazte migratzaileen profila. Manuel Lezertua EAEko arartekoak haien egoeraren zertzelada batzuk eman zituen atzo Eusko Legebiltzarrean, Familia erreferenterik ez duten gazte migratzaileak Euskadin txostena aurkezteko agerraldian. Gehienak adingabe izanda iristen diren arren, 18 urte betetakoan ere babesa behar dutela aldarrikatu zuen, eta haientzako estrategia integral bat eskatu. Ez du uste gazte gehienak artatu gabe daudenik, baina gaitzetsi du «kopuru esanguratsuegi batek» ez duela gizarteratze prozesuetan parte hartzeko aukerarik.

Egun, txostenaren arabera, familia erreferentziarik gabe dauden 18 eta 23 urte arteko 844-897 gazte daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ez dute datu zehatzik, baina Bilboko Udalak emandako informaziotik atera dute haien argazkia: gehienak (%96,6) gizonak dira; marokoarrak (%84); lehen hezkuntzako ikasketak dituzte (%54,1); oso gutxik lortu dute unibertsitatera iristea (%1,2); %76,5 lanik gabe daude; %73,7k ez daukate euren diru sarrerarik; administrazio egoera irregularrean daude (%78,2); %55,7 ez daude bertan erroldatuta; %57,2k kalean egin zuten lo konfinamenduaren aurreko gauean, eta %42,8k aterpetxe, pentsio edo antzekoetan; erdiek baino gutxiagok (%47,4k) daukate osasun txartela edo familia mediku bat esleituta; eta %29,5ek diote euren bizitzako uneren batean aldundiaren tutoretzaren pean egon direla, eta ia erdiak egon dira adingabeentzako zentroren batean. Halere, ohartarazi dute datuok egoerarik«prekarioenean, ahulenean eta baztertuenean» egon daitezkeenenak direla.

18 urte bete arte eduki dezaketen babesa desagertu egiten da adin horretara iritsitakoan. Momentu horretara begira jarri da Lezertua, eta babesak jarraitutasuna izan behar duela azpimarratu du: «Diru asko inbertitu da babesten eta formakuntza bat ematen adingabeen zentroetan daudenean. Heldu bihurtzen direnean, hori guztia desagertu egiten da, eta aurrekoak ia ez dauka jarraikitasunik».

Txostenean azaldu dutenez, gazte migratzaileek ez dituzte betetzen diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzako gastuetarako laguntza osagarriak jasotzeko baldintzak, adinera iristen ez direlako eta ezin dutelako egiaztatu aldez aurretik erroldatuta egon direla. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Lan eta Enplegu Sailari, foru aldundiei eta udalei gomendatu diete erabil ditzatela gazte horien diru sarrerak bermatzeko tresnak, «oinarrizko beharrei eta gizarteratze eta laneratze prozesu pertsonalak eskatzen dituen gastuei» aurre egin diezaieten. EH Bilduko legebiltzarkide Eraitz Saez de Egilazi erantzunez, Lezertuak esan du diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko adina jaitsita edo «beste modu batera» egin daitekeela.

Estrategia integrala

Arartekoak hainbat gomendio egin dizkie erakundeei. Horien artean, azpimarratu du estrategia integral bat behar dela euskalgazteei emantzipazio prozesuetan laguntzeko politiken eta etorkinen integrazioaren arloko politiken barruan, eta hori garatzea eskatu dio Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari.

Etxebizitza eskubidean ere jarri dute fokua. Eusko Jaurlaritzari nahiz foru aldundiei gomendatu diete kontuan hartzeko eskubide hori. Horretarako, Etxebizitza Sailari aholkatu diote udalen, aldundien eta gizarte erakundeeneskura jarritako etxebizitza publikoen parkea handi dezala, «modu duinean» erantzuteko gazte horien etxebizitza premiari, «beharra eta egokitasuna justifikatu ondoren».

Gazte horien arazo ugarik egoera administratibo irregularrean egotean dute oinarria. Hori konpontze aldera, hainbat proposamen egin ditu arartekoaren txostenak. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailari gomendatu dio «beharrezko ahalegina» egin dezala administrazioko lan baimenaren eskumena lortzeko, eta Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzekin «koordinazio lerro egonkorra» ezartzeko, besteak beste, gazte horien dokumentazio prozesuan laguntzeko eta egoitza eta lan baimena lortzea errazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.