AIREAREN KALITATEA

Arartekoak ere airearen kalitatea hobetzeko plana eskatu dio Eusko Jaurlaritzari

Ekologistak Martxan-ek egindako eskariaren alde egin du herriaren defendatzaileak. Hainbat lekutan legezko ozono mailak gainditu direla salatu dute ekologistek.

Trafikoa da aire kutsaduraren eragileetako bat. ADONI CANELLADA, FOKU
N-1 errepidea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko ekainaren 17a
19:00
Entzun

Arartekoak, EAEko herriaren defendatzaileak, bat egin du Ekologistak Martxan-ek Eusko Jaurlaritzari egindako eskariarekin; legearen araberako ozono troposferikoaren gehienezko mailak hainbat lekutan gainditu direnez, airearen kalitatea hobetzeko planak egiteko eskatu diote gobernuari. Ekologistek salatu dute Eusko Jaurlaritzak «hamarkada batez» urratu dituela ingurumen legeak, eta Lakuaren «gelditasuna onartezina» dela nabarmendu dute.

Hala azaldu du Arartekoak: «Azaldutakoaren arabera, esanbidez eta arrazoituta erantzun diezaiola erreklamazioa aurkeztu duen elkarteak egindako eskaerari. Eskaera horren bidez, lehenbailehen ekin nahi zaio ozonoaren helburu balioak gainditzeak eragindako eremuan airearen kalitatea hobetzeko plan bat egiteari eta onartzeari, Airearen kalitateari eta atmosfera babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 16.2.a) artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz».

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak araudia betetzea espero du talde ekologistak. Adierazi dutenaren arabera, hiru aldiz eskatu du Ekologistak Martxan-ek airearen kalitatea hobetzeko planak egiteko, aurten azkenengoz, baina ez dute erantzun «positiborik» jaso.

Ozonoaren maila murrizteko plan horiek garrantzitsuak direla nabarmendu du Ekologistak Martxan-ek: «Ozono troposferikoak (ozono txarra deritzonak) eragindako kutsadurak 17.000 heriotza goiztiar eragiten baititu urtero Europar Batasunean. Laboreen bi herenek eta gure baso eta naturgune gehienek ozono maila handiak jasaten dituzte, landaredia hondatzen dutenak».

Ekologisten arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ozono troposferikoaren mailak neurtzen dituzten neurgailuen erdiek Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako mailak gainditu zituzten. Erregistrorik txarrenak Valderejon (Araba), Jaizkibelen (Gipuzkoa), Eltziegon (Araba) eta Urkiolan (Bizkaia) atzeman dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.