Arartekoak dio «albo batera» utzita daukala euskara UPNk

Atzerriko hizkuntzak sustatu eta bertakoak «ahaztea» ez du begi onez hartu Nafarroako Arartekoak; UPNren kudeaketa kritikatu duIritzi politikoetatik harago hizkuntza orok errespetua eta babesa jaso behar duela dio

Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko, protesta jendetsua egin zuten martxoan, Iruñean. OIARTSO LOS ARCOS / ARP.
Oihan Vitoria.
2014ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Atzerriko hizkuntzak bultzatzea eta bertakoak «ahaztea». Hori leporatu dio Javier Eneriz Nafarroako arartekoak UPN buru duen gobernuari. Haren arabera, administrazioek ezin dute atzerriko hizkuntza bat sustatzeko bitartekoak jarri eta, era berean, hizkuntza propio bat «albo batean laga». Arartekoak gogorarazi du Espainiako Konstituzioan jasota daudela estatuko hizkuntzak; tartean da euskara ere. Modu horretan, hizkuntza guztien errespetua eta babes «berezia» bermatu beharko litzatekeela deritzo Enerizek, iritzi politikoetatik harago: «Lan batean kanpoko hizkuntza bat baloratzen denean, euskarak maila berean egon behar du, gutxienez. Edo biak, edo bat ere ez. Ezin daitekeena inola ere egin da atzerrikoari garrantzia eman eta Nafarroakoari, aldiz, ez».

Enerizen esanetan, UPNren hizkuntz politikaren aurkako kritika «ez da planteamendu politiko bat». Jakinarazi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ere ohartarazia duela horri buruz.

Arartekoak Nafarroako Parlamentuan egin zuen atzo agerraldia, herritar baten kexuari erantzuteko. Salatu zuen Nafarroako Ogasuneko lanpostu deialdi batean ingelesa jakiteari balioa eman zitzaiola, eta euskarari, ostera, ez. Beste hainbat sailetako hizkuntz eskakizunak ere ildo beretik doaz: gehienetan, atzerriko hizkuntzek lehentasuna dute euskararekiko. Horren haritik, Enerizek oroitarazi du Nafarroako herritarren %10ek daukatela euskara hizkuntza ofizialtzat. Herrialdeko biztanleen %55entzat, berriz, bigarren hizkuntza da.

Gomendioak berdintasun eske

Turismoaren gisako alor jakin batzuetan, esate baterako, ingelesa exijitzea «erabat zilegi» dela uste du Nafarroako Arartekoak. «Baina, oro har, ezin da atzerriko hizkuntza baten alde egin eta kultur ondarea eta aberastasuna dakarren hizkuntza baztertu».

Ikusi dituen egoera «gorabeheratsu» horiekin guztiekin gomendio sorta bat osatu du, eta Yolanda Barcina buru duen gobernuari igorri dio. Hizkuntzen arteko oreka mantentzea eta berdintasuna bermatzea galdegin dio. Erantzuna jasotzeko esperoan da arartekoa; gehienez ere bi hilabeteko epean egin beharko du publiko UPNk gaiaren inguruko iritzia.

Enerizek jakin badaki eginiko gomendioak ez direla «aski» gobernuaren erabakiak bertan behera uzteko. «Arartekoa ez da auzitegi bat». Nolanahi ere, irizpide «aproposak» zehazteko baliagarriak izan ohi direla gaineratu du. UPNk gomendioei muzin egiteko joera «maizegi» hartzen duela gaitzetsi du Enerizek, «arrazoizkoak eta logikoak» direla onartu arren.

Adierazpenon karietara, UPNk erantzun du herritar ororen eskubideak aintzat hartu behar direla, «ez soilik euskal hiztunenak». Bilduren aburuz, argi geratu da UPN «oker» jokatzen ari dela, eta gomendioak bete ditzala exijitu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.