Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoak erakundeei eskatu die jarrai dezatela torturaren biktima guztiei laguntzeko «politikak egiten eta babesa erakusten, modu inklusiboan eta giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea errespetatuz, betiere indarrean mantenduz torturen biktimen eskubideen aitortza ezinbestekoa Euskadin». Horixe da, Manu Lezertua arartekoaren hitzetan, «bide bakarra hain egintza arbuiagarriak berriz ez gertatzeko».
Arartekoak adierazpen bat zabaldu du Torturaren Biktimei Laguntzeko Nazio Batuen Nazioarteko Egunaren harira. Nabarmendu du tortura «gizon-emakumeen kontrako krimena» dela, «preskribaezina», eta Arartekoak «mandatu proaktiboa» eduki behar duela «giza eskubideak sustatzen eta babesten». Mandatu horren arabera, berari dagokio, «esku hartzeko duen eremuan, giza eskubideetan oinarritutako kultura zabaltzea, tortura bezalako delitu larriak betikotu ez daitezen; horiek ahaztea eta zigorrik gabe geratzea eragoztea; egiarako, justiziarako eta biktimen erreparaziorako eskubidea gauzatu dadin erraztea».
Zeregin horretan, Lezertua buru duen erakundeak gogora ekarri du Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentzia: alegia, tortura «zehatz-mehatz» ikertu behar dela, eta, beraz, arlo horretan «ikerketa oztopatzeko edo informazioa ezkutatzeko edozein egintzak» urratu egiten duela nazioarteko araudia. Arartekoak berariaz oroitu ditu Estrasburgok Espainiari jarritako zigorrak.
«Nazioarteko zuzenbideak torturaren biktimaren benetako erreparazioa bultzatzen du, lehengoratzea, kalte ordaina ematea, birgaitzea, gogobetetzea eta berriro ez gertatzeko bermeak ematea barne direla», erantsi duenez: «Horrela, bateraezinak dira tortura goretsi edo justifikatzea eta hain egintza gaitzesgarriak ez errepikatzeko bermea. Are gehiago indultuak, ohore publikoak edo sustapen profesionalak ematea modu frogagarrian torturatzat jotako ekintzengatik kondenatuak izan direnei edo halako egoeretan nahastuta agertzen direnei».Lezertuaren iritziz, gizarteak «zigorgabetasun pertzepzioa izateak edo gizon-emakumeen kontzientziari nazka ematen dioten krimenak zuritzeak barrua jaten diete zuzenbideko estatu demokratikoaren oinarriei».
Bestalde, goretsi du EAEko botere publikoek «urrats egokiak» egin dituztela torturaren biktimei aitortza eta erreparazioa egiteko, eta testuinguru horretan aipatu du 1960tik 2014ra Euskal Herrian gertatutako tortura kasuen ikerketa proiektuaren amaierako txosten dokumentua.
EH Bilduk ere gogoan izan du eguna, eta babesa eskatu du «Euskal Herrian torturatutako guztientzat. Aitortzan lehenengo urratsak bai, baina justizia eta ez errepikatzeko bermeak atzean geratu dira».