COVID-19aren izurriak eta salbuespen egoeraren kudeaketak sektore askori eragin die azken urtebete luzean. Salbuespen neurriak, zenbait sektoreren itxiera eta Poliziaren jokabidea salatu dituzte herritar askok, eta kexa horiei erantzuteaz arduratu dira Nafarroako Arartekoaren bulegoan. Atzo, Javier Eneriz arartekoak 2020. urteko txostena aurkeztu zuen Nafarroako Parlamentuan.
«Pandemiak baldintzatu egin ditu bai gure lan urtea, baita jasotako kexak ere», esan zuen. Zehazki, 3.416 ekinbide tramitatu zituzten Arartekoaren bulegoan iaz: herritarrek aurkeztutako 1.416 kexa, 1.740 kontsulta eta bederatzi proposamen; ofizioz abiaturiko 17 jardunbide; eta tokiko administrazioek eskatutako bi txosten.
Kexen atalean, «izurriari lotutakoak» izan ziren ugarienak, Enerizen esanetan. Zahar etxeen kudeaketa izan zen kritika askoren jomuga: «Batez ere, senideen bisitak bertan behera geratu zirenean». Horiekin batera, Arartekoak iaz jasotako dozenaka salaketaren oinarrian daude administrazioaren neurri murriztaileek eragindako kalteak desgaitasun bat dutenek pairatutakoak, bereziki, kontsumitzaileen eskubideak, joan-etorriei ezarritako trabak eta etxe barruko bileren debekua.
Polizia eta Osasunbidea
Bestalde, Enerizek esan du Poliziaren jokabideak ere kexa ugari eragin dituela, «alarma egoera zaintzeko ekintzengatik». Azkenik, Arartekoaren bulegoan jasotako zenbait salaketak«lotura dute osasun zentroekin harremanetan jartzeko zailtasunekin, maskara jantzita eramateko betebeharrarekin, aisiaren eta kirolaren esparruetako murrizketekin eta ikasturte hasierako segurtasun neurriekin». Kexa horien ondorioz, Arartekoak 866 ikerketa abiatu zituen, eta 325 ebazpen argitaratu.
Arartekoak ehunka kexa jaso ditu izurriaren kudeaketagatik
Javier Enerizek 2020ko txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Poliziaren jarduna eta zahar etxeen kudeaketa salatu dituzte askok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu