Aranzadik topatutako dokumentu baten arabera, baliteke Larraulen gudari baten gorpua egotea

Jose Joakin Egaña Uria 1936ko gerran aritu zen faxisten kontra.

Larraulgo San Esteban eliza, 1942an. Hilerria gaur egun plaza dagoen tokian zegoen. INDALECIO OJANGUREN / GURE GIPUZKOA
Larraulgo San Esteban eliza, 1942an. Hilerria gaur egun plaza dagoen tokian zegoen. INDALECIO OJANGUREN / GURE GIPUZKOA
Isabel Jaurena.
2024ko uztailaren 12a
18:10
Entzun

Jose Joakin Egaña Uria 1936ko gerran hil zen, eta, Tolosaldeko Ataria-k argitaratu duenez, baliteke haren gorpua Larraulgo (Gipuzkoa) plazan lurperatuta egotea. Aranzadi zientzia elkarteak jakinarazi du hori Azkoitiko (Gipuzkoa) artxiboan topatu dituen dokumentu batzuetan oinarrituta. Izan ere, 1937ko otsailaren 9ko dokumentu bat aurkitu dute, Juan Narbarte herriko parrokoak, Pedro Usandizaga alkateak eta Jose Sorozabal herriko epaileak sinatua; bertan ziurtatzen dute Egaña herriko hilerrian lurperatu dutela —hilerria gaur egun plaza dagoen tokian zegoen—. Horrez gain, dokumentuan diote gaztea herriko lurretan hil zela 1936ko irailaren 1ean, zaurien ondorioz. Egaña Azkoitikoa (Gipuzkoa) zen, EAJkoa; faxisten kontra aritu ziren gudarietako bat izan zen.

Orain arte ez zekiten Egaña non egon zitekeen, bertze ikerketa lerro bati jarraituta aritu direlako lanean. Izan ere, 1936ko irailaren 5ean Euzkadi egunkarian argitaratu zuten mendigoizale «adoretsua» Andazarretako frontean hil zela, irailaren 2an. Informazio hori aintzat hartu eta beste batekin lotua zuten: Joseba Elosegik argitaratutako memoria liburuan ageri da Santamañako kaskoan eraso zietela, eta irailaren 2an gudarietako bat hil egin zutela. Ikerlariek uste zuten gudari hura Egaña zela, orain arte.

Kandido Saseta milizien komandanteburuak adierazi zuenez, Egañak eta bertze gudari batzuek defentsa sistema bat osatu zuten Belkoaindik Andazarratera. Sistema hori ikertzen ibili da Aranzadi azkeneko hamar urteotan. Indusketak egiteaz gain, artxiboak ere aztertu dituzte, eta liburuak argitaratu. Sistema horren iparraldean egin dute ikerketa, baina Egañaren gorpua non dagoen aurkitzea falta zaie ikerlana borobiltzeko. Izan ere, Ataria-k azaldu duenez, hegoaldeko partearen ikerketari ekin aurretik, Egañaren «memoria berreskuratu» nahi dute.

Ataria-k azaldu duenez, zenbait gorpuzki topatu dituzte ikerketa horretan. Adibidez, Jose Arana Irastorzarena: 1936ko irailaren 17an hil zuten, eta haren gorpuzkiak ezkutuan eraman zituzten Arrasatera (Gipuzkoa). Senideek, ordea, klandestinoki Donostiako Polloeko hilerrira eraman zuten handik 25 urtera. 2018an egin zioten omenaldia, Aranzadik antolatuta eta Asteasu, Aduna eta Zizurkilgo (Gipuzkoa) udalen babesarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.