Arartekoak esan du Hondarribiko alardeari ere harrera egingo diola

Alkateak herritarrak alardearen inguruan «batzeko apustua» egin nahi duela uste du Lezertuak

Manuel Lezertua EAEko arartekoa, Jaizkibel konpainiari harrera egiten, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
2023ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Gaur alarde eguna da Hondarribian (Gipuzkoa): berriz izango da desfile nagusia baztertzailea, andreak onartzen ez dituena, eta berriz egingo du alarde parekide baten aldeko hautua Jaizkibel konpainiak. Komunikatu bat atera zuen atzo EAEko Arartekoak, gaur nola jokatuko duen esateko. Badira berritasunak. Izan ere, ohi duenez, Jaizkibel konpainiari txalo egitera joango da. Baina alarde baztertzaileari ere egingo dio oles. Lehen aldiz.

Aurten, lehenengoz arituko da herriko alkatea Jaizkibeli txalo egiten, esana baitu Hondarribiko alkate izendatu berriak, Igor Enparanek, harrera egingo diola konpainia parekideari. Guztiz berria da hori, alardeen auzia hasi zenetik jeltzaleena izan baita beti alkatetza Hondarribian, eta inoiz ez baitute halako urratsik egin hautu parekideari atxikimendua erakusteko. Abotsanitz plataformarena da orain alkatetza. Eta alkatearen proposamena da udalbatza osoak eta beste hainbat agintarik bi desfileei egitea harrera: Jaizkibeli eta alarde baztertzaileari. Eske horri baietza eman dio, adibidez, Eider Mendoza diputatu nagusiak, eta gainerakoan adostasuna ez da erabatekoa. Hondarribiko EH Bilduk, esaterako, esan du ez diola harrerarik egingo alarde baztertzaileari; Hondarribiko EAJk Jaizkibeli ukatuko dio olesa. Baina Manuel Lezertua arartekoak bat egin du alkatearen deiarekin. Lehen aldiz, harrera egingo dio alardeari ere.

«Arartekoa alardean izango da udal agintari gorenaren ekimena babesten duela adierazteko», esan du. «Hondarribiko herritarrak alardearen inguruan batzeko apustua» ikusten du proposamen horren muinean, eta egokia dela uste du. «Arartekoak horren aldeko apustua egin du, aribidean diren ahaleginak eta kudeaketak laguntzeko, hau da, emakumeek festaren ekitaldi nagusian parte hartzeko aldarrikapenaren inguruan Hondarribian gertatzen ari den blokeo historikoari amaiera emateko, elkarrizketa aktibo baten bidez beste modu batzuk aztertuko dituen etapa berri bat irekitzen laguntzeko».

Txalotu egin du alkatearen jarrera, eta «ausarta» dela esan du. «Urteetan sortutako pitzadurak gainditzeko ahalegin zintzo eta berritzailea da, Hondarribiko herri osoa bildu dadin, emakumeek alardearen ospakizunean bete-betean parte hartzeko duten aldarrikapen justu eta legitimo baten alde».

Jakina da gaur alardean izango direla Jaizkibel konpainiaren aldeko keinu ugari, eta inoiz baino esanguratsuagoak izango direla horiek, baina konpainiako kideek kezka azaldu dute hainbat erakundek bi desfileei egingo dietelako harrera. «Alarde baztertzaileari ere harrera egingo diote, eta, guretzat, hori atzerapauso handia da», salatu du konpainiako kapitain Nora Ferreirak.

Emakunde, Jaizkibelekin

Emakundek adierazi du Miren Elgarresta zuzendaria eta Josune Irabien idazkari nagusia Hondarribian egongo direla gaur, Jaizkibel konpainiari eta emakumeek jaietan berdintasunean parte hartzeko aldarriari «babesa» emateko. Emakundek beti egin dio harrera Jaizkibeli; ez dio inoiz txalo egin alarde baztertzaileari.

Ohar baten bidez, erakundeak nabarmendu du «positiboa» dela Hondarribiko udal gobernuak lehen aldiz Jaizkibeli harrera egitea. Emakundeko zuzendariaren ustez, «agertoki berri bat irekitzen ari da», eta espero du «keinu berritzaile hori Hondarribiko jaietan emakumeek berdintasunez parte hartzea bermatzeko urratsak egiten jarraitzeko motor bihurtzea».

Garrantzia eman die Elgarrestak «urte gehiegi geldirik daraman gatazka desblokeatzeko» egindako keinuei, eta nabarmendu du festa parekideen aldeko eskariak «indar handiz» ugaritzen ari direla gizartean: «Tradizioek, gizarte kohesiorako elementu bat izanik, garai berrietara egokitu behar dute, kohesio hori sustatzen jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.